Dragicek eta Seraphinek Top 16a ziurtatuta esan nahi dute agur

Caja Laboralek hamabi puntuz irabazi zion Canturi joanekoan, eta alde horri eustea ere garrantzitsua izan liteke

Andoni Urbistondo.
2011ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Egoera baikorra: Caja Laboralek Top 16a jokatzeko txartela lor dezake gaur Cantun etxeko taldeari irabazten badio. Gauza ona, ligaxka bukatzeko hiru jardunaldi geratzen baitira oraindik. Egoera ez hain ona: Cantuk ez du partidarik galdu etxean Euroligako lehen fasean, eta Baskoniak baino gehiago dauka jokoan. Arabarren jardunak berak ere ez du konfiantza handi-handirik ematen, eta zalantza sortzen duen azken datua: Cantuk partida txukuna jokatu zuen Gasteizen, joaneko partidan, eta Baskoniak azken bost minutuetan bakarrik hautsi ahal izan zuen norgehiagoka.

Ondorioa, talde ona dela Cantu, Baskonia adina edo gehiago une honetan, gasteiztarren norabidea aintzat hartuta. Dusko Ivanovicek zuzentzen duen taldearen aldeko faktore garrantzitsu bat bada, halere. Goran Dragic eta Kevin Seraphinen azken partida izanen da gaurkoa Gasteizko taldearekin, eta biek ala biek agur itxurosoa emateko motibazioa eduki behar lukete. Dragicek apenas egin ditu hamar egun Gasteizen, eta Cantutik Ljubljanara, Esloveniako hiriburura joango da zuzenean bisarekin dituen gorabehera batzuk konpondu, eta ondoren, Houstoneraino eramango duen hegaldia hartzeko (AEB). Seraphinek ere azken neurketa joka dezake gaur, Washington Wizardsera itzuli aurretik.

Cantuk ere hutsune garrantzitsu bat dauka, Oliver Scekic serbiarrak belauna txikitu baitzuen bi aste atzera. Vladimir Micov eta Goergi Shermadini bikoa ere kili-kolo dabil fisikoki. Ez zuten ligako azken partidan parte hartu, pasa den igandean, baina gaur kantxaratu egingo dira. Defentsan erasoan baino hobeto aritu dira orain arte bi taldeak, eta puntu gutxiko partida aurreikusten da, 65-70 puntukoa.

Hala gertatuko balitz, Baskoniak gertuago edukiko luke gaur daukan bigarren helburua: Gasteizen joaneko partidan lortutako hamabi puntuko errentari eustea. 81-69 nagusitu ziren arabarrak urria bukaeran, eta hamabi puntuko alde hori mantenduko balute, Canturen aurretik geratuko litzateke, galduta ere. Berdindua dago oso A multzoa, eta puntu aldea erabakigarria izanen da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.