TXIRRINDULARITZA

Dumoulinentzat izan da urrezko domina erlojupekoan

Txirrindulari herbeheretarra nagusitu da Bergenen (Norvegia), Munduko Txapelketako erlojuaren aurkako proban. Primoz Roglic esloveniarrarentzat izan da zilarrezko domina, eta Chris Froomerentzat brontzezkoa. Jonathan Castroviejo 14. postuan sailkatu da, eta Gorka Izagirre 27.ean. 

2017ko irailaren 20a
18:02
Entzun

Dumoulinek erakustaldia eman du bizikleta gainean. Lehen mugarrian izan ezik, guztietan izan da azkarrena. Helmugan, ia minutu bateko aldea atera dio Roglici (57,79) eta ia minutu eta erdi Froomeri (1.21,25). Nelson Oliveira portugaldarra sailkatu da laugarren eta Vasil Kirienka bielorrusiarra bosgarren. Askoz atzerago sailkatu dira proban lehiatu diren bi euskal txirrindulariak. Jonathan Castroviejo getxoztarra hamalaugarren izan da, Dumoulinengandik bi minutu pasatxora (2.01,39). Gorka Izagirre ormaiztegiarra, berriz, 27. postuan sailkatu da, irabazlearengandik ia hiru minutura (2.48,78). 

Dumoulinek bigarren urrea du Bergenen, joan den igandean taldekako erlojupekoan ere nagusitu baitzen Sunweb taldearekin. Aurretik ere dominak irabazitakoa da Munduko Txapelketan. Hala, 2014an, Ponferradan (Espainia), brontzezkoa eskuratu zuen erlojuaren aurka. Hiru urte geroago podiumeko koska gorenera igo da. 26 urteko herbeheretarrak, beraz, denboraldi bikaina biribildu du, joan den maiatzean ere Italiako Giroan nagusitu baitzen. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.