Astearteko gertaerak oraindik denen buruan direla, Top 14aren martxari ekingo diote berriz gaur Baionak eta Miarritzek. Agileran derbia irabazi ondoren, miarriztarrak berriz etxean ariko dira Montpellieren aurka (17:05ean, Canal Plus Sport). Baionarrak, berriz, Agenera joanen dira auzokoen aurkako porrota ahanzteko asmoz (15:00an, Rugby Plus).
Derbia izan zen Miarritzek Top14an etxean irabazitako lehen partida. Sailkapenean oso kinka larrian daudela jakinik urrearen balioa izan zuen garaipen hark, baina oraindik ere gauzak oker doaz Miarritzen. Arratsalde honetan berriz ere zaleen epelean jokatuko dute eta beste final bat izango da. Miarriztarrek azken postua utzi badute ere, oraino jaitsiera postuetan daude, azken aurreko postuan. Lyon puntu batera dute gibeletik, baina Agilerakoek baino partida bat gutxiago jokatuta. Aitzinean, Perpinya bost puntura dute. Argi dago, beraz, irabazi beste aukerarik ez dutela xuri-gorriek, sasoi honetan gorriak ikusi nahi ez badituzte.
Aste barnean hirugarren partida izanen da lapurtarrentzat, eta asteartean zelairatutako talde berdintsuarekin jokatuko dute. Entrenatzaileek, aste kargatu hau kudeatzeko, asteko lehen partidan gazteak jokarazi zituzten Racingen aurka. Lehentasuna etxeko bi partidak ziren. Asteartean ongi atera zitzaien parioa, azken jokaldian Baionari irabazi ziotelako. Kolpea guztiz ona izateko, alta, Montpellierreri irabaztea falta zaie orain.
Partida ez da erraza izanen, Montpellier gora doalako azken asteetan. Miarritzek bezala, Munduko Kopa garaian sufritu zuten Mediterraneokoek, baina bertan ibilitako jokalarien itzulerarekin aitzina egin dute sailkapenean. Zortzigarren postuan daude, eta Heineken Kopako postuetatik hurbiltzeko, etxetik kanpo irabazteko beharra dute. Agilerara ez dira oporretan etorriko, honenbestez, Montpellierrekoak.
Baiona aldean, bestalde, duda-mudak dira nagusi Agenera joan baino lehen. Lapurtarrek haien hamabostekorik onena bitan zelairatu dute Lyon eta Miarritzeren aurka, eta errotazioak egitera behartuta daude. Talde esperimentala zelairatuko du Gajanek. Aitzinean, aldaketak derrigor egin beharko ditu eta Iginiz, Lauaki, Linde edo Haare hasieratik ariko dira. Gibelean, berriz, ikusteke dago Joe Rokocoko hasieratik ariko den. Pattal aritu da orain arte, eta haren ordez baliteke Marvin O' Connor gazteak jokatzea.
Aldaketak aldaketa, ez dute batere lan erraza izanen baionarrek. Agen sasoi hasierako sorpresa izaten ari da. Elitean bere bigarren sasoi duelarik, Heineken Kopa jokatzeko postuetatik hurbil da. Seigarren postuan daude Agenekoak, eta ahalik eta denbora gehienez hor iraun nahi badute, ezinbestekoa dute etxean irabaztea. Aitzinean indartsuak diraeta gogor ariko dira, baionarren nekearen jakitun. Berriz ere, laneko jantzia ezarri beharko dute lapurtarrek Agenek ez duelako oparirik eginen.
Derbiko borroka ahazteko aukera dute Miarritzek eta Baionak
Agilerakoek Montpellier hartuko dute etxean zulotik irteteko asmoz, eta baionarrak Agenera joanen dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu