Helmuga ederra zuen Realak duela zenbait jardunaldi: Liga bukaerara batere estutasunik gabe iritsi eta, batek daki, Europan barrena bidaiatzeko txartela ere lortzeko borrokatzea. Helmuga horretara iristeko, tren ugari zituen taldeak, erosoak eta atseginak ziruditenak, baina ihes egiten utzi zituen. Geltokira berandu iritsi zelako batzuetan, eta trena hartzeko beharrezkoa den ekipajea ahaztu zuelako besteetan. Gaur beste bat aterako da geltokitik. Aurrekoak bezain gustagarria ez da. Zutik joan beharra dago, ez dauka aire giroturik, eta ibilbidea malkartsua bezain luzea da. Baina harrapatzen eta bideari eusten asmatzen badu, aurrekoak bezain aproposa da.
Sei jardunaldi daramatza jada Realak irabazi gabe. Irabazten ez bada, garrantzitsua da gutxienez ez galtzea, baina horretan ere kale egin du taldeak, puntu bakarra bildu duelako, Levanteren aurka. Sailkapena dagoen bezala, urrearen balioa izan dezake berdinketa batek, baina praktikotasunik ez du erakutsi. Sendotasun faltak ere badu zerikusirik. Azken sei norgehiagoketatik, bostetan aurkariak sartu du lehen gola, eta halakoetan suspertzeko gaitasunik ez du izan. Herculesen aurkako porrota kolpe latza izan zen, eta Martin Lasartek argi utzi du ezinbestekoa dela puntuak batzea gaur Atletico Madrilen zelaian, bat gutxienez, konfiantza berreskuratzeko.
Ez dirudi Atletico Madril bolada txarra mozteko aurkaririk samurrena denik, baina samurragoak omen ziren beste hainbaten aurka galdu du Realak, eta gaurkoan Vicente Calderonen topatuko duenari hortzak estutu beste aukerarik ez du. Badaki asko kosta zaiola emaitza lortzea zelai horretan. Badaki nolako giroa egongo den eta nolako astakeriak, biraoak eta kanta iraingarriak entzun beharko dituen. Hipokrisia da nagusi Espainiako Ligan, eta bakarrik batzuen jarrerei erreparatzen zaie zigorrak banatzerakoan. Besteek nahi dutena egiten dute, beraien kluben konplizitatearekin eta kazetari askoren moral bikoitzak lagunduta.
Aldaketak defentsan
Gaurkoa, ordea, futbol partida da, eta Realak nahiko lan badu maila ona berreskuratzearekin. Indar handiagoarekin aritu beharko dute txuri-urdinek. Ausartago jokatu beharko du Xabi Prietok buruz burukoetan, eta zuzenago Zurutuzak. Tamudo aurrean bakarrik dela, baloi luzeak eta erdiraketak baino zerbait gehiago egin beharko dituzte. Defentsan ere, badute zer hobetu, bakarka zein talde gisa. Demidov hamaikakora itzuliko da, eta Mikel Gonzalezek beteko du, ustekaberik ezean, De la Bellaren hutsunea ezker hegalean. Zelai erdian aldaketak egotea ere ezin da baztertu.
Irregulartasuna izan da Atletico Madrilen gurutzebidea denboraldi honetan. Ikuskizuna eman dezake jardunaldi batean, eta negargarri aritu hurrengoan, jokalari berberekin. Ahul dabil bere zelaian: bost partida galdu eta hiru berdindu ditu. Puntu galera handia da bere burua Ligako onenen artean kokatzen duen edo, hobe esanda, kokatu nahi duen taldearentzat. Diego Costak eta Aguerok osatuko dute, ziurrenik, aurrelari bikotea. Beste hainbat konturi buruz gehiago hitz egin da aste barruan Vicente Calderonen, gaurko partidaz baino, baina etxeko taldeak puntu bakarrera ditu Europako postuak, eta nekez egingo du oparirik.
Deserosoa, aproposa
Atletico Madrilen aurka emaitza on bat behar du Realak bolada txarra hautsi eta mamuak uxatzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu