Panorama grisa. Bi porrot eta garaipen bat, baina konbentzitzen ez duen garaipena, gaixoa oso gaixo dagoela erakusten duen garaipena. Euroligako Top16ko partida erabakigarriak eta Espainiako Kopa begi bistan, ilusio gutxi Baskonia Kopan onenekin ikusteko. Ilusioari kolpea, Bilbo Basketek Valentzian hartu zuena. Han ikusi zuen beste askok ere bere joko bera egiten dakitela: defentsa zorrotza. Jan egin zuen Valentziak Fotis Katsikarisen taldea, eta pena da, hango garaipenak hauspo handia emango bailieke bizkaitarrei. Valentziatik Sevillara.Lagun Aro duintasunez aritu zela diote kronikek, bere jarduna hobetu zuela, baina zazpi partida galdu ditu dagoeneko, eta ez dauka zortzi onenen artean sailkatzeko aukerarik. Are gehiago, hobe du irabazten hastea, eta lehenbailehen, hurrengo sasoian ACB ligan egon nahi badu. Zergatik hain bolada txar luzea? Zergatik eraman du haizeak ilusio ikaragarria piztu zuen taldea? Zergatik mantendu behar da ilusioa mailari eusteko erronka soila duen taldearekin? Ez da erraza.
Galdera asko... eta erantzun gutxi. Lagun Arori aurreko sasoian gertatutako bera gertatu zaiolako. Hilabete eta erdi irabazi gabe. Tristea izaten ari da Illunbera joaten den jende kopurua. 5.000 lagun pasatxo, batez beste, inoiz baino eserleku huts gehiago, eta bolada txar horrek errematea eman diezaioke, zaleei mailari eusteko erronka gutxi iruditzen zaiolako. Batez ere taldeak abendu hasieran 7-5 balantzea zeukala aintzat hartuta. Orain, finalak jokatzen hasiko da, baina ez elitera hurbiltzeko, mantentzeko baizik. Nabarmena da aldea: hurbildu, edo mantendu. Larritzeko modukoa da Salgadoren txakalaldia. Lehen laurdenean lau baloi eman zituen. Baron ere pattal dabil azken astetan, balorazio negatiboak pilatzen, eta galduta defentsan. Lorbek eta Tsikitixvili azaldu ziren, baina Doblas, Miralles eta Konek ilunpean segitzen dute. Menorca dator. Galtzeak are gehiago handituko du taldearen eta zaleen arteko zuloa. Irabazteak ez du zuloa txikiago egingo, klubak bazkideei 300 sarrera oparitu arren.
Kolpe txikia, baina kolpea. Gerta zitekeen, eta gertatu da. Garrantzitsua zen Valentzian sona handiko garaipena lortzea, baina ezin. Valentzia ligako talde onenetako bat delako eta antzera jarraituz gero muturrekoren bat emango diolako handietako bati. Kopan bertan, agian. Defentsan ikaragarri jokatzen du, saskipeko indartsu eta osatua du, joko antolatzaile on bi, eta Rafa Martinez eta Victor Claver egurrean ari dira. Bizkaitarrak urtu egin ziren, eurek gora egiteko erabili duten baliabidean, defentsan, aurrez aurre beraiek baino lan hobea egiten duen taldea zutela ikusita. Bilbo Basketek bi garaipenen aldea du oraindik 9. postuarekiko, baina larunbatean Real Madrilen aurka jokatuko du. Bigarren aukera, handiak hain urrun ez dituela erakusteko.
Mugimendua. Gasteizen sumatzen dena. Josean Kerejeta presidenteak inoiz baino gehiago hitz egin du azken asteetan. Taldearen emaitza kaskarrek zurrumurruak haizatu dituzte han eta hemen, baina Lazkaokoak argi utzi du ez dutela Ivanovic kanporatuko lau partida galdu dituelako. «Kopa bat, Liga bat eta Superkopa bat irabazi ditu azken bi sasoietan. Zer gehiago nahi duzue?», esan zien kazetariei. Eskatzeko baimenarekin, zertarako fitxatu zuten udan, dagoeneko Italiara bidean dagoen Musli? Europako gazte mailan sekulakoak eta bi egin, eta apenas jokatu duen Gasteizen. Zergatik dabil Teletovic nahierara, Logan bezala? Nork moztu behar du hori, entrenatzaileak, ezta? Zergatik egiten ditu Batistak kirolaren aurkako falta ulergaitz horiek? Ez direla egin behar esango dio norbaitek... Udan taldea eraikitzen egindako okerrak onartu ordez, adabakiak jartzen ari da zuzendaritza. Azkena, Guillem Rubio fitxatzekotan direla. Azalpena, ipuin baten kontakizunaren parekoa: Pape Sowi kontraturik berritu ez, atzerritar fitxa bat irabazi, eta AEBetako joko antolatzaile bat fitxatu, Huertasek baleko osagairen bat izan dezan. Katramilatsua.
Zonakako defentsa
(Des)ilusioaz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu