Denok eman behar dugu zerbait, gutxi batzuk dena eman ez dezaten. Lelo hori aintzat hartuta egin zuten prentsaurrekoa atzo futbol munduarekin harreman estua duten hainbat pertsona historikok, Donostiako Anoeta hotelean. Jokalariek orain egun batzuk aldarrikatu zuten gauza bera adierazi nahi izan zuten, euskal selekzioak ofiziala izateko eskubide osoa daukala, alegia. Eta bide horretan, erabateko babesa eman zieten jokalariei, urratsak bakarrik ez dituztela emango nabarmenduz.
Mahaiaren bueltan sei historiko bildu ziren: Iñaki Alkiza Realeko jokalari eta presidente ohia, Iñaki Sarriegi Realeko ordezkari ohia,Jose Luis Artetxe Athleticeko jokalari ohia, Txabi Gauna Amurrioko presidentea, eta Ramon Aznar eta Juan Mari Lasa Realeko jokalari ohiak. Jose Mari Arrate Athleticeko presidente ohia ere azaltzekoa zen, baina azken unean ezin izan zuen, Inaxio Kortabarria Realeko jokalari ohiaren moduan.
Askok urteak zeramatzaten elkar ikusi gabe, eta aspaldiko kontuak gogoratzeko ere baliatu zuten prentsaurrekoa. Baina hori bai, euskal selekzioari buruz hizketan hasi zirenean, egunero elkartzen direla zirudien, bat eginda aritu baitziren guztiak. Barru-barrutik eskatu zuten ofizialtasuna, eta jokalarien jarrera goraipatu zuten ezeren gainetik. Euren garaian kontuak «oso zail» zeudela gogorarazi zuen Artetxek, baina horrek ez duela esan nahi orain geldi egoteko daudenik. Aitzitik, ahal duten guztia egingo omen dute.
Alkizak motz baina argi adierazi zituen gauzak. Batetik, ofizialtasuna lortzeko «guztien beharra» izango dela gogorarazi zuen: «Horrelako gauzak ez dira errazak izaten, eta beraz, denon inplikazioa behar dugu. Inor ez dago soberan». Edonorentzako ateak irekita daudela nabarmendu nahi izan zuen behin eta berriz. Eta bestetik, berriz, arazoen aurrean jokalariek hartutako erabakia goraipatu zuen: «Zuzen eta ausart jokatu dute euskal selekzioko jokalariek. Bi urte itzalpean egon ondoren, bazen garaia momentu hau iristeko. Eta jokalariengatik izan ez balitz, ez zen lortuko. Beraz, zorionak».
Euskadiko Futbol Federazioarekin akordiorik lortu ez eta, azaroaren 23an, jokalariek euren borondatez erabaki zuten partida jokatzea. Euren adierazpenean zera azpimarratzen zuten, federazioaren jokabidea «etsigarria» izanagatik «aurrera egitea» erabaki zutela, hilaren 28an jokatuko den partida «aro berri baten hasiera» izan dadin. Federazioak dituen helburuekin ez zetozen bat jokalarien asmoak: «Euskadiko FutbolFederazioak ez dauka ofizialtasunaren bidean pausoak emateko batere borondaterik. Partidak etekin ekonomikoa ateratzeko helburu soilarekin antolatu nahi dituzte, horixe dute kezka bakarra. Eta noski, gu ez gaude ados». Aurtengorako balioko duela esan zuten jokalariek, baina aurrera begira «beste bide batzuk» landu beharko direla.
Anoeta hotelean elkartutako sei historikoek ez zuten Federazioaren jarrera kritikatu. Sarriegik, gainera, bertako intsignia bat eraman zuen soinean jantzita: «Guk federazioaren kontra ez daukagu ezertxo ere. Gure nahia errespeta dezan besterik ez dugu eskatzen». Gauna bera ere Federazioko lankide izana da. Alkizak, baina, zerbait gehiago erantsi nahi izan zuen: «Ofizialtasunerako bidea lortzen ez daukagu lan erraza, jakinaren gainean gaude, baina nahi ez duenak ere ez du samur izango gu geratzen». Artetxek, berriz, «norberak nahi duen eta sentitzen duen selekzioarekin jokatzeko eskubidea» daukala esan zuen.
Hainbaten atxikimendua
Hilaren 29an San Mamesen jokatuko den Euskal Selekzioa-Venezuela partida dela eta, ESAITek egun osoko egitaraua prestatu du Bilbon. Horren harira, agerraldia eskaini zuen herenegun Oiartzualdean. Hainbat kirolari ezagun elkartu ziren bertan: Mikel Astarloza txirrindularia, Mikel Odriozola atleta, Garbiñe Etxeberria Realeko emakumezkoen taldeko entrenatzailea, Juan Mari Etxabe arraunlaria eta Reyes Carrere Bera Berako entrenatzailea, besteak beste, eta egitarau horri babesa emateaz gain, euskal selekzioko jokalariei ere atxikimendua eman nahi izan zien.
Denon artean, errazagoa da
Jokalariei babesa adierazi, eta euskal selekzioaren ofizialtasunaren alde agertu dira futbol munduko hainbat pertsonaJokalariek erabaki «zuzena eta ausarta» hartu izana goraipatu dute adierazpen batean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu