DOPINAREN MUGAK. Tomatearekin edo tomaterik gabe?

Alberto Contador txirrindulariaren ustezko dopin kasuak dopinaren inguruko eztabaida plazaratu du beste behin ere. Baina kirol medikuek eta dietistek argi utzi dute dopina ez den produktu asko daudela merkatuan: kafeina, bitaminak, edari isotonikoak, glukosa...

unai zubeldia
2010eko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Espagetiekin bakarrik irabaz daiteke Frantziako Tour bat? Zenbatek eta zenbat aldiz egin ote dute galdera hori. Espagetiak edo dopina. Badirudi kirol mundua bi zulo handitan banatuta dagoela azken aldian, baina espagetiak baino elikagai eta substantzia gehiago daude legezko produktuen artean. «Tour bat irabaz daiteke legez kanpoko produkturik gabe, eta askotan hala gertatu dela uste dut». Iñaki Arratibel kirol medikuaren esana da. Arazoa beste bat da: «Espagetien eta dopinaren artean produktu asko daude, eta horiek ondo erabiltzea medikuen esku ere badago». Kafeina, bitaminak, kreatina, burdina, glukosa, barratxo energetikoak, edari isotonikoak... Neurri batean edo bestean kirolariaren errendimendua hobetzen duten legezko produktuen zerrenda luzeko adibide batzuk besterik ez dira horiek.

Eta dopinaren zipriztina bazter guztiak zikintzen ari den garaiotan, zergatik da garrantzitsua azalpen hori ematea? «Dieta orekatu soil batek hobetu dezakeelako kirolari baten errendimendua». Kristina Perez dietista eta nutrizionistak eman du argibidea. «Kirolariek energia asko kontsumitzen dute, eta, une jakin batean, kaloriak behar direnean, adibidez, karbohidratoak ematen zaizkie. Proteinak ere hor daude,eta hori guztia proportzio egokian hartuta, kirolariaren errendimendua igo egingo da». Laguntza ergogenikoa deitzen zaio horri. «Kirolariaren errendimendua hobetu dezakeen edozein dieta, farmako, teknika edo gailu da laguntza ergogenikoa». Manu Zubillaga kirol medikuak azalpen zehatzagoa eman du: «Ergo hitzak lana esan nahi du, eta geniko hitzak sortzen duena». Dopina laguntza ergogeniko horietako bat da. Askoren artean, bat. Nazioarteko Olinpiar Batzordeak (NOB) zehaztuta dauka zein produktu eta teknika sartzen diren dopinaren barruan. «Eta hortik kanpoko guztia legezko laguntza da».

«Dopina legez ezarritako marra bat da. Ez da medikuntzaren marra. Ez da marra zientifikoa», argitu du Arratibelek. «Substantzia horiek sendagarriak dira, eta medikuntzaren beste alor batzuetan erabiltzen dira. Hori kontuan hartuta, zaila litzateke esatea substantzia horiek osasunaren aurkakoak direla». Hori bai, Arratibelek onartu du arau batzuk daudela, eta substantzia batzuk arau horietatik kanpo daudenez, ezin direla hartu. «Kito. Bestela eztabaida filosofikoetan hasiko gara». Perezek azaldu du kirol denda eta gimnasio askotan anabolizanteak saltzen dituztela. «Batzuek hormonak hartzen dituzte gihar ehuna handitzeko, eta horiek ez dira elikagaiak, ez dira nutrizio osagarriak. Hori dopina da».

Nutrizio osagarriez hizketan hasita, gai korapilatsua plazaratu du Manu Gonzalez kirol medikuak. «Produktu horien etiketetan askotan glukosa, proteinak eta koipeak dauzkala agertzen da. Baina hori bakarrik? Orduan zer gehigarri berezi eskaintzen dit? Etiketa horiek batzuetan nahita egoten dira gaizki jarrita, susmorik ez sortzeko». Zubillagak ere antzeko azalpena eman du. «Dopinaren aurkako erakundeek ustekabean harrapatu nahi izaten dituzte kirolariak. Analisi motak eta erakundeak aurrez zehaztuta baleude, azterketak leku eta modu berean egingo balira, bidezkoagoa litzateke, baina positibo gutxiago antzemango lirateke».

Susmoarekin zigortzen

Dopinaren kasuan, susmoarekin ezin dela inor zigortu defendatu du Arratibelek. «Lehen, analisien emaitzak arraroak zirenean, kirolaria etxera bidaltzen zuten, eta hamabost egunen buruan berriz ere analisiak egingo zizkiotela esaten zioten. Ez zen zigortzen». Orain dena aldrebestu egin dela uste du medikuak. «Badirudi kirol munduan susmoa erabakigarria dela jada, eta gizartean, berez, erruduna dela frogatu bitartean errugabea izaten da pertsona hori». Ondorioa? «Baliabide guztiak erabilita ahalik eta kontrolik zehatzenak egin badira, eta positiborik ez bada egon, ez da egon eta kito. Baina ez, beti hasten garapentsatzen, positibo eman ez badu ere, kirolari horrek zerbait hartu duela».

Alberto Contador txirrindulariari keinuka hasita, klenbuterola legezkoa al da? «Produktu anabolizantea da klenbuterola, eta, beraz, legez kanpokoa da». Azalpen argiak eman ditu Gonzalezek. «Berdin dio, gainera, zenbateko klenbuterol arrastoak aurkitu dizkioten. Arazoa kualitatiboa da, eta ez kuantitatiboa; berdin dio kopuruak». Alegia, ez dela begiratzen zenbateko kopurua dagoen; egoteak daukala garrantzia. Baina mililitroko 0,00000000005 klenbuterol gramok hobetu al dezake kirolariaren errendimendua? «Ez, ez da nahikoa», dio, argi, Zubillagak. «Baina, agian, galdera beste bat da: zer egiten du substantzia horrek kirolariaren gorputzean?».

Ganadua gizentzeko erabili izan da klenbuterola. Eta, hain zuzen ere, haragi zati bati leporatu dio Contadorrek bere positiboa. Baina posible al da haragi zati bat janda txirrindulari batek positibo ematea? «Bai. Klenbuterola daukan haragia janez gero, gure gorputzaren barne egiturara igarotzen da, eta posible da gero analisietan agertzea». Arratibelek zehaztapen ona egin du berehala. «Txirrindulariak dio haragiak zeukala klenbuterola, baina horrek talka egiten du abeltzainen esanekin eta ganaduek pasatu beharreko kontrolekin. Hor dago arazoa». Datu bat: Europako Batasunak 300.000 haragi lagin aztertu zituen 2008an, eta bakarrak zuen klenbuterol arrastorik.

Eta nahi gabe dopa daiteke kirolari bat? Perezek baietz dio. «Konfiantzazko medikuak edo nutrizionistak kirolariari nutrizio osagarri bat hartzeko esanez gero , litekeena da osagarri horretan berak ez zekien substantzia anabolizante bat egotea». Hala ere, nahi gabe legez kanpoko produkturen bat hartuta ere, hori kirolariaren ardura ere badela uste du. «Gauza bat ez jakiteak ez dizu erruduntasunik kentzen. Autoa gaizki aparkatzen baduzu, gero ezingo duzu esan ez zenekiela hor ezin zenik utzi. Norberaren ardura da autoa hor utz daitekeen edo ez jakitea».

Contador, frogarik gabe

Contadorren kasuan, korapiloa estutuz doa, eta askatzen hasteko moduren bat aurkitu beharko da. Gonzalezek badauka erantzun bat. «Contadorrek frogatu egin behar du klenbuterol hori haragi zati horretatik pasatu zela gorputzera, baina kontua da froga hori jan egin zuela». Ez dago frogarik. Arratibelek azaldu du demostra daitekeela lau-bost egun lehenago klenbuterol kopurua 0 zela; egun jakin batean 50 pikogramo zeudela; hurrengoan 20 kikogramo; eta hurrengoan, berriz ere, 0. «Kontaminazioaren teoria indartuko luke horrek. Baina hori nondik datorren demostratzea da zailena, eta irtenbide zaila ikusten diot kasu horri. Defentsa sistema nahiko ahul geratu da». Balizko irtenbide bat jarri du mahai gainean Gonzalezek. «Tristea da, baina kirolariak jaten duen guztiaren zati txiki bat gordetzera iritsiko gara, zerbait gertatuz gero, froga edukitzeko».

Espagetietatik dopinera tarte handia dago, baina Gonzalezek hausnarketarako datu kezkagarria bota du: «Mediku batek galdera bat egin zien kirolariei Los Angelesko Olinpiar Jokoetan, 1984an: hartuko zenukete pilula bat txapeldun izateko, nahiz eta datorren urtean hil? Erdiek baietz erantzun zuten. Askok arrakasta nahi dute, eta gero gerokoak».

Euskal Herrian 2006ko otsail-martxoan egindako beste ikerketa baten arabera, kirol jakin batzuetan 15-22 urteko neska-mutikoetatik %14-20 dopatzeko prest zegoen txapeldun izateko, nahiz eta bizitza arriskuan jarri. «Seguru nago ikerketa maiatzean edo ekainean egin izan bagenu, emaitzak are larriagoak izango zirela».

Baina dopina beti joango da aurretik? Adibide polita jarri du Zubillagak: «Asto baten gainean gizon bat doa, eskuko makilaren puntan azenario bat duela. Astoa, su batean, azenarioa jan nahian dabil. Gainean doana dopina da, eta astoa antidopina. Zaila izango da astoak azenario osoa jatea. Nik horrela ikusten dut arazoa».

«Dopin genetikoa eta nanoteknologikoa» ere aipatu ditu Gonzalezek, eta entzuteak berak errespetua ematen du. Espagetietatik dopinera tarte handia dagoelako, baina dopina bera ez, kirolari askoren pentsamendua eta gizartearen presioa delako larriena.



Ahalegin fisikoa kontrolatu eta hobetzeko teknika erabiltzen du Euskaltel-Euskadik

Euskaltel-Euskadi txirrindulari taldea Genetadi Biotech Bizkaiko enpresarekin elkarlanean ari da, kirol garbi eta errespetuzkoaren barruan, txirrindularien errendimendua areagotzeko. Txirrindulari bakoitzaren markagailu biologikoak aurkitzea da gakoa bakoitzaren ahalegin fisikoaren eta errekuperazioaren inguruko informazioa jasotzeko. Txirrindulariaren odol tanta bat nahikoa da datu horiek guztiak jasotzeko, eta, hain zuzen ere, teknika hori baliatu du taldeak aurtengo Frantziako Tourrean eta iazkoan. Lagin horiei esker, txirrindulari bakoitzaren metabolismoaren egunerokoa osatu dute, datu base zabal bat. Bakoitzaren ahalegin fisikoa eta errekuperazio lana zehatz aztertzea eta kirol errendimendua hobetzea ahalbidetzen du teknika horrek, datu horiei esker medikuek neke sintomei aurre egiteko aukera daukatelako .

Gehiegizko ahaleginaren puntu kritikoa atzeratzea ere lortu dute teknika horri esker -dieta osagarri baten laguntzarekin-. Ikerketarekin, errekuperazio organikoaren protokolo bat garatu du Guillermo Cuesta taldeko medikuak, eta, horri esker, txirrindularien ahalegin fisikoaren maila nabarmen jaisten da. Ariketa fisikoaren ondorengo errekuperazio lana ere erraztu egin da.





Legezko produktuen zerrenda

Ondorengoak dira kirolariaren errendimendua hobetzen duten legezko produktuetako batzuk:

Bitaminak eta mineralak: B bitamina konplexua, C bitamina, azido folikoa, burdina, magnesioa, kobrea, zinka...

Antioxidanteak: Glutation-a, E bitamina, C bitamina, azido alfa lipoikoa...

Gibelaren funtzioa hobetzeko: Ademetionina, B12-B6-B1 bitamina konplexua, lisozima...

Elikagai laguntzak: Glukosa eta beste karbohidratoak, proteinak, kreatina, aminoazidoak, ura eta edari isotonikoak, barratxo eta edari energetikoak...

Baimendutako estimulatzaileak: Kafeina, ginseng-a, guarana, eleuterokokoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.