Dezenteko desoreka alde batean, eta mamu artean final txikia bestean. Txapeldunen Ligako final-laurdenetako zozketan denak gustura geratzea ezinezkoa izaten da, eta atzo ere hala gertatu zen. Fenerbahce-Chelsea eta Schalke 04-Bartzelona kanporaketak desorekatuta daudela dirudi, eta Chelseak eta Bartzelonak erraz antzean egin beharko lukete aurrera. Baina beste bi kanporaketak estuak izango dira oso. Erroma-Manchester United lehian, italiarrek iazko mamuak ahaztu beharko dituzte -final-laurdenetako itzuliko partidan 7-1 galdu zuten-. Baina Real Madril faboritoetako bat kanporatuta iritsi dira final-laurdenetara, eta ez du ematen iazko emaitzarik errepikatuko denik. Arsenal-Liverpool kanporaketa, berriz, benetan ikusgarria izango da: Ingalaterrako liderra, eta Txapeldunen Ligako iazko txapeldunordea.
Arsenal-Liverpool
Txapeldunen Ligan inoiz ez dute jokatu elkarren aurka, baina Ingalaterrako Ligako bi talde indartsuenetakoek 200. partida jokatuko dute elkarren aurka, apirilaren 2an. Zozketak hala erabakita, astebetean hiru partida jokatuko dituzte elkarren aurka; apirilaren 2an eta 8an Txapeldunen Ligakoak, eta tartean, apirilaren 5ean, Ligakoa. Arsenal hazita iritsi da final-laurdenetara. Ligan lider dago, eta Txapeldunen Ligan egungo txapelduna kanporatu du: Milan. Liverpoolek, ordea, 2005ean eta 2007an jada Ingalaterrako Ligako talde bat kanporatu zuen finalerdietan -Chelsea-, eta itzuliko partida etxean izanda, bigarren aldiz jarraian finalean sartzeko aukera polita eduki dezake.
Erroma-Manchester United
2007ko apirilaren 10a burutik kendu ezinik dabiltza oraindik Erroma aldean. Txapeldunen Ligako final-laurdenak ziren orduan ere, eta etxean 2-1 irabazita joan arren, Old Trafforden inoizko astindurik handiena jaso zuen Erromak (7-1). Italiarrak lehen aldiz iritsi ziren iaz final-laurdenetara, eta denboraldi honetan, Real Madril merezimendu osoz kaleratuta, arantza atera nahiko dute. 1983-84ko denboralditik Erromak ez du Ingalaterrako Ligako talderik kanporatu, eta orain ere kostako zaio. Txapeldunen Ligako ligaxkan ere multzo berean zeuden bi taldeak, eta Old Trafforden etxekoek 2-1 irabazi bazuten ere -itzulikoa 1-1 amaitu zen-, oso partida gogorra izan zen. Finalerdietarako txartela jokoan egoteaz gain, iraganeko mamuak ere agertuko dira, bai Totti eta Cristiano Ronaldoren buruetan -liskarra izan zuten-, baina baita jarraitzaileen artean ere.
Schalke 04-Bartzelona
Kataluniarrek izan dezakete gehiegizko konfiantza. Hori da Schalke 04 Alemaniako Ligako bosgarren sailkatuaren eta Bartzelona Espainiako Ligako bigarrenaren arteko kanporaketako gakoa. Bartzelonak ez zuen Ingalaterrako Ligako talderik nahi, eta atzo zortea izan zuela esan daiteke, itzuliko partida etxean jokatuko baitute. Schalke 04k penaltietan kanporatu zuen Porto, final-zortzirenetan, Manuel Neuer atezainaren lan zoragarriari esker, neurri handi batean. Hala ere, Kevin Kuranyi da taldeko izarra, goleatzailea, Gerald Asamoah-rekin batera. Bi taldeek inoiz ez dute jokatu elkarren aurka.
Fenerbahce-Chelsea
Turkiarren eta ingelesen arteko kanporaketa da, agian, desorekatuena. Fenerbahce lehen aldiz sartu da Txapeldunen Ligako final-laurdenetan -Sevilla kanporatu zuen, penaltietan-. Kezmanentzat -Fenerbahce- eta Anelkarentzat -Chelsea- partida berezia izango da, orain gutxi aurkari izango duten taldean baitzeuden. Turkiarrak etxean oso indartsu ari dira, Inter, PSV eta CSKAren aurka irabazi egin baitzuten ligaxkan, eta baita Sevillaren aurka ere, final-zortzirenetan. Hala ere, Chelseak etxean jokatuko du itzulikoa, eta azken lau kanporaketetatik hiru irabazi egin dituztela kontuan hartuta, faborito argiak dira.
Desoreka, mamuak eta final txikia
Arsenal-Liverpool lehia izango da Txapeldunen Ligako final-laurdenetako partidarik ikusgarriena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu