Donostiako Klasikoa, larunbatera berriz ere

Euskal Herriko Itzuliak ere World Tourrean jarraituko du 2013an, eta apirilaren 1etik 6ra jokatuko da

unai zubeldia
Donostia
2012ko irailaren 21a
00:00
Entzun
Azken urteotan aurrera eta atzera dabil Donostiako Klasikoaren eguna, inguruan dauzkan lehiaketek eraginda. Eta datorren urtean ere aldaketa izango du; lehengora itzuliko da. Abuztuaren 14an jokatu da aurten, asteartearekin, baina larunbatera igaroko da datorren urtean. Uztailaren 27an jokatuko da, ohiko ibilbidearekin. Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunak (UCI) atzo jakinarazi zuen 2013rako World Tourreko egutegia, eta goi mailan jarraituko dute Euskal Herriko bi proba nagusiek. Apirilaren 1etik 6ra jokatuko da Euskal Herriko Itzulia. Elgoibarren hasi eta Beasainen amaituko da, ohiko erlojupeko etaparekin.

Gainerakoan, World Tourreko egutegiak ez du izan aldaketa handirik. Australian hasiko da beste behin ere, urtarrilaren 22an, Down Under Tourrarekin. Maiatzaren 4tik 26ra jokatuko da Italiako Giroa —maiatzaren 19an Galibierren amaituko da etapa nagusia, Marco Pantani zenaren omenez—, ekainaren 29tik uztailaren 21era Frantziako Tourra, eta abuztuaren 24tik irailaren 15era Espainiako Vuelta. 29 probako egutegian Hangzhouko Tourra da berritasun bakarra, nahiz eta ikusi egin beharko den jokatuko den edo ez, aurten bertan behera geratu delako Txinako proba hori. Jokatzekotan, zehaztuta daude egunak: urriaren 9tik 13ra. Aurten bezala, Pekingo Tourrarekin amaituko da World Tourreko egutegia, urriaren 16tik 20ra. World Tourretik kanpo, martxoaren 30ean jokatuko da Miguel Indurain Saria, apirilaren 7an Zornotzako Saria, uztailaren 25ean Ordiziako Klasikoa, eta uztailaren 31n Getxoko Sari Nagusia.

Bestalde, atzo arratsaldean eman zioten azken agurra Victor Cabedori, Ondan (Castello). Herenegun entrenatzen ari zela hil zen, istripuz. 2.000 lagun inguru bildu ziren hileta elizkizunetara, eta tartean ziren Euskaltel-Euskadiko taldekide eta langileetako gehienak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.