Iraupena. 58 minutu.
Pilotakadak. 548.
Saketik.Bengoetxea VI.ak bat, eta Irujok beste bat.
Markagailua. 0-2, 3-2, 3-6, 4-6, 4-7, 8-7, 8-10, 9-10, 9-11, 11-11, 11-16, 13-16, 13-17, 15-17, 15-19, 16-19 eta 16-22.
Bestelakoak.Jende dezente Zarauzko Aritzbatalden. Partida hasieran dirua parean irten zen.
Juan Martinez de Irujok eta Aritz Laskurainek Zarauzko Torneoko finalerako txartela eskuratu zuten atzo, Oinatz Bengoetxea eta Aritz Beginori irabazi ondoren, Zarauzko Aritzbatalde pilotalekuan. Inspiraziorik gabe aritu ziren bi bikoteak, eta irabazleak azken txanpa hobea egin zutelako nagusitu ziren. Partida txarra izan zen, bi aurrelariek pilota ugari galdu baitzituzten. Laskurain izan zen onena, ez zuen eta tanto bakar bat ere galdu. Aspekoek Olaizola II.a eta Albisu izango dituzte aurkari finalean, etzi.
Neurketa hasiera oso hotza eta tristea izan zen. Lau pilotariak erdi lo kantxaratu ziren. Bi aurrelariak saiatu ziren tantoa amaitzen, baina ez zuten batere asmatu. Asegarcekoen lehen sei tantoak, esaterako, Irujoren hutsak izan ziren. Guztira zazpi pilota galdu zituen Iberokoak. Leitzarrak, berriz, bost. Atzelariek txukunago jokatu zuten partida erdira arte, baina euren mailatik nahiko urrun aritu ziren. Astean hiruzpalau partida jokatzen ari dira, eta nekeak ez zien barkatu. Laskurainek, baina, gehiago asmatu zuen pilota ezker hormara baztertzen, eta Beginok huts dezente egin zituen.
11na joatetik 11-16ra igaro zen norgehiagoka istant batean, urdinen alde. Bengoetxea VI.ak lau pilota galdu zituen erasoan, eta Irujok gehiago asmatu zuen. Iberokoak bukaeran txukundu zuen bere itxura. Azken txanpan mota guztietako tantoak eskaini zituen. 15-19koa, adibidez, ederra izan zen. Hirugarren koadrotik izugarrizko ezker airea jo zuen, pilotaleku osoa zutik jarri zen. Asegarcekoak saiatu ziren aldea murrizten, baina alferrik. Gasteizko Torneoaren finalean egindako jokora ez ziren gerturatu ere egin. Azkenean, sei tantoko aldeaz nagusitu ziren Aspekoak.
Finalean Olaizola II.a eta Albisu dituzte zain Irujok eta Laskurainek, eta irabazi nahi badute bestelako jokoa egin beharko dute. Goizuetarra sasoi betean dago aspaldian, eta herenegun ere halaxe erakutsi zuen Gonzalez eta Zubietaren kontrako finalerdian. Irujo, ordea, egun batetik bestera erabat aldatzeko gai da. Ez dago faborito argirik.
Bengoetxea-Begino 16. Irujo-Laskurain 22
Distirarik gabe, finalera
Irujok eta Laskurainek Olaizola II.a eta Albisuren kontra jokatuko dute Zarauzko Torneoko finala, etzi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu