Iraupena. 63 minutu.
Pilotakadak. 491.
Saketik. Berasaluze VIII.ak, tanto bat eta bi falta; Olaizolak, hiru tanto.
Markagailua. 0-1, 1-1, 1-4, 3-4, 3-6, 7-6, 7-8, 8-8, 8-13, 10-13, 10-14, 11-14, 11-18, 14-18, 14-19, 15-19 eta 15-22.
Bestelakoak. Apustuak urdinen alde irten ziren, doblean. Harmailetan euskal presoen aldeko pankartak jartzen saiatu ziren ikusle batzuk, baina segurtasun zaintzaileek kendu egin zizkieten.
Binakako Txapelketako lehen itzulia amaitu bezala ekin diete Olaizola II.ak eta Beroizek finalerdietako ligaxkari: irabaziz. Aurretik irabazitako hamalau partidek ezer gutxirako balio zieten atzo Iruñean, Labrit pilotalekuan, baina Asegarceko bikoteak lehengo lepotik du burua. Beste egunetan baino distira gutxiagorekin jokatu arren, aparteko arazorik gabe hartu zituzten mendean Berasaluze VIII.a eta Albisu (22-15). Lanean eta sendotasunean oinarrituz, ligaxkako estreinako puntua eskuratu dute Olaizola II.ak eta Beroizek.
Neurketa hasieran euren alde zituzten pronostikoak irabazleek. Lehenengo tantotik agerian geratu zen, baina, bazuela arriskua partidak. Albisuk frontisetik urrun ibili zuen pilota, eta bizkarra erakutsi zion Beroizi. Hori baliatuz, ausart jokatu zuen aurrean Berasaluze VIII.ak. 3-6 atzetik joan arren, ez zen kikildu, eta lau tanto jarraian eginez aurrea hartu zuen, Albisuren laguntza onarekin (7-6). Beroizek ere hartu zuen parte gorrien bolada onean, ohikoa ez izanagatik bi huts jarraian egin zituen eta.
Urdinak azkar konturatu ziren izerdia latz bota beharko zutela irabazteko. Olaizola II.ak alde batera utzi zuen aireko jokoa bolada batez, eta botera ipiniz, norgehiagoka gogortzea erabaki zuen. Asmatu zuen. Distira eta ikuskizuna alde batera utziz, Berasaluze VIII.aren eta Albisuren artera pilota asko moztu zuen. Berrizko aurrelaria aparta da motzean, baina lautik atzera sufritu egiten du, eta atzo ere igarri zitzaion hori. Goizuetarrak lorturiko bi tanto eta Albisuk eginiko hiru hutsen ondorioz, berriz ere aurrea hartu zuten Olaizola II.ak eta Beroizek (8-13).
Bost tantoren aldea gutxitan ez du baliatzen goizuetarrak, eta ongi kudeatu zuen, burutsu. Errematean ez zuen tanto txalogarririk egin, baina horren meritua Albisurena da gehienbat. Kale edo bale, pilota gogor astintzen du ataundarrak, eta ez zion ahoko zuloan aukera bakar bat ere utzi aurkariari. Hori bai, eman beharraren eman beharraz huts gehiegitxo egin zituen: zortzi guztira. Hain zuzen ere, horren bila jokatu zuten Olaizola II.ak eta Beroizek.
Berasaluze VIII.a gogotik saiatu zen atzelariari laguntzen, eta ur handietan ibili arren, ongi egin zuen igeri. 11-18 galtzen izan ziren, eta 14-18 jarri ziren, berriztarrak aurrean lorturiko tantoei esker. Aurkariak estutzeko gai izango zirela zirudienean, ordea, sekula egin ezin den hutsa egin zuen: saketik falta. Eta ez lehen aldiz, 11-13an beste bat egin baitzuen. Hortxe amaitu ziren gorrien aukera guztiak. Olaizola II.ak bere pilota kantxaratu, eta askorik sufritu gabe iritsi zen hogeita bigarrenera, Beroizek sendotasunaz lagundurik (15-22).
Aspaldian gaizki ohituta zeuzkan pilotazaleak Olaizola II.ak, aurrean harrapatzen zuen guztia amaitzen baitzuen. Ez zuen halako erakustaldirik eman, baina garbi dago distira falta duenean ere kosta egiten dela hari irabazten. Are gehiago bere atzelaria Beroiz izanda. Lehenengo puntua lortuta, finalerako sailkatzeko lanak ongi hasi dituzte Asegarcekoek. Txanponaren beste aldean daude Berasaluze VIII.a eta Albisu. Galtzean, baina, tanto kopuru ona egitea da garrantzitsuena, eta hamabost tantoan geratzea ez da batere txarra.
Gaur, Logroñon
Finalerdietako ligaxkak gaur jarraituko du, Logroñon, Adarraga pilotalekuan (17:00, ETB1). Titin III.a eta Merino II.a zaleen babesa baliatzen ahaleginduko dira Xalari eta Laskuraini irabazteko. Ez dago faborito garbirik, eta partida gogorra izatea espero da. Halakoxeak izan dira lehen itzulian jokatu dituzten biak. Lehenengoan, 22-16 nagusitu ziren Xala eta Laskurain, eta bigarrenean, 22-18 galdu zuten. Azken partidetan bere mailatik urrun aritu da Lekuinekoa, eta haren gain egongo da agian gaur gakoa.
Berasaluze-Albisu 15. Olaizola II.a-Beroiz 22
Distirarik gabe ere garaile
Olaizolak eta Beroizek partida sendoa jokatu eta finalerdietako ligaxkako lehenengo puntua eskuratu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu