mendiA

Edurne Pasaban da ofizialki hamalau zortzimilakoak egiten lehen emakumea

Elizabeth Hawleyk ere ez du ontzat hartu Oh Eun-Sunek Kanchenjungara eginiko igoera. Pasabanek hasieratik jarri zuen zalantzan korearraren igoera, eta aitortu du albisteak "lasaitasuna" ematen diola.

2010eko abuztuaren 30a
13:31
Entzun
Zortzimilakoetako markak egiaztatzen dituen Elizabeth Hawleyk ez du ontzat jo Oh Eun-Sunek Kanchenjungara eginiko igoera eta, ondorioz, ofizialki Edurne Pasaban (Tolosa, 1973) bihurtu da munduko zortzi mila metrotik gorako hamalau mendiak egiten aurreneko emakumea.

Hawley kazetari estatubatuarra da eta 60ko hamarkadatik bizi da Nepalen. Himalayara doazen espedizioak tontorrera iritsi direla frogatzeko jo ohi dute harengana. Hawleyk espedizio bakoitzaren txostena egin ohi du eta mendizaleen artean onarpena du. "Sentitzen dut Oh Eun-Sunengatik, baina orain haren aukera bakarra itzultzea eta igotzea da", esan du Hawleyk.

Hego Koreako Federazioak ere asteburuan ez du ontzat hartu Oh Eun-Sunen marka. Honek frogatzat emandako argazkiak aztertu zituen aditu talde batek, eta erabaki zuen ez direla Kanchenjunga gailurrekoak.

Pasabanek maiatzaren 17an igo zuen bere azkeneko zortzimilakoa: Shisha Pangma (8.027 metro). Oh Eun-Sun korearrak ustez aste batzuk lehenago zapaldu zuen bere hamalaugarren zortzimilakoa -apirilaren 27an, Annapurna-, baina Pasabanek orduan bertan jarri zuen zalantzan haren lorpena.

Tolosarrak aitortu du albisteak "lasaitasuna" ematen diola, "arrazoi" zuela ikusi baita. "Hala ere, berriak ez du nik egindako lana aldatu". Haren hurrengo helburua 2011n Everest oxigenorik gabe igotzea da.

Juanito Oiarzabal (1999) eta Alberto Iñurrategi (2002) euskal mendizaleek ere hamalau zortzimilakoen marka egina dute. Reinhold Messnerrek (Hego Tirol) lortu zuen lehen aldiz: 1986an.



Pasabanen zortzimilakoak

- Everest (8.848 metro). 2001eko maiatzaren 23an.

- Makalu (8.465). 2002ko maiatzaren 16an.

- Cho Oyu (8.201). 2002ko urriaren 5ean.

- Lhotse (8.516). 2003ko maiatzaren 26an.

- Gasherbrum II (8.035). 2003ko uztailaren 19an.

- Gasherbrum I (8.068). 2003ko uztailaren 26an.

- K2 (8.611). 2004ko uztailaren 26an.

- Nanga Parbat (8.125). 2005eko uztailaren 20an.

- Broad Peak (8.047). 2007ko uztailaren 12an.

- Dhaulagiri (8.167). 2008ko maiatzaren 1ean.

- Manaslu (8.156). 2008ko urriaren 5ean.

- Kangchenjunga (8.586). 2009ko maiatzaren 18an.

- Annapurna (8.091). 2010eko apirilaren 17an.

- Shisha Pangma (8.027). 2010eko maiatzaren 17an.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.