Denetarik ondoko baratzean

Athletic txapeldun izan zenetik, beti egon da Realean hazitako jokalari bat gutxienez talde zuri-gorrianBeharrak bultzatuta, gero eta sarriago jo du Athleticek beste euskal taldeetara jokalari bila

haritz gallastegi
Bilbo
2012ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Ikusmina sortu du aurten ere Reala eta Athleticen arteko derbiak. Denboraldiko lehena izango da. Askorentzat, euskal kirolak duen derbi nagusia da. Horregatik, bi talde horien artean gertatzen diren gauza guztiek zeresan handia ematen dute. Beste gauza guztien gainetik, jokalarien fitxaketak izaten dira eztabaida eta haserre iturri. A-8 autobidean zehar egoten den futbolari trafikoak sekulako sua piztu du sarri.

Gehienetan, Donostiatik Bilborako bidea hartzen dute futbolariek, Athletic baita bi taldeen artean gaitasun ekonomiko handiena duena. Diruak ematen duen indarra du alde talde zuri-gorriak gainerako euskal taldeekiko, eta era berean, bere buruari jarritako mugak ere behartu egiten du esku artean duen dirua urruti joan gabe gastatzera. Horregatik, ahal duen guztietan gainerako euskal taldeetako jokalaririk interesgarrienak fitxatzen ahalegintzen da. Horrek min ematen die gainerako taldeei. Logikoa da, inork ez baitu gura izaten berea dena ingurukoek eramatea. Beraz, lehoiak bere hatzaparrak sartu eta inguruko baratzeetatik gustuko duen zerbait eramaten duenean, polemika sortzen da. Hori bai, ez da ezer gertatzen talde horiek bestela inolaz ere eskuratuko ez lituzketen diru kopuruak jasotzen dituztenean. Orduan, batez ere talde horietako agintariak, isilik geratzen dira.

Kontua da Athleticek filosofiaz aldatzen ez duen bitartean Realak, Osasunak, Alavesek eta Eibarrek argi gorria piztuta egon beharko dutela. Athleticek mugimendu asko egiten ditu urtero. Batzuk onak izaten dira, baina okerrak beste asko, baratze txikia eta mugatua izatearen ondorioz.

Gaur-gaurkoz, Nafarroakoa da Athletici gehien ematen dion lurra. Handik ari da ateratzen uztarik onena. Osasunatik zuzenean edo Nafarroako gainerako taldeetatik gazte fitxatutako futbolariek talde zuri-gorriaren zutabe nagusietako bat osatzen dute. Gipuzkoarrek osaturiko kuadrilla ere ez da makala, baina egun Athleticeko lehen taldean ari direnetatik bakar bat da Zubietako haztegian ikasitakoa: Xabi Castillo durangarra —Iban Zubiaurre utzita dago Salamancan—. Gainerako laurak gazte joan ziren Lezamara: Andoni Iraola, Markel Susaeta, Iñigo Ruiz de Galarreta eta Aritz Aduriz. Baina ez da beti hala izan. Eta, era berean, askotan fitxaketa horiek ez dute lortu berez zuten helburua: lehen taldearen maila hobetzea, alegia.

1. Lorenengatiklehen tirabirak

Lorenzo Juarros Loren, hots, egun Zubietako harribitxiak konbentzitzeko ardura duen futbolari ohiak sortu zuen polemika nagusietako bat. Loren indar handiz agertu zen. Golak sartzeko erraztasuna duten futbolariak dira aurkitzen gaitzenak, eta Lorenek gol sena zeukala zirudien. Athleticek orduko 300 milioi pezeta —bi milioi eskas euro— ordaindu zizkion Realari, baina apustua ez zitzaion ondo atera. Lorenek ez zuen eman espero zena. Ondorioz, hasieran amorrua zena txantxa iturri bihurtu zen Realeko zaleen artean. Athleticeko jarraitzaileek, berriz, justu kontrako sentipenak izan zituzten. Futboleko kontuak. Esan bezala, Loren izan zen bi taldeak txapeldun izan ondoren zuzenean egindako lehen fitxaketa. Ordurako, Realean hazitako Biurrun eta Uralde ere arituak ziren Athleticen, baina bata zein bestea beste talde batetik fitxatuak izan ziren.

2. Etxeberria,apustua eta arrakasta

Lorenek zabaldu zuen atea, eta atzelari gisa amaitu zuen aurrelariak hartutako bide beretsuari jarraitu zioten hurrengo denboraldietan David Billabonak, Bittor Alkizak, Joseba Etxeberriak eta Andoni Imazek. Hiru erdilari eta aurrelari bat. Erdilariak, onak; Realean joko ona erakutsitakoak. Bada, hiruretatik Alkizak eman zuen teknikari zuri-gorriek espero zuten maila. Bederatzi denboraldian, lan bikaina egin zuen John Toshackek alboratutako futbolariak. Euskarri postuan erreferentzia izan zen. Zaleek asko maitatu zuten. Billabonak eta Imazek, berriz, ez zuten izan arrakastarik. Billabonak sekula ez zuen harreman onik izan Athleticekin. Imazek, berriz, ondo hasi zuen ibilbidea, baina, apurka-apurka, pisua galdu zuen taldean. Belauneko lesio larri batek ere ez zion asko lagundu. Hala ere, duda barik, Etxeberriak izan du arrakastarik handiena Realetik fitxatutako jokalarien artean. Lehen egunetik egin zuen bat aldagelarekin zein harmailarekin. Goi mailako jokalaria izateaz gain, Lezaman hazitako futbolari askok baino hobeto ulertu zuen zer den Athletic. Elgoibarko oilarra erreferentzia da gazteentzat. Ikurra. Athleticen historia modernoaren zati garrantzitsua. Lehoia.

3. Denetarikazken sasoietan

1980ko eta 1990eko hamarkadetan, Realeko jokalaririk onenak fitxatzen ahalegintzen zen Athletic. Baina hurrengo urteotan aldatu egin ziren gauzak: klubak egindako fitxaketa batzuetan, dudan jarri zen fitxatutako jokalariak gai izango ote ziren etxean zegoena hobetzeko. Horrek arrisku handiak ekarri ditu, eta gehienetan ez du emaitza ona izan. Igor Gabilondok eman du gehien, agian, maila ertain horretako fitxaketen artean. Ezker hegaleko jokalaria baliotsua izan da. Arrazoi ugari tarteko, gainerako fitxaketek ez dute ekarpen handirik egin, Iban Zubiaurre, Iñigo Diaz de Zerio, Mikel Balenziaga eta Castillok, besteak beste. Zubiaurre eta Diaz de Zerio Athleticetik at daude. Zumarragako ezker hegal gaztea hazten ari da Valladoliden, eta oraindik ez ditu ate guztiak itxiak —Athleticek berreskura dezake sasoi amaieran—. Castillok, berriz, aprobetxatu beharra du eman dioten azken aukera.

4. Egungo Zubietakoharribitxiak, iritsezinak

Azken hamarkadan, ez du Realak non aukeratu handirik eman. Baina gauzak aldatu egin dira azken urte bietan, ilusioa sortu duen belaunaldi berri bat agertu baita Zubietan: Asier Illarramendi, Iñigo Martinez, Ruben Pardo, Antoine Griezmann eta enparauak erakusten ari dira orain ona eta etorkizun bikaina dutela. Zorionekoa Reala. Athleticentzat, berriz, fitxatu ezinak dirudite. Etete klausula handiak dituzte denek. Beraz, ez dirudi hurrengo denboraldietan mugimendu handirik egongo denik A-8an.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.