Durangarra naiz ni, bai». Ez da ari brometan Carmen Small (Durango, Colorado, AEB, 1980). «Desberdina da nire jaioterria eta zuen Durango, baina gertuko sentitzen dut zuen hiria ere. Ederra da izen bereko lekuan lehiatu ahal izatea». Bestela ezin eta, bere Durango «hiri zoragarria» dela aitortu du Emakumeen Biran liderraren maillot horia jantzita ibili den txirrindulariak (Cervelo Bigla). «2.000 metroko altueran bizi gara han, mendi artean, eta batzuetan oso gogorrak izaten dira neguak. Eguraldiaren eraginez, batzuetan ezinezkoa izaten da hango errepideetan entrenatzea, eta mugitu egin behar izaten dugu batera edo bestera». Zero azpitik 2,6 gradukoa izaten da abenduko batez besteko tenperatura, eta zero azpitik 3,4 gradukoa urtarrilekoa. 17.000 biztanle eskas ditu Smallen jaioterriak, eta urte guztian 491 litro euri pilatzen da. Alderaketan hasita, 29.000 biztanle eskas ditu Bizkaian kokatuta dagoen Durango herriak, eta urtean 1.118 litro euri jasotzen dituzte. 8,9 eta 8,8koa izaten da, berriz, abenduko eta urtarrileko batez besteko tenperatura. AEBetako iparraldean baino dezente epelago egiten du Euskal Herrian.
36 urte betetzear dela —hurrengo asteazkenean du urtebetetze eguna—, Small izar bihurtu da bizikleta gainean, besteren artean brontzezko domina kolkoratu zuelako 2013ko Munduko Txapelketan, Italian, erlojupeko proban, eta urrezkoa taldeka, Specialized-Lululemon taldearekin. «Baina iraupen eskian hasi nintzen umetan, eta boleibolean eta kayakean ere aritu nintzen eskola garaian. Badakizu, denetik egin behar izaten zen orduan eta...». Kirolari amorratua izaki, triatloian ere ibili zen ondorengo urteetan. «Baina bizikletarekin proba egiteko aholkua eman zidaten une jakin batean».
Eta, emaitzak aintzat hartuta, aldaketa ez zen izan kalterako. Corey Hart da Smallen entrenatzailea azken hamalau urteotan. «Urte asko daramatzagu elkarrekin, eta konfiantza eta indar handia ematen dit beti parean dauzkadan erronkei aurre egiteko». Matematika ikasketak egin zituen estatubatuarrak, eta oraindik ere, tarteka, ibiltzen da irakaskuntzan ordezkapenak egiten. Matematika kontuak buruan dituela, eta Emma Johanssonek (Wiggle) dagoeneko sailkapenean alde polita lortu duen arren, «borrokan jarraitzeko prest» dago Cervelo Biglako txirrindularia, umetatik besterik ez duelako egin izan: goi-goi mailako helburuak lortzeko gogotik borroka egin.
Ahizpa helduago bat badauka Smallek. «Baina hura ez da kirolaria», argitu du, irribarrea ahoan duela. Gurasoak, berriz, «txirrindularitza zaleak» direla zehaztu du estatubatuarrak. «Baina ez txirrindulari izandakoak. Aita biatloian aritzen zen». AEBetako biatloi selekzioko kide ere izan zen. Kirol kontuak erroraino sartuta dauzka Cervelo Biglako txirrindulariaren familiak.
Olinpiar urtea izaki, durangarra Rioko Olinpiar Jokoei begira dago jada. «Sailkapena lortu beharra daukagu oraindik». Baina taldekako jazarpena dauka begiz jota. «Zoragarria litzateke Riora joan ahal izatea». Belodromoan gogotik lan egindakoa da Small, 2014an errepideko kontuak alboratu, etxeko epelera joan, eta AEBetako selekzioarekin lan zehatza egiten hasi zelako. Baina, zaleen zorionerako, errepideko lasterketa askotan parte hartzen ari da berriz ere, Cervelo Bigla taldearekin. «Olinpiar Jokoen ondoren, urtero bezala, Munduko Txapelketan dominen borrokan sartzen saiatuko naiz, noski».
Maillota jantzi, bizikleta gainera igo, eta eraldatu egiten dira txirrindulariak. «Baina gainerakoan oso pertsona arrunta naiz ni. Sukaldean aritzea eta senarrarekin egotea gustatzen zait, familiaren ondoan ibiltzea». Eguneroko bat ere badauka, blog edo webgune bat [carmen-small.com]. «Eta tarteka gustatzen zait irakurleei nire sentimenduen berri ematea». Twitter sare sozialean ere ageri da —@smallsunday—, eta ia 5.000 jarraitzaile ditu.
Katuekin maiteminduta
Barrua pixka bat gehiago askatzen hasi, eta Cat lover [katu maitalea] gisa definitu du Smallek bere burua. «Izugarri gustatzen zaizkit katuak». Haren Twitter kontuan pixka bat arakatzea nahikoa da hori berresteko: argazki pila bat dauzka eskegita. Eta, noski, bi katu dauzka etxean. «Hansi eta Kaven dute izena. Orain ezin dut haurrik eduki, eta bi katutxoak dira nire haurrak», adierazi du, barrez. «Ez dakit zergatik, baina betidanik gustatu izan zaizkit asko».
Euskal zaleentzat ere izan ditu esker hitzak. «Irteeretan giro zoragarria sortu dutelako. Neska-mutiko asko inguratu dira egunero, guztiak garrasika... Ederra izan da». Denboraldiko lasterketa gehienetan hainbesteko babesik ez dutela izaten gaineratu du estatubatuarrak. «Eta asko eskertzen da berotasun hori».
Txirrindularitza. Emakumeen Bira
Durangarra jaiotzez
AEBetako Durango herrian jaiotakoa da Carmen Small, Biran liderraren maillota jantzita ibili den txirrindularia. Eskiari heldu zion umetan, eta matematika ikasketak dauzka eginda.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu