Eraztuna bera eta hamarkada honetako jokalari onenaren lehia daude auzitan NBAko finalean, eta oraingoz, Kevin Durantek aurrea hartu dio LeBron James indartsuari. Oklahomako hegalekoak 36 puntu erabakigarri lortu zituen lehen deman (105-94), baina ia erdiak azken laurdenean, puntuek balio bikoitza dutenean eta dena zailagoa denean. 17 puntu lortu zituen Durantek azken hamar minutukoan, parean Wade, Battier eta James bera izan bazituen ere. Michael Jordan jainkoaren marka ere berdindu zuen. Izan ere, Jordanek puntu kopuru bera lortu zuen final bat jokatu zuen lehen aldian.
Jakina da finala Duranten eta Jamesen zenbakiek erabakiko dutela. Jamesek partida txukuna jokatu zuen —30 puntu eta bederatzi errebote—, baina aspaldiko partez trakets samar ibili zen jaurtiketetan, %50aren azpitik ibili baitzen. Defentsan Oklahomak oztopo asko jarri zizkiola adierazten duen datua. Talde lana ere erabakigarria izan zen Oklahomak lehen partida irabazteko. Westbrookek 27 puntu eta 11 asistentzia lortu zituen. Harden beste egunetan bezain fin ez zen ibili, baina Sefoloshak eta Nick Collisonek ere laguntza ona eman zuten. Sefoloshak Wade ezerezean utzi zuen (jaurtiketetan, %36,8), eta Collisonek 8 puntu eta 10 errebote lortu, 21 minututan (bost erasokoak).
Bigarren partida bihar goizaldean jokatuko da (03:00ak Euskal Herrian), eta Miamik hobeto jokatu beharko du, etxera 2-0ekoarekin itzuli nahi ez badu.
Durantek lidergo lezio bikaina eman du, eta 1-0 aurreratu da Oklahoma City
36 puntu sartu ditu, 17 azken laurdenean; Jamesen erronka onartu, eta aro oso bateko ikur izango dela berretsi du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu