Donostiara, giro gaiztoan

Baionak Tolosa Heineken Kopako txapelduna jasoko du Anoetan, Lapurditik etorritako 32.000 zaleren babeseanTaldeko zuzendaritza jo duen krisiaren itzala oso presente izanen da partidan

Baionako jokalariak Anoetan bilduta, atzoko entrenamentuan, Tolosaren aurkako partida prestatzen. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Eneritz Zabaleta.
Donostia
2011ko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Batzuetan hitz gutxi aski dira egoera bat ederki laburbiltzeko. Atzoko Anoetako prentsaurrekoan, aste honetan Baionan sortu den krisiari buruz kazetariak galdezka hastean kopeta belztu zuen Thomas Lievremont Baionako aitzinekoen entrenatzaileak, eta, «ez erantzun», agindu zion Marc Baget taldeko kapitainari.

Taldeko zuzendaritza errukirik gabeko botere lehia gaizto batean sartuta dago, eta hori izan zen jokalariek eta entrenatzaileek emandako prentsa aitzinekoaren gai nagusia. Gehienetan, gehiegitan ez erratearren, gertatzen den bezala, aferan zerikusi gutxien dutenek eman behar izan zituzten azalpenak. «Badaukagu aski lan partidan pentsatzen. Tolosako partida da gure kezka, eta gainerako polemika guztia ez da gure afera. Gerla bukatzean irabazlea nor den ikusiko dugu eta kito», hasi zen hizketan,nardaturik, Thomas Lievremont.

Christian Gajanek Baionako krisiari buruz iritzia eman zuen gero, beti bezain lasai eta argi mintzatuz: «Baionan proiektu bat osatzen ari gara, patxadaz eta bilakaera batean gora begiratzen hasteko.Egitasmo horretan sinesten dut, eta Baionaren nortasunari hobe egokitzen zaio. Garbi errateko, proiektu hau eta Bernard Laporterena ez datoz bat».

Adierazpen horiekin itxitzat eman zuten Lievremontek eta Gajanek aste osoan Baionan albiste izan den krisia. Testuingurua testuinguru, xuri-urdinekbegiak gaur arratsaldeko partidan bakarrik ezarri nahi dituzte. Nahi ala ez, partida berezia izanen da gaurkoa. Alferrik ez dira etorriko Anoetara Lapurdiko eta Euskal Herri osoko 32.000 zale .

Baionarrek Donostian bilduta pasa zuten atzoko eguna, Anoetaren ondoan dagoen Barcelo Costa Vasca hotelean. «Giro berezia dago, etxean jokatuko dugulako, baina hotel batean bilduta» azaldu zuen Marc Bagetek. «Gure familiak maite ditugu, baina pozik gaude elkarren artean biltzeagatik. Giro polita dago gure artean» gehitu zuenChristian Gajanek.

Partida zaila izanen dute baionarrek, Tolosa ez baita edonolako taldea. Heineken Kopako txapeldunak sasoi honetan oso fin ari dira Top 14an, lehen postuan sendo kokatuta baitaude 64 punturekin. Partida honetarako, gainera, azken asteetan Sei Nazioen torneoa jokatzen aritu diren jokalariak zelaian izanen dira. Horrela gertatzen denetan bezala, zalantza izan da Guy Noves Tolosako entrenatzaileak zer eginen zuen. Azkenean, Novesek selekzioekin egon diren jokalari gehienak hasierako taldean ezartzea erabaki du. William Servat eta Thierry Dusautoir izan ezik, torneoan izan diren beste jokalari guztiak hasieratik ariko dira gaur.

Lehen lerroan aldaketak

Baionaren aldetik, Yoann Huget hegalekoa torneoan egon da azken asteetan, eta gaur hasieratik ariko da. «Gogotsu nago, eta akidura ez da aitzakia bat. Partida jokatzeko moduan nago, eta ilusioz» adierazi zuen. Frantziako selekzioarekin egin dituen partidengatik kritikatua izan da Huget, baina ez omen da bere irudia garbitzeko gogozariko. «Ni kritikatu nautenei hau edo hura erakutsi nahia bide onena da partida txarra egiteko».

Baionaren hamabostekoari dagokionez, Aretz Iginiz harroinaren itzulera da berri aipagarriena. Lau astez min hartuta egon ondotik, hasieratik ariko da. «Europako txapeldunaren aurka berriz hastea erronka ederra da. Horrela, berehala jakinen dut zein den nire sasoi puntua» zehaztu zuen, gogotsu, hendaiarrak.

Baionan azkenaldian lehen lerroan pilatu dira arazoak. Iginizen itzulera berri ona da, Lafondek min hartu duelako, eta Clement Baiocco ez dagoelako bere sasoi puntu onenean. Ondorioz, Iginizekin batera, Denis Avril 37 urteko beteranoa ariko da eskuineko harroin gisara. Ordezkoen artean ere, sorpresa eman du Lievremontek. Damien Legras harrobiko harroin gaztea lehen aldiz deialdian sartu du, eskarmentu gehiago duen Tonga Lea´Aetoaren kalterako: «Tonga ez dabil fin. Legrasek potentzial handia du eta bere alde egin dut» bukatu zuen Lievremontek.

BAIONA-TOLOSA

Baiona. Iginiz, Roumieu, Avril; Boutaty, Filipo; Haare, Baget (kap.), Martin; Gartzia, Boyet; Gerber, Lacroix, Mazars, Huget; Peyras.

Tolosa. Human, Lacombe, Lecouls; Millo-Chlusky, Albacete; Bouilhou (kap.), Picamoles, Nyanga; Michalak, Skrela; Heymans, Jauzion, Fritz, Clerc; Poitrenaud.

Epailea. Cedric Berdos.

Lekua. Donostiako Anoeta (32.000 ikusle).

Orena. 16:25 (Fr. Canal Plus).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.