Ikusgarria izan gabe, polita izan zen Montevergine di Mercoglianoko etapa bukaera. Ez zen goraipatzeko moduko erasorik egon, baina bai Giroko bilakaeran aintzat hartzeko moduko hainbat kontu. Liquigas taldearen indarra, denetan garrantzitsuena. Taldekako erlojupekoan eman zuten lehen kolpea, larunbatean, ordekan, eta mendian gora bigarrena, atzo. Di Lucaren taldekideek pultsua bota diete Giroa irabazi nahi duten beste talde indartsuei, Lampre, Saunier Duval eta Astanari. 'Hemen gaude gu', esan dute, eta ozen, gainera.
Danilo Di Lucak erremate ona eman zion taldekideen lan bikainari. Liquigas taldeak hartu zuen erantzukizuna azken igoeran, eta erakustaldia eman. Konfiantzarekin jardun zuten, eraso festarekin urduritu gabe. Haiek, euren lanean, tira eta tira, beti erritmo bizian, beste oilarrak zigortzen, Di Luca babesean eramaten. Alpeek eta Dolomitek argituko dute Giroko ugazaba Liquigas edo Lampre taldea den, baina Spezialettik, Wegeliusek, Noek, Pellizottik eta batez ere Nibalik, izua eragin zuten tropelean atzo.
Liquigasen erritmo itoak erasotzeko gogoa zutenen kemena itzali zuen. Haiek zeramaten erritmoarekin ezinezkoa zen tarte handia lortzea, eta sekulako jipoia hartu, 10-15 segundoko errenta txikia irabazteko, arrisku handiegia Giroko hasieran. Julio Alberto Perez Cuapiok bakarrik ireki zuen tartea. Panariako mexikarrak behe-behetik jo zuen, eta 20-25 segundoko aldea mantendu zuen 10 bat kilometrotan.
Liquigasek, halere, egoera kontrolpean eduki zuen uneoro. Bazekiten Perez Cuapio azken kilometroan harrapatuko zutela, etapa ehiztarien erritmo aldaketen eraginez. Saunier Duvaleko Leonardo Piepolik ere lagundu zien, tropel buruan errelebo indartsu bi emanda. Saunierrek Riccardo Ricco gaztearen aldeko apustua egin zuen, eta gutxigatik ez ziren garaile izan.
Di Lucak ez zeukan aurpegi on-ona mendatearen hasieran, baina azken esprintean ipurdia erakutsi zien denei. Cunegori aurrena, baita Riccori ere ondoren. Ricco gazteak ondo eutsi zion Di Lucaren pedal kolpe sendoari, baina eusten joan zitzaion indarra, eta ez zuen Di Luca aurreratzeko imintziorik egin ahal izan. Gertu, baina iraganeko surik gabe iritsi zen Cunego, eta atzeraxeago Andy Schleck gaztea eta Stefano Garzelli beteranoa.
Nabarmentzeko modukoa da Andy Schlecken lan aparta. Frank anaia da ezaguna, oraingoz, baina Andyk etorkizun hobea duela entzuten da han eta hemen. 21 urte bakarrik ditu, eta Bjarne Riis CSC taldeko kirol zuzendariaren ahotan, sekulako klasea. Romandiako Tourrean 10 onenen artean sailkatu zen, eta Monteverginen, laugarren. Etaparen batean kale egitea izango litzateke normalena, baina lehengaia badu, behintzat.
POPOVITX ETA SAVOLDELLI, LARRI. Monteverginek batzuen indarra eta besteen ezina utzi zuen agerian. Di Luca, Ricco eta Cunego ondo ibili ba ziren, Simoni ez hain ondo, eta okerrago Popovitx eta Savoldelli. Simonik 15 segundo galdu zituen, ezer gutxi, eta Popovitxek eta Savoldellik bikoitza baino gehixeago: 34. Kontua da sailkapen nagusian alde handi samarrak daudela dagoeneko. Cunego Di Lucarengandik 54 segundora dago, Savoldelli 1.07ra, Garzelli 1.25era, Ricco 1.33ra, Popovitx 1.43ra, eta Simoni bi minutura. Urrunago dago Euskaltel-Euskadiko Markel Irizar, baina oñatiarra eguneko ihesaldian sartu zen atzo. Dioni Galparsoro ere saiatu zen azken mendatean. Bada zerbait.
SaILKaPenaK
LAUGARREN ETAPA
1. Danilo Di Luca (Liquigas) 4.22.42
2. Riccardo Ricco (Saunier Duval) d. b.
3. Damiano Cunego (Lampre) d. b.
4. Andy Schleck (CSC) 3ra
5. Stefano Garzelli (Acqua&Sapone) d. b.
6. Franco Pellizotti (Liquigas) 6ra
7. Luca Mazzanti (Panaria) d. b.
8. David Arroyo (Caisse d'Epargne) 7ra
9. Emanuele Sella (Panaria) 13ra
16. Patxi Vila (Lampre) 15era
SAILKAPEN NAGUSIA
1. Danilo Di Luca (Liquigas) 14.26.10
2. Franco Pellizotti (Liquigas) 26ra
3. Andrea Noe (Liquigas) 35era
4. Vincenzo Nibali (Liquigas) d. b.
5. Andy Schleck (CSC) 53ra
6. Damiano Cunego (Lampre) 54ra
7. David Zabriskie (CSC) 1.03ra
8. Paolo Savoldelli (Astana) 1.07ra
9. Eddy Mazzoleni (Astana) d. b.
12. Patxi Vila (Lampre) 1.17ra
Di Luca eta haren koadrila
Di Lucak dotore biribildu du taldekideen lan bikaina Monteverginen, eta etapa eta lidergoa lortu ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu