Iker Muniain. Athleticeko jokalaria

«Duela gutxi Guinness liburua erosi nuen, eta neure burua ikusi nuen»

18 urteko gaztea izan arren, taldeko erreferentzia nagusietako bat bihurtu da erdilari nafarra. Jokalari berezia da. Berandu baino lehen Athleticek txapelketa bat irabaziko duela iritzi dio.

haritz gallastegi
Bilbo
2011ko otsailaren 24a
00:00
Entzun
Mutil argia da. Bizia. Bere buruaz zalantza gutxi duena. Iker Muniain (Iruñea, 1992) amets bat bizitzen ari da. Gaztea izan arren, hasi da zeresana ematen Europako txapelketarik indartsuenetariko batean. Athleticeko jarraitzaileen kutuna da. Zaindu beharreko harribitxia. Pozik dago. Behin eta berriz agertzen du bere irribarre maltzurra.

Nola dago taldea, jokatutako azken neurketa biak galdu ondoren?

Inork ez du gustuko galtzea. Lau partida jarraian irabazi eta gero bi galtzeak ez digu min handirik eman. Ez dut uste atzerapausoa eman dugunik. Hala ere, Valentziaren kontrako partida erabakigarria da.

Denboraldi honetan ezin dizue Europan sartzeko aukerak ihes egin.

Oso lan ona egiten ari gara. Azken denboraldietan baino errazagoa izango dela uste dut. Ezin dugu huts egin.

Talde asko zaudete borroka berean sartuta. Zuretzat, zeintzuk dira aurkari nagusiak?

Atletico Madril eta Sevilla.

Txapeldunen Ligarekin amets egiten duzue?

Amets egitea ez da ezer kostatzen. Badakigu ez dela samurra izango, baina zergatik ez dugu ba lortuko?

Valentzia mendean hartzea izan daiteke ametsa egia bihurtzeko eman beharreko lehen pausoa. Unai Emeryk zuzendutako taldea goi mailakoa izan arren, Athletic behartuta dago etxean irabaztera?

Gure zaleen aurrean neurketa guztiak irabaztera gaude behartuta. Etxean oso ondo ari gara. San Mames gotorleku egin dugu. Orain arte bezala jarraitu behar dugu.

Taldea maila ona ematen ari da. Besteak beste, zu ere oso ondo ari zarelako. Denboraldi honetan urrats handia egin duzu.

Oso pozik nago ematen ari naizen mailarekin. Hala ere, nire jokoa hobetzeko lanean jarraitu behar dut.

Athleticen munduko txapeldun bik jokatzen dute, baina zuk haien adinako protagonismoa daukazu. Interes handia sortzen duzu. Ohitu al zara guztien ahotan egotera?

Ez dut uste protagonista nagusieetako bat naizenik. Kontu horiek alde batera lagatzen ahalegintzen naiz. Taldearen alde lan egitea baino ez daukat buruan. Hori da nire betebehar bakarra.

Egunetik egunera jokalari ezagunagoa zara Espainiako Ligan. Aurkariek gero eta arreta handiagoa jartzen al dute zure jokoan?

Bai. Aurkariek gero eta gehiago aztertzen dute nire jokatzeko era: nondik irteten naizen… gero eta hobeto ezagutzen naute. Eta, era berean, debutatu nuenean bainogertuagoa izaten ditut.

Mallorcan, esaterako, ostikada asko eman zizkizuten. Zure jokatzeko eragatik ohikoa bilakatuko da hori. Prest al zaude?

Nik baloia oinetan dudala egiten dut aurrera. Beraz, logikoa ere bada kontrarioek sarrerak egitea. Prest egon behar dut. Ez naiz kikilduko.

Egungo futbolean gorputz eta indar handiko futbolariek arrakasta handia dute. Zu, berriz, txikia zara (1,69 metro). Eta txiki izateak asko laguntzen dizu gustuko jokoa egin ahal izateko.

Jokalari bakoitzak bere dohainak baliatzen ahalegindu behar du. Ez dago jokalari handia eta indartsua izan beharrik futbolean ondo jokatzeko. Bartzelonako txikiak dira horren adibiderik garbiena.

Messi eta Muniain alderatzeko zaletasuna ere badute batzuk. Ez al da gehitxo izango?

Barre egiteko gogoa sartzen zait horrelakoak entzuten ditudanean. Messirekin alderatzen nauenak ez daki asko futbolaz. Messi onena da. Arlo pertsonalean zein taldeka lorpen asko eta garrantzitsuak lortu ditu. Alderaketa hori egitea sekulako inozokeria da.

Argentinarrak ez dauka parekorik, beraz.

Nik uste dut beste guztien gainetik dagoela. Cristiano Ronaldok antzeko maila dauka, baina egun ez da Messirenera ailegatzen.

Zertan uste duzu hobetu behar duzula aipatu dituzun jokalariek duten mailara ahalik eta gehien hurbiltzeko?

Arlo askotan. Ez dut gauza zehatz batean itsutu gura. Lan eginda, futbolari hobea izatea lortuko dut.

Zer espero duzu lortzea futbolean?

Taldean Athleticekin txapelketa bat irabaztea gura dut. Ikaragarria izango litzateke. Arlo pertsonalean, berriz, futbolari zein gizaseme gisa ahalik eta gehien haztea gura dut.

Athleticek eman al diezazuke zuk eskatzen duzun guztia?

Bai. Orain arte asko eman dit. Esker oneko berbak baino ez ditut bai klubarentzat, baita bertako langileentzat ere. Etxean moduan zaindu naute etorri nintzenetik.

Zeinek lagundu dizu gehien?

Familiaren babes handia izan dut. Ez dute sekula huts egin.

Zer gogoratzen duzu Athleticekin egin zenuen lehen denboraldi-aurretik? 14 urteko gaztetxo bat zinen…

14 urte nituen, bai! Harriduraz hartu nuen berria. Nahiko gogorra izan zen. Oso gaztea nintzen. Kosta egin zitzaidan gainerako taldekideen erritmoa hartzea.

Lehen Mailan gol bat sartzea lortu duen futbolari gazteena zara. Balio handia dauka zuretzat?

Sekulako ilusioa egin zidan. Duela gutxi errekorren Guinness liburua erosi nuen, eta neure burua ikusi nuen (kar-kar).

Behar den moduan baloratzen ari al zara horren denbora gutxian lortzen ari zaren guztia?

Noski! Argi daukat zer gertatzen ari den nire inguruan. Gauzak merezi duten moduan baloratzen erakutsi didate.

Gaztea izan arren, denbora dezente daramazu futbol profesionalean. Ba al dago gorroto duzun zerbait?

Bidaietako trajea janztea da gorroto dudan gauza bakarra (kar-kar). Gainerako kontu guztiak ditut gogoko.

Idolorik izan al duzu?

Jokalari askoren jarraitzailea izan naiz. Athleticen Guerrero, Yeste eta Etxeberria izan ditut gustuko. Bestalde, erretiroa hartu duen Ronaldo ere asko miresten dut.

Zer da zuretzat Joaquin Caparros?

Egun bizi dudan ametsaz gozatzeko aukera eman didan entrenatzailea da. Esker oneko berbak baino ez ditut harentzat. Nire alde egin duen guztia itzultzea espero dut.

Zein da Athleticen daukazun lagunik onena?

Taldekide guztiekin daukat harreman ona. Oso lagun onak ditut. Hala ere, Javi Martinezekin eta Amorebietarekin pasatzen dut denbora gehien.

Beheko mailetan ere makina bat lagun dituzu. Egun gaztetxoetan, Baskonian edo eta Athletic B-n ari direnetatik zeinek uste duzu jarraituko duela zure bidea?

Iñigo Ruiz de Galarreta oso ona izango dela uste dut. Derioko egoitzan sarri aritu gara elkarrekin. Oso ona da. Luze gabe San Mamesen protagonista izan daitekeela uste dut.

Denboraldi honetan gol bi sartu dituzu. Euretako bat ospatzerakoan zango-babesa erakutsi zenuen. Bart Simpson ipurdia erakusten erakutsi zenuen, hain zuzen ere. Zergatik?

Golik sartzen ez nuela esaten zutenei erakutsi nien ipurdia. Bart Simposenekin batera ospatu nuen gola —Muniainek Bart Simpsonen antza duela esaten dute—.

Haserre al zeunden gol senik ez daukazula aurpegiratzen zizutelako?

Beno… Apur bat.

Osasunaren kontra jokatu bezperan egin zenituen adierazpenengatik damutu al zara?

Damutu? Zergatik? Nik ez nuen damurik merezi duen ezer esan. Ez nuen ezer txarrik esan.

Gazte naturala zara. Pentsatzen duzuna esaten duzu. Horren argia izateak arazoak ekar diezazkizukeela uste duzu?

Osasunaren kontuarekin argi ikusi zen hori. Hala ere,oraingoz ez daukat aldatzeko asmorik. Pentsatzen dudana esaten jarraituko dut.

Zelaian bezain gaiztoa al zara berdegunetik kanpo?

Batzuetan. Uste dut kanpoan formalagoa naizela (kar-kar).

Zelaia aipatuta. Zein da ezagutu duzun futbol zelairik ederrena.

Niretzat San Mames, duda barik. Gainerako zelaietatik Santiago Bernabeu da onena: luxua, gauzarik berrienak… denetarik dauka. Ederra da.

Zer duzu gustuko futbolean aritzeaz gain?

Denbora apur bat dudanean familiarekin eta lagunekin egoteko aprobetxatzen dut. Oso gustuko dut Txantreara joatea. Eroso nago han.

Gainerako kirolak ere gustuko dituzu?

Bai. Aukera badaukat, lagunekin aritzen naiz. Baina lasai, gorputza behartu barik.

Futbolari izan ez bazina, non egongo zinateke orain?

Ez dakit. Futbolerako dohainak ikasteko izan banitu, elkarrizketa hau egiten egon beharrean Unibertsitatean egongo nintzateke.

Ikasle txarra izan al zara?

Ez. Etxean gogor egin didate beti. Iruñean bizi nintzenean nahiko nota onak ateratzen nituen. Bilbora etorri nintzenetik arreta handiagoa jarri dut futbolean, eta horregatik apur bat makalago aritu naiz ikasketetan.

Zein izan zen lehen soldatarekin erosi zenuen kapritxoa?

Ez dut ezer berezirik egin. Beharrezkoak diren gauzak erosteko erabili dut dirua. Orain arte ez dugu premia larririk izan. Ez naiz dirua botatzearen zale.

Gidatzeko baimena badaukazu?

Bai. 18 urte bete nituenean egin nuen lehen gauza izan zen. Bi hilabetean esku artean neukan gidabaimena.

Orain ez daukazu inoren beharrik Lezamara joateko, beraz.

Bai, askatasun handiagoa dut.

Jateko gauzarik gustukoena?

Gure amak prestatutako pasta.

Zenbat urterekin sinatu zenuen lehen autografoa?

14 urterekin. Nagusiekin entrenatzen hasi nintzenean.

Bukatzeko. Zer esango zenieke Athleticeko zaleei?

Denboraldi honetan Europan jokatzeko aukera izateko egin beharreko guztia egiteko prest gaudela. Aukera Txapeldunen Ligakoa bada Europako Ligakoa baino, askoz hobe. Bestalde, epe ertainera begira, txapelketa bat irabazteko pauso egokiak ematen ari garela ere esan gura diet.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.