Ez ziren garaipenetik urruti ibili, eta ez da gutxi. Ez ziren lotsagarri geratu, eta ez da gutxi. Itxura polita eman zuten, eta goraipatzekoa da. Kontuak kontu, eta urrian taldeen sasoia onena ez bada ere, Memphis Grizzlies NBAko taldea delako. Eta Baskonia ACB ligakoa. Europako ligarik oneneko ordezkaria, baina Europakoa. Ez ahaztea komeni. Baskoniak onartu zuen Elvis Presleyren hiriko taldeak botatako soka, eta bata eta bestea tira eta tira ibili ziren ia partida osoan. Baskoniak hobeto ekin zion neurketari, eta sei punturen aldea izan zuen lehen laurdenean. 11 punturaino ere handitu zuen zuloa bigarren laurdenean: 19-30. Baloia bizi erabili zuen; blokeo eraginkorrak egin zituen, eta hiruko jaurtiketetan, %40tik gorako portzentajea izan zuen.
Brad Oleson eta David Logan izan ziren ordu arte onenak. Estatubatuarrak dira biak, eta bistan da motibazio bereziarekin ari zirela jaioterrian. Bina hiruko saskiratu zituzten, eta partida hasi eta berehala erakutsi zuen Baskoniak bere taktika: baloia etengabe kanpoko lerroan mugitzea jaurtitzeko aukerarik onena bilatu arte. Saskipean baliabide sendorik gabe dago Baskonia sasoi honetan, Stanko Barac izan ezik eta parean Marc Gasol edo Zach Randolphen moduko morrosko handiak edukita, haien alboan ez jokatzen saiatzea onena.
Erasoan txukun ari zen Baskonia, baina trukean, komeria askorekin defentsan eta trantsizio jokoan. Memphisek eta NBAko talde gehienek euren indar fisikoan, jokalariek buruz buru duten eraginkortasunean oinarritzen dute jokoa, eta halaxe gertatu zen FedEx Arenan ere. Baskoniak kale egindako jaurtiketari errebotea, eta kontraerasoa, eta barneraketa azkarrak, defentsa kokatu aurretik. Sam Young eta Mike Conleyk nahi adina zulo bilatu zuten Baskoniaren saskian, Huertas, Ribas, Oleson eta Logan parekoak baino azkarragoak eta indartsuagoak direlako.
Memphisek aurrea hartu zuen atsedenaldiaren atarian, 51-50, minutu asko markagailuan atzetik joan ostean, eta bigarren zati hasieran partida haustear egon zen. Baracek seigarren falta egin zuen hirugarren laurdena hasi eta gutxira, eta Memphisko jokalariek etekin handia atera zioten kroaziarraren hutsuneari. Izan ere, Barac bera oztopo handia delako jokalari txikienentzat. Baskoniak bost minutu luze egin zituen saskiratu gabe, besteak beste, etxekoek estutu egin zutelako defentsan, eta Memphisek 11 puntuko zuloa ireki zuen.
Partida bukatuta zegoela zirudien, baina Baskonia jaiki egin zen. Pazientziaz gidatu zuen taldea Huertasek, eta pixkanaka aldea murrizten hasi. Zortzi puntu, sei, bakarra San Emeteriok hirukoa saskiratu ondoren... Teletovicek zortzi metroko hiruko ikusgarria sartu zuen laurdeneko azken hamarrekoan, eta 78-80 aurreratu zen Baskonia.
Nahi eta ezin
Baskoniak lanean segitu zuen, temati, baina sentsazioa beste bat zen. Memphisek estutzen zuenean, desoreka eragiten zuela. Marc Gasolek Musliren biguntasuna baliatu zuen hiru puntuko bi jokaldi egiteko errenkadan, eta aitaren batean hanka egin zuten berriro etxekoek. Bi minuturen faltan, 14 punturena zen aldea, 109-95, baina Baskoniak txukundu egin zuen markagailua azken 90 segundoetan. Ondorio onen artean, Muslik jokatutako lehen minutuak eta baloiaren zirkulazio ona eta azkarra. Hobetzekoen artean, erronka zaila: saskipeko zuloa estaltzeko premia gorria.
Memphis Grizzlies 110
Baskonia 105
Memphis Grizzlies. Gay (10), Randolph (8), Mayo (9), Conley (27), Marc Gasol (12) -hasierako bostekoa-; Arthur (12), Young (21), Thabeet (2), Law (5) eta Henry (4).
Caja Laboral Baskonia. Logan (14), Oleson (14), San Emeterio (15), Teletovic (24), Barac (6) -hasierako bostekoa-; Bjelica (5), Ribas (8), Musli (10), Huertas (7) eta Buesa (2).
Markagailua. 19-25, 51-50 (atsedenaldian); 78-80 eta 110-105.
Epaileak. Javie, Cutler eta Zarba. Ez zuten inor kanporatu.
Bestelakoak. 7.940 ikusle Memphisko FedExForum pabiloian.
Duintasunez aritu dira
Baskoniak nahiko itxura polita eman du NBAko talde baten aurka lehen aldiz jokatu duen partidan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu