Bilboko Bizkaia pilotalekua gaur irekiko dute, eta 3.000 eserlekuak bete egingo dira binakako txapelketako finalerdietako ligaxkako lehen jardunaldiko partida ikusteko. Olaizola II.aren eta Beginoren aurka jokatuko dute Irujok eta Merino II.ak. Iberoko aurrelariak arazo fisikoak izan ditu belaunean, eta herenegun arte kolokan egon zen. Eskuak, baina, ez ditu bere onenean; azken partidan ezin izan zuen pilota nahi bezala astindu. Zalantza horiek eragina dute pilotazaleen ustean, eta apustuak 100-60ri irtengo dira Asegarcekoen alde.
Bilboko eta Bizkaiko pilotazaleek luze itxarondako eguna iritsi da. Pilotaleku bikaina, handia, ikusgarria, eta hori gutxi ez balitz, kantxarekin ere asmatu dute. Gainera, ziurtzat jo daiteke pilota aukeraketan agerturiko bi itogin handiak konponduko zituztela. Beste kontu bat izango da aparkatzeko arazoak. Edukiontzia primerakoa da, eguna ere bai, orain edukia maila berean egotea falta da, eta Irujok zerikusia izango du estreinaldia borobiltzeko garaian.
Lehen fasean erregulartasun gutxi erakutsi duten bi bikote neurtuko dira. Bi aldiz jokatu dute elkarren aurka, bana irabaziz. Aurrenekoan, Aritz Lasa aritu zen Irujoren ordez, eta Asegarcekoek 22-15 irabazi zuten. Bigarrenean, Iberokoa aritu zen, eta Aspekoak 22-13 gailendu ziren. Bilboko pilotaleku berria da bientzat, eta Asegarcekoek asko gustatu zaiela adierazi dute. Aspekoen aldetik, Irujoren sasoia da buruhauste nagusia. Pilotaleku bizia da, eta goian sarerik ez duena. Jotzaileek min asko egin dezakete Bizkaia berrian. Dena, baina, hipotesiak dira, gaurtik aurrera argitzen joango direnak.
Edukia baino ez da falta orain
Binakakoaren finalerdiak hasiko dira gaur Bilboko pilotaleku berrian, Irujoren sasoiaren inguruko zalantzekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu