Iraupena. 50 minutu.
Pilotakadak. 261.
Sakez.Olaizola II.ak bost, eta Gonzalezek bat.
Markagailua. 0-4, 2-4, 5-4, 5-7, 7-7, 7-9, 11-9, 11-10, 14-10, 14-11, 16-11, 16-14, 18-14, 18-15 eta 22-15.
Bestelakoak. Hasieran dirua Olaizolaren alde, 100-60ri. Asier Olaizola izan zen Aimarren botilleroa, eta Ramuntxo Muxika Gonzalezena.
«Sebastian Gonzalez ongi ari duk, eta Aimar Olaizola, hainbestean». Irakurketa horixe egiten zuten pilotazale gehienek atzo, Iruñeko Labriten jokatu zen final-laurdenetako bigarren kanporaketan. Baina emaitzari erreparatu besterik ez dago nork irabazi zuen jakiteko. Hain zuzen ere, hainbestean ari zenak. Kontraesana dirudi, baina ez da. Ikusgarritasuna eta tantorik onenak Azkaingoak eskaini zituen, baina finalerdietarako txartela goizuetarrak eraman zuen. Non dagoen sekretua? Hauspoan eta irmotasunean. Ez zuen egunik onena izan Olaizola II.ak, tantoa bukatzeko garaian distirarik gabe aritu zen, baina halakoetan garrantzitsua izaten da galtzen ez jakitea, eta horretan maisua da.
Joan den asteko Berasaluze VIII.aren aurkako partidako gidoi bera errepikatu zen atzo. Orduan ere Berrizkoak entzun zuen txalo gehien, atzo Gonzalezek bezala, baina txapelketa batean benetan balio duena irabaztea da. Lesio larri baten erruz, bi urte ziren Goizuetakoak ez zuela kaiolako lehian parte hartzen, baina itzuli eta dagoeneko lau onenen artean sartu da. Hori bai, joko hobea erakutsi beharko du aurrerantzean Retegi II.aren marka hobetu nahi badu. Alegia, bosgarren txapela jantzi nahi badu.
Partida hasiera ezin hobea egin zuen Aspekoak. 0-4 aurreratu zen istant batean, pilotari abiadura itzela emanez. Pixkanaka, ordea, freskotasuna galdu zuen. Lehen berdinketa zazpinakoa izan zen, eta hortik aurrera nagusi izan zen irabazlea. Bost tantoko errenta lortu eta ongi jakin izan zuen aldeari eusten. Tarteka ematen zuen Gonzalezek ezustekoa eman zezakeela, baina unerik erabakigarrienetan huts egin zuen.
Opari gehiegi egin zituen, guztira zortzi pilota galdu baitzituen, eta zenbaki horiekin ez da erraza Olaizola II.ari irabaztea. Nabarmentzekoa izan zen, halere, erabili zuen taktika. Erabat eskubira jokatu zion aurkariari, eta asmatu egin zuen. Izan ere, goizuetarrak ezkerrarekin amaitzen ditu tanto gehienak. Bere hurrengo aurkarientzako lezioa izan zen.
Barriola ere aurrera
Abel Barriola herenegun sailkatu zen finalerdietako ligaxkarako, Julen Retegiri 22-20 irabazita. Latz sufritu zuen leitzarrak, 19-16 atzetik joan zen, baina azkenean garaipena lortu zuen. Sakez zortzi tanto egin zituen.
Olaizola II.a 22. Gonzalez 15
Distirarik gabe, ligaxkara
Olaizola II.ak hauspoa eta irmotasuna baliatu ditu Gonzalez mendean hartu eta finalerdietako txartela eskuratzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu