Sei partida jokatu eta seiak irabazi. Detroit Pistonsek NBAko kanporaketetako final handia jokatu nahi du, eta orain arte, behintzat, partidak nahi bezala irabazten ari da. Ekialdeko Konferentziako lehenengo txandan Orlando Magic taldeari jokatutako lau partidak irabazi zizkion, eta bigarren txandan ere antzera ari da, Chicago Bullsi jokatutako bi partidak irabazi baitizkio. Aise, gainera. Lehenengoa 95-69 irabazi zion, eta bigarrena 108-87. Tayshaun Prince hegalekoa izan da finalerdietako bigarren partidako izarra, 25 puntu eta zazpi erreboterekin. Hirugarren partida bihar goizaldean jokatuko dute, eta laugarrena igande goizaldean. Bi partida horiek Chicagon izango dira. Iaz ere erakustaldiak emanda iritsi zen Pistons finalerdietara, baina bi partida irabazita, gainbehera hasi ziren. Finalerdietan sufritu eta finalean Miami Heaten aurka galdu zuten.
Baina, ondo bidean, beraz, Detroit Pistonsek jokatuko du Ekialdeko Konferentziako finala, Cleveland Cavaliersen edo New Jersey Netsen aurka. Kanporaketa horretan Cavaliers 1-0 aurretik dago, lehen partida 81-77 irabazi baitzuen. Bart jokatu dute bigarren partida; hirugarrena eta laugarrena larunbat eta astelehen goizaldean jokatuko dituzte. Cavaliersek lehenengo txandan jokatutako lau partidak irabazi zizkion Washington Wizars taldeari, eta Ligan bigarren postua lortu ostean, Detroitekin Ekialdeko Konferentziako finala jokatzeko faboritoa da.
UTAH ETA SPURS, 1-0 AURRETIK. Ekialdeko Konferentzian ez bezala, Mendebaldekoan faboritoak sufritzen ari dira. Lehen txandan, ezustean, Dallas Mavericksek -Ligako talderik onena izan da- amore eman behar izan zuen Golden State Warriorsen aurka (4-2). Eta bigarren txanda hastearekin batera, Mendebaldeko Konferentziako Liga erregularreko bigarren talderik onena sufritzen hasi da. Izan ere, San Antonio Spursen eta Phoenix Sunsen arteko lehenengo partidan Spurs nagusitu zen, 111-106. Bi taldeek bart jokatu dute bigarren partida.
Beste kanporaketan, berriz, Golden State Warriorsek ezin izan du lehen txandako ezusterik eman. Utah Jazzek larri-larri baina ondo eutsi zion garaipenari (116-112), eta 1-0 jarri da aurretik kanporaketan. Deron Williams izan zen partidako izarra, 31 puntu lortzeaz gain, zortzi asistentzia eta bost errebote lortu baitzituen. Bigarren txandako kanporaketak hasi besterik egin ez diren arren, itxura batean, beraz, Utah Jazzek jokatu beharko luke Mendebaldeko Konferentziako finala, San Antonio Spursen eta Phoenix Sunsen arteko kanporaketako garailearen aurka.
Detroitek presa dauka
Aise irabazi dio Chicagori Ekialdeko Konferentziako finalerdietako lehen bi norgehiagoketetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu