DOLCE VITA. Amildegien bi aldeak

Patxi Vila.
2007ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
Dena espero bezala doa guretzat. Bagenekien Monteverginen Di Luca garaitzea oso zaila izango zela, eta beraiek ere merezitako saria lortu dute, taldeak lan ona egin duelako. Lamprerentzat ona da Di Lucak lidergoa hartzea, maglia arrosa babesteko lana egingo dutelako ihesaldi arriskutsuren bat sortzen bada. Aldi berean, Milramek ere Petacchiren alde egingo du, eta horrek ia ziur esprinta egongo dela esan nahi du. Kalkuluak egiten-eta aritu gara, eta beste astebete edo lanik egin gabe emango dugula pentsatzen dugu. Ezin hobe.

Nahiko gustura ibili naiz Monteverginen. 2004ean minutu batzuk galdu nituen mendate horretan. Ez neukan oroitzapen onik, baina gaur gustura ibili naiz. 15 segundo galdu ditut, baina gutxiago izan zitezkeen. Kontua da Simoni atzean geratu dela azken 500 metroetan, eta ez nuela nahi aurrera pasa berak nire gurpila hartzeko.

Liquigasek lan bikaina egin du, baina taldean ez gaude arduratuta horregatik. Komeria franko izaten ditu Di Lucak mendate handietan eta erlojupekoetan, eta kale egingo duela uste dugu. Eta Di Lucarekin batera, bere taldeak. Nire ustez Lampre talde indartsuagoa da, eta esaten ari naizena frogatuko delakoan nago.

Amalfiko kostaldean barrena ibili gara gaur, Salerno eta Napoliko kostaldean. Ederra da, amildegiz josia. Amildegiak bi alde ditu Giroa korritzen ari garenontzat. Paisaia ikusgarria da, baina bizikleta gainean goazenok pasaiaren gorabeherekin gozatu ez, sufritu egiten dugu. Adibide argi bat ematen saiatuko naiz. Arrantzarako hari bat poltsikoan sartu, eta ateratzean nola dagoen, halakoa zen etapako errepidea. Bihurguneari bihurgunea, nekagarria.

Arrisku horri euria gehitu zaio. Errepideak nahiko zikinak daude eskualde honetan, olio arrastoekin-eta. Euria egin du eta erorketa ikusgarri bat gertatu da. Ez dakit zenbat txirrindulari erori diren, baina 60 bat bai, gutxienez. Ni aurrean nengoen, eta ez nau harrapatu. Zorteduna izan naiz. Tropeleko heren bat erori egin da, eta ni ez nengoen tartean.

Iritzi txar samarra agertu dut Hegoaldeko parajeen inguruan, baina gauza onak egon, badaude. Mozzarella gazta, adibidez. Asko gustatzen zait, eta bizio txiki horiekin errazagoa da aurrera egitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.