Desorekaren multzoa zen

Bartzelona eta Milan H multzoko buruan daude, eta hiru partida falta direnean biek oso gertu dute aurrera egitea

Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2011ko urriaren 20a
00:00
Entzun
Desorekaren multzoa zen hasieratik, eta asteak pasa ahala errealitateak on egin ditu usteak. H multzoak Bartzelona eta Milan, Bielorrusiako Bate Borisov eta Txekiako Viktoria Pilsen taldeekin elkartu zituen. Ez zegoen zaila asmatzen ondo bidean zein bi taldek egingo zuten aurrera, eta ligaxkako lehen itzulia nahikoa izan da Milanek eta Bartzelonak ia matematikoki ziurta dezaten biek aurrera egingo dutela. Hiru partida falta direnean sei puntuko aldea dute. Beste talde batzuek lehen hanka sartuta dute final-zortzirenetan, baina H multzoan bi dira. Atzokoan ez zuten gol festarik lortu, baina biek egin zituzten etxeko lanak: iazko txapeldunak Viktoriaren aurka (2-0), eta Milanek Bateren kontra (2-0).

Milanek arazorik gabe irabazi zion Bate Borisovi. Ez zen ezustekorik espero San Siron, eta etxekoak aise nagusitu ziren partida zozo batean. Bate Borisovek ia ez zuen estutu eta Ibrahimovic eta Boatengen gol banarekin erabaki zen lehia. Azken horren gola, zartada bikaina, izan zen partidako gauzarik onena. Bartzelonako partida desberdina izan zen, erritmoa izan baitzuen, etxekoek jarritakoa. Bakarrizketa ikusgarria izan zen, eta Messik dozena erdi gol sartzeko aukera izan zuen. Bi bakarrik egon ziren baina, Iniestak partida hasieran, eta Villak ia bukaeran, sarturikoak.

Jardunaldiko erakustaldia Chelseak eman zuen, E multzoan. Ligaxkako lehen partida berdindu ondoren, hurrengo biak irabazi ditu. Atzo Genk hartu zuen etxean eta astindua eman zion (5-0). Ingalaterrako taldeak dirutza ordaindu zuen Fernando Torres aurrelariarengatik, eta aspaldiko partez lan txukuna egin zuen bi gol sartuz. Multzoko beste partidan Bayer Leverkusenek tartea ireki zuen Valentziarekiko (2-1). Unai Emeryren taldeak oso aldapa gora du sailkatzea lau puntuko desabantaila baitu atzoko aurkariarekiko. Bi aste barru berriz ere neurtuko dituzte indarrak, Valentzian.

Arnasa Valverderentzat

Ernesto Valverdek arnasa lasaiago hartu dezake orain, Olympiakosek atzo irabazi baitzuen sailkapen faseko lehen partida, etxean, Borussia Dortmunden aurka (3-1). Gasteizko entrenatzailearen taldea gehiago izan zen, eta alemaniarren atzeko lerroaren hutsek lana erraztu zuten. E multzoko beste partidan Arsenalek Marseillan irabazi zuen (0-1) Ramseyk 92. minutuan sarturiko golari esker. Olympique gorriak ikusten ari da ligan,15. da, eta atzora arte Europa zen komeriak gozatzeko tokia. Orain Arsenal dago multzoko lehen postuan.

H multzoa desorekarena bada, G parekatuena da. Hasiera batean zirudien Porto erraz nabarmendu beharko litzakeela, baina hiru partida jokatu direnean Portugalgo txapelduna hirugarren da. Atzokoan emaitza oso txarra lortu zuen,ezin izan baitzion etxean irabazi Txipreko Apoel Nicosiari (1-1). Beste partidan Zenit San Petersburgok eta Xakhtarrek bina egin zuten, Donetsken.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.