mendia

Edurne Pasaban-eta iritsi dira beheko kanpalekura, ondo

Tolosar mendizaleak atzo lortu zuen Shisha Pangmako tontorrera heltzea, eta dagoeneko baditu hamalau zortzimilakoak.

2010eko maiatzaren 18a
11:52
Entzun
Edurne Pasaban (Tolosa, 1973) eta haren espedizioko kideek ondo bukatu dute Shisha Pangmarako (8.027 metro) joan-etorria, atzo goizean tontorrera iritsi zirenak beheko kanpalekuan daudelako dagoeneko, 5.600 metrora, www.edurnepasaban.com-ek duela gutxi argitaratu duenez. Nepalen 13:50ak zirela ailegatu dira -Euskal Herrian hiru ordu gutxiago-. Lehenago, bi sherpek janaria eta edaria igo diete lehen kanpalekura, jan-edana egin ondoren trasteak hartu dituzte eta beherako bidea hartu dute.

"Pozez txoratzen heldu dira, baina nekea gainean dutela; izan ere, 75 eguneko espedizioa izan da", esan du beheko kanpalekutik Pablo Diaz-Munio taldeko medikuak. Apirilaren 17an Annapurna (8.091) igo zuten Pasabanek-eta.

Bere hamalaugarren zortzimilako gaina lortu zuen atzo tolosarrak. Besteak beste, Alex Txikon eta Asier Izagirre euskal mendizale eta Al Filo de lo Imposible Espainiako telebista saioko taldekideekin heldu zen gora.

Hala, zortzi mila metrotik gorako hamalau mendiak igotzen bigarren emakumezkoa da. Oh Eun-Sun hegokorearrak joan den apirilaren 27an erdietsi zuen marka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.