«Uste nuena baino gutxiago da», onartu zuen atzo Asier Olaizolak Mikel Sanchez doktorearen kontsultatik irten berritan. Belauneko lesioetan dagoen espezialistarik handienetako batek susmorik txarrenak arindu zituen. Goizuetako aurrelariak lesioa du eskuineko belaunean, baina ez hasieran uste zen bezain larria. «Atzeko lotailu gurutzatua pixka bat hautsita dut, eta bihurdura larri bat bezalakoa. Esan didatenez, bi edo hiru hilabete egin beharko ditut jokatu gabe. Hori bai, ez didate ebakuntzarik egin beharko, eta indartuta sendatuko da».
Olaizola I.a binakako txapelketa jokatzen ari zen, eta Ekaitz Saralegik ordezkatuko du aurrerantzean Ruben Belokiren alboan. Txapelketako partidan hartu zuen min, iragan larunbatean, Tafallan, eta atzora arteko itxaronaldia ez da gozoa izan. «Beldur nintzen lotailua erabat hautsia izanen nuela, baina haustura oso txikia da. Bi egun pasatu ditut zer izan zitekeen pentsatzen, zerbait hautsia zegoela banekien, baina ez zer. Egun hauek zalantza askorekin igaro ditut».
Olaizolatar nagusiari atzo goizean egin zizkioten probak Gasteizen. Erresonantzia magnetikoa egin zioten lehenbizi, eta Iñigo Simon Asegarceko medikuak artatu zuen. Hasieratik ikusi zuten haustura bat zegoela, baina Mikel Sanchezek zuen azken hitza. Eguerdi aldera joan zen bere klinikara, eta pilotariak lasaitua hartu zuen han. Atzeko lotailu gurutzatua pixka bat hautsia du, baina fisioterapia tratamendu kontserbadorearekin aski izango da.
Astean bitan joango da Sanchez doktorearen kontsultara, eta, pilotariari esan diotenez, buruz buruko txapelketarako erabat osatuta egongo da seguru asko; hala ere, ez dio egutegiari begiratzen. «Hasiera batean manomanistarako prest egongo naizela esan didate,baina ez diot eperik jarri nahi neure buruari». Binakako txapelketa apirilaren 17an bukatuko da, eta pentsatzekoa da buruz burukoa aste pare bat geroago hasiko dela; beraz, Olaizola I.a justu iritsiko da prestaketa egokia egin ahal izateko.
Ebakuntza saihestu du
Asier Olaizolak haustura txiki bat du belauneko atzeko lotailuan, eta beharbada hiru hilabete egingo ditu jokatu gabe
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu