«Frogek argi erakusten dute US Postalek azken urteotako dopin sarerik sofistikatuena jarri zuela martxan». 1999tik 2005era Tourra irabazi zuen txirrindulariaren aurkako salaketa larria egin du AEBetako Dopinaren Aurkako Agentziak (USADA). 26 lekukotasun daude USADAren 1.000 orriko txostenaren atzean; Armstrongen 11 taldekide ohi daude tartean: Frankie Andrew, Michael Barry, Tom Danielson, Tyler Hamilton, George Hincapie, Floyd Landis, Levi Leipheimer, Stephen Swart, Christian Vande Velde, Jonathan Vaughters eta David Zabriskie. Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunaren (UCI) eta Dopinaren Aurkako Munduko Agentziaren (WADA) esku dago jada txostena. UCIk emango du epaia, eta, helegiterik balego, Kirola Arbitratzeko Epaitegiarena (TAS) litzateke azken erabakia; USADAk bizi osorako zigorra jarri dio jada Armstrongi.
UCIren epaiaren zain dago Frantziako Tourra estatubatuarraren zazpi garaipenekin zer egin erabakitzeko. Dopin sare horretan nahasitakoen artean dago Kepa Zelaia euskal medikua ere, Michele Ferrari eta Luis Garcia del Moral medikuekin, Johan Bruyneel zuzendariarekin, eta Pepe Marti prestatzailearekin batera. 1998an, eta 2004tik 2011ra izan zen Zelaia Armstrongen taldeko medikua. Uztailetik USADAren zigorra daukate guztiek.
Leipheimerren aitorpena
«Dopina ez zen salbuespena, araua baizik. Oso zabalduta zegoen tropelean». Leipheimerren adierazpenak dira horiek. «Profesionaletara iritsi nintzen lehen urteetan ezinezkoa zen dopinik gabe lehiatzea. Oso zabalduta zeuden drogak». George Hincapierena da esan hori. «Ez nuen uste inoiz gertatuko zenik, baina marra igaro nuen». Tom Danielsonek ere onartu du. «Gorengo mailan jarraitzeko modu bakarra dopatzea zela ikusten nuen». Christian Vande Velderena hori. «Inguratuta sentitu nintzen, eta etsi egin nuen presio horrekin». David Zabriskierena da azken baieztapena.
USADAk sei hilabeteko zigorra jarri die lehian jarraitzen dutenei —UCIk ez du epairik eman oraindik—: Danielson, Vande Velde, Zabriskie eta Leipheimer dira txirrindulari horiek. Irailaren 1etik lehiatu gabe daude laurak, eta martxoaren 31n amaituko litzaieke, beraz, balizko zigorra. Sasoiaren zatirik garrantzitsuenean lehiatzeko moduan egongo dira. Hincapie eta Barryri ere jarri diete zigorra, baina erretiroa hartu dute biek. Andreu, Hamilton, Landis eta Swart aspalditik daude erretiratuta, eta Garmineko zuzendaria da Vaughters.
Horien eta beste hainbaten testigantzak bildu ditu USADAk bere txostenean. 26 guztira; 15 dira txirrindularienak, eta 11 taldekideenak. Armstrongen taldekide izan ez ziren hainbaten testigantzak ere badaude, beraz, txostenaren atzean. Txirrindularien esanez gain, hainbat ordainagiri, mezu, datu zientifiko eta laborategietako emaitza ere badauzka esku-artean AEBetako Dopinaren Aurkako Agentziak. AEBetako Gobernuak finantzatutako agentzia independentea da USADA.
UCIren esku dago orain kasua —21 eguneko epea dauka erantzuna emateko—, baina ondorio argia atera du jada Travis Tygart USADAko zuzendariak: «Dopinaren azpijokorako kudeaketa sistema profesionalizatu, iraunkor eta metodikoa azaleratzeko froga argi eta eztabaidaezinak dauzkagu». Tim Herman Armstrongen abokatuak ere hitz egin du, lehendik esandakoak berretsiz. «Salatari, epaile, epaimahai, borrero eta apelazio auzitegiaren lanak egin ditu USADAk ikerketa partzial honetan, alde bakarreko bertsioak erabiliz, eta gertakariak frogatu gabe».
Dopin sare «sofistikatuan» galduta
«Dopin sistema profesionalizatu, iraunkor eta metodikoa azaleratzeko froga argiak» dauzkala azaldu du USADAk txosten bateanUCI eta WADAren esku dago jada txostena, eta hiru asteko epea daukate epaia emateko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu