Efren Vazquez (Derbi) prest dago datorren asteburuan Munduko Motoziklismo Txapelketa hasteko. 125 cc-ko motoen lasterketan lehiatuko da aurten ere gidari bilbotarra, eta helburu nagusia karrera bat irabaztea eta lehen bost gidarien artean sailkatzea izango du.
Qatarren jokatuko da sasoiko lehen lasterketa, eta horren atarian Munduko Txapelketan debuta egin zuen eguneko ilusioarekin doala esan du gaur. Denboraldi-aurreko saioak ez dira nahi bezain onak izan, baina horregatik lasai dagoela esan du Vazquezek.
Lehen karrerara begira garbi utzi du Losailgo zirkuiturako egokitzapenaren menpen egongo dela. Izan ere, basamortuaren erdian korritzen da Qatarko Sari Nagusia, eta gauez, argi artifizialarekin. "Pistan hondarra izaten da, eta erne egon behar da hutsegiterik ez egiteko", esan du.