Doinu perfektua

Ligako onena bilakatu da Lagun Aro, azken hamalau partidetatik hamabi irabazita. «Talde aberastasuna» du hizpide Javi Salgadok, «lana» Lander Lasak, eta tekla egokia bilatu izana Antonio Alonso idazkari teknikoak.

Andoni Urbistondo.
Donostia
2012ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Esne-mamitan. Olatuaren aparrean. Balentria. Historikoa. Ikusgarria. Nork geratuko ditu? Lagun Aroren bidearen berri ematen duten kazetariek burua astindu behar izan dute taldearen jarduna hitz batean laburbiltzeko, inoiz egin gabekoa egin baitu Sito Alonsoren taldeak. Gogorarazte aldera: abenduaren 4an hasi zen iraultza, Gasteizen Baskoniaren aurka 86-74 galdu ostean; 2-8 balantzearekin zegoen orduan Lagun Aro, eta Sito Alonsok handia bota zuen Buesa Arenako prentsa aretoan: «Lehen itzulia bukatu bitarteko partida guztiak irabaziko ditugu, eta Kopa jokatu».

Erotzat hartu zuten askok, ahoberotzat, baina erotik, ahoberotik gutxi dauka entrenatzaile kataluniarrak, eta konfiantzatik asko. Dena den, Sito Alonsok ez zuen asmatu. Zazpi partidetatik sei irabazi zituen. Bartzelonaren aurka galdu zuen, baina Kopan sartzea lortu zuen; izan ere, Kanaria Handian eta Badalonan emandako erakustaldiei esker, besteak beste, alde handiarekin irabazi zuen, eta galdutako partida gehienak ere puntu gutxigatik galdu zituen. Pasatu zen Kopa, baina gogor jarraitu du Lagun Arok. Bigarren itzulian, zazpi partida jokatu ditu eta sei irabazi, azken laurak errenkadan. Valentzian galdu zuen, baina Malagan irabazi du, Baskoniari etxean ere bai... Hamalau aldiz irabazi eta laugarren postuan sendotu arte.

Ligako talderik onena da Lagun Aro. Esaldia biribila da, eta gogoeta eragiten du. Ez al du halako baieztapenik merezi azken hamalau partidetatik hamabi irabazi dituen taldeak? Bai. Eta zergatik lortu ditu hainbeste garaipen? Antonio Alonso zuzendari teknikoak eman du lehen arrastoa: «Esango nuke entrenatzaileek tekla egokia sakatu edo aurkitu dutela. Bagenekien hasiera zaila izango zela, entrenatzaile berria izateak egokitzeko denbora bat dakarrelako berekin. Bost jokalari ere berriak ziren, eta buelta eman diote egoerari».

Irabazteak emandako konfiantza goraipatu du: «Astegunetan egiten den lanari balioa ematen diolako». Nola neurtzen da fede hori, konfiantza hori? «Kantxan daudenek bukatu egingo dute jokaldia. Ez dut esan saskiratu, baizik eta jaurtiketaegin. Joko antolatzaileak badaki alboan edo ondoan duenak gaitasuna duela jokaldia ondo bukatzeko, eta eroso jokatzen du, jokaldia ondo bukatzeko aukera handia dela jakitun». Konfiantza horrek ematen omen du ziurtasuna jautitzerakoan, eraginkortasun handia.

«Ondo sentitzen gara»

Astearteko prentsa agerraldian, Javi Salgadok eta Lander Lasak hartu zuten hitza komunikabideen aurrean. Aste gogorrari emandako bukaera ona goraipatu zuen kapitainak: «Izan ere, zazpi egunean hiru norgehiagoka jokatu eta hirurak irabazi ditugu. Ondo, gainera». Santutxukoak taldearen aberastasuna izan zuen hizpide: «Egia da saskiratzaile nagusiak beti edo ia beti Vidal, Panko eta Baron izaten direla, baina hemen denok laguntzen dugu, eta laguntza erabakigarria eman. Landerrek [Lander Lasa] ikusgarri jokatu zuen igandean zortzi minutu Vidali atseden pixka bat emateko, eta, lan hori egin izan ez balu, ez genuen irabaziko. Antzeko zerbait esan dezaket Manusen inguruan [Manolis Papamakarios]. Haren bizitasunak taldekideak kutsatzen ditu, eta haren lana funtsezkoa da».

Salgadok ez dio garaipen kopuruari erreparatzen, sentipenei baizik. «Oso talde aberatsa garela esango nuke, eta erabatekoa dela ondoko kidearekin denok dugun konfiantza». Askok diote aurkariek Panko eta Baron ondo zainduz gero Lagun Aro ahuldu egiten dela, baina Salgado ez dago ados: «Hor daude Neto eta Vidal, biak ere arriskutsuak barneraldietan; eta hor daude Doblas eta Betts ere, bizkarreko jokoarekin saskipean. Lorant, Manus, Lander eta ni neu ere gai gara gauza asko egiteko. Azken hiru hilabeteetan, erakutsi dugu zaila dela guri irabaztea, eta buruak ere bere lana egiten du».

Taldeko bi jokalariren ekarpen handiagoa bakarrik falta zen Lagun Aroren kontzertuak doinu perfektua lor zezan, baina bi horietako batek musika pieza ona jo zuen igandean: Lander Lasak. Tolosarrak gutxi jokatu du orain arte, baina Sito Alonsok bultzada bat eman nahi izan zion, Donostian urte osoan jokatzen den partidarik politenetako batean. Hasieratik kantxaratzea erabaki zuen entrenatzaileak, eta ondo aritu zen, defentsan batez ere: «Ostiral arratsaldean esan zidan Sitok hasieratik jokatuko nuela, eta oso pozik nago. Lagunak partida ikustera etorri ziren, eta asko gozatu nuen».

Sito Alonsok hitz goxoak izan zituen Lasarentzat Caja Laboral Baskoniaren aurkako partida ostean, eta konfiantza hori eskertzen du jokalari gazteak: «Esan nahi du saskiratzeari ez ezik beste gauza batzuk egiteari ere garrantzia ematen diola; defentsa lanari, adibidez. Eta hori lanean jarraitzeko akuilua da niretzat». Kontzertuak doinu perfektua ateratzen du, baina perfekzioak ez du mugarik. Orain, Andy Ogide eta Iaroslav Korolev taldeko dinamikan sartzea da Sito Alonsoren erronka. Lortuko al du?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.