Denboraldiko une erabakigarria

Gaur irabaziz gero, arnasa hartuko du Osasunak, baina galduz gero, sufritzen jarraitu beharko du

2008ko martxoaren 16a
00:00
Entzun
Gaur irabaziz gero, arnasa hartuko du Osasunak, baina galduz gero, sufritzen jarraitu beharko du
asier legarda-ereño

Iruñea

Iritsi da denboraldiko une erabakigarria. Sailkapeneko postu eskasenetan dauden taldeek ez dute jada kale egiten jarraitzeko tarterik. Hurrengo hilabetean kale egiten duenak Bigarren Mailan amaitu dezake. Eta Osasunak azken partidetan arnas apur bat hartu badu ere, gorritxoak ezin dira oraindik lasaitu. Gaur, esaterako, berebiziko garrantzia duen partida jokatuko dute Jose Angel Zigandaren mutilek Valladoliden. Jose Luis Mendilibarren taldea gainbehera doa, eta Osasuna behetik gorantz doala dirudi azken emaitzak ikusita.

Baina gaur arratsaldeko partidak bi taldeen joerak alda ditzake, eta jokoan hiru puntu baino zerbait gehiago izango dela esatea ez da aldrebeskeria. Alde batetik, lehen itzulian Nafarroako Erresuman bi taldeen arteko partida binako berdinketarekin amaitu zenez, gaur erabakiko delako bien arteko partidetan nork duen gol alde hobea. Horrek argi uzten du hiru puntu baino gehiago, lau puntu izango direla jokoan. Eta, bestalde, gaur arratsaldeko emaitzak psikologikoki bi taldeengan izan dezakeen eragina aintzat hartu beharrekoa da. Horregatik ere esan daiteke puntuak baino zerbait gehiago dauzkatela gaur jokoan Osasunak eta Valladolidek.



JOANEKO PARTIDA GOGOAN. «Bi partida segidan irabazteko garaia da. Ezin dugu punturik galdu, eta are gutxiago aurkari zuzen baten aurka. Etxetik kanpo indar apur bat falta izan zaigu, baina azken irteeran sendo agertu ginen Vila-realen, eta bide beretik jarraitu behar dugu Valladoliden, hiru puntu baino zerbait gehiago izango baitira jokoan», esan zuen Cesar Azpilikuetak herenegun, esaterako. Jokalariek badakite berebiziko garrantzia duela gaur arratsaldeko lehiak. «Irabaztera joan behar dugu Valladolidera, nahiz eta badakigun erronka zaila izango dela. Lehen itzulian gu baino hobeto aritu ziren», gogoratu zuen gero Azpilikuetak badaezpada ere.

Eta eskuin hegaleko atzelariak badaki zer esaten duen: 2-2 amaitu zen lehen itzulian Osasunak eta Valladolidek Nafarroako Erresuman jokatu zuten lehia, baina Mendilibarren taldeak goitik behera menderatu zuen Zigandarena, eta markagailuan 0-2 aurreratu ziren, gainera. Bigarren zatian zelairatu ziren bi jokalarik bideratu zuten galtzeko zorian izan partida berdintzeko aukera, Velak eta Dadyk.

Osasunako jokalariek ez dute ahaztu Valladolidek Iruñean eskaini zuen erakustaldia: «Lehen itzulian dantzan ibili gintuzten baloiaren atzetik, eta argi dago guretzat ez dela neurketa erraza izango. Halere, irabaztea oso garrantzitsua izango litzateke, arrazoi ezberdinengatik: aurkari zuzenak garelako, batetik, behingoz segidan bi partida irabaziko genituzkeelako, bestetik, eta irabaziz gero salbazioa oso gertu edukiko dugulako, azkenik», adierazi du aste honetan Miguel Flañok.

Eta denboraldiko une erabakigarrian daudela baieztatzeko, gorritxoek izango dituzten partiden garrantzia ere gogoratu zuen Flañok: «Hurrengo lau partidak denboraldiko garrantzitsuenak dira guretzat. Hurrengo hilabetean aurkari zuzenen kontra soilik ariko gara, eta hor dago denboraldiaren gakoa, guk puntuak batuz gero aurkari zuzenek punturik ez baitute batuko». Hurrenez hurren, Valladolid, Betis, Getafe eta Recreativo izango dira nafarren hurrengo aurkariak. Valladolid eta Getafe kanpoan, eta Betis eta Recreativo etxean. Hor dago gakoa. Une erabakigarria iritsi da.

Eta etxetik kanpoko bolada txarra amaitzen ahalegintzeko Jose Angel Zigandak aldaketa bat baino gehiago egingo du gaur hasierako hamaikakoan. Aldaketa bat derrigorrez egin beharrekoa da, Patxi Puñal txartel pilaketaren ondorioz zigortuta denez, bere tokian Martin Astudillo argentinarra jarriko du Zigandak. Atzealdean Cesar Azpilikueta taldera itzuliko dela ere gauza segurua da. Almeriaren aurkako partidan partida bateko zigorra bete ostean, taldeko jokalaririk gazteena hasieratik ariko da berriz eskuin hegalean, Javier Flañoren kaltean.

Hargatik, hirugarren aldaketa bat ere egon daiteke gaur, eta hirugarren aldaketa horrek joko-sistema aldaketa ere eragingo luke, 4-2-3-1ekotik 4-4-2kora igaroz. Aurrelari peto bakarraren atzetik Plasil aritu izan da erdi-punta lanak eginez azken boladan (Margairazek ere egin zuen lan hori aurrez), baina Valladolidek egin ohi duen presioaren eraginez aurkariek baloi luzeekin jokatzen amaitu ohi dutenez, Zigandak bi aurrelari peto jar ditzake hasieratik. Inoiz ez dute partida bakar bat ere batera hasi, baina Valladoliden Dady eta Kike Sola elkarren ondoan aritu daitezke Osasunaren erasoan.

Valladolid gainbehera doa sailkapenean, eta Osasuna behetik gora, baina Zigandak ukatu egin du Valladolidek gaur arratsaldeko lehian gorritxoek baino presio gehiago izango duenik: «Egia da azken boladan lehen itzulian bezalako emaitzak ez dituela lortu Valladolidek, eta orduan bezain partida ikusgarriak ere ez da ari jokatzen aspaldian, baina, galtzen baldin badugu, sailkapenean aurrea hartuko digute, eta, ondorioz, bi taldeok dugu presioa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.