Egiguren II.a-Lopez dira faborito gaur lehen finalerdian

Erkiagaren eta Alliezen aurka izango dute jokoan binakako finalean sartzea, Markinako Uni-an

Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2010eko urriaren 9a
00:00
Entzun
Munduko Pilota Batzarrak antolaturiko binakako zesta-punta txapelketako lehen finalerdia gaur jokatuko da, Markinako Uni pilotaleku historikoan (18:00). Jai-Aliveko bi bikotek neurtuko dituzte indarrak, eta irabazlea finalean sartuko da. Mikel Egiguren eta Imanol Lopez izango dira faborito Aritz Erkiagaren eta Arnaud Alliezen aurkako partidan. Irabazleek bihar jakingo dute zeintzuk diren astearteko aurkariak, Julen Bereikuak eta Felix Espillak Diego Beaskoetxearen eta Erik Irastorzaren aurka Durangoko Ezkurdin jokatuko baitute kanporaketa.

Sailkatze faseko lehen eta laugarren sailkatuek neurtuko dituzte indarrak, eta Egigurenek eta Lopezek garaipen argia ez den ezer ezustekotzat jo daiteke. Txapelketaren aurkezpenean faboritoen artean ageri ziren, eta Gotzon Enbilen lesioarekin uste hori sendotu egin da. Jokaturiko hiru partidak irabazi dituzte, eta hiruetan ondo aritu dira.

Erkiaga eta Alliezen kasua oso ezberdina da, bi partida galdu dituzte, eta bakarra irabazi, Goikoetxea eta Arriolaren aurka (35-13). Partida bitxia irabazi zuten, gainera, Arriola ikusle gisa joan baitzen eta 1-2koarekin Praderak -Enbilen ordezkoak- min hartu zuenean jantzi baitzuen saskia. Partida horretako tanto alde handiari esker lortu zuten sailkatzea, beste bi partidak galdu baitzituzten: 35-34 Bereikua-Felixen aurka, eta 35-25 Beaskoetxea-Irastorzaren kontra. Gaurko euren aurkariek, berriz, bi bikote horiei irabazi zieten: 35-21 Bereikua eta Felixi, eta 35-31 Beaskoetxea-Irastorzari.

Nitroko finala, etenik gabe

Abel Barriolak eta Oinatz Bengoetxeak lau t'erdiko Nitro torneoko finala jokatuko dute gaur, Zallako Mimetiz pilotaleku urdinean (18:00, Nitro). Kaiola hastear dagoenean, finalak ikusmin berezia sortu du, are gehiago txapelketako lehen partidak irabazten badituzte bi leitzarrek hiru aste barru berriz ere indarrak neurtuko dituztela jakin zenetik.

Lau t'erdikoaren aurkezpenean hauts asko harrotu zuen telebistak txapelketan bi atseden eskatzeko aukera izango duela jakiteak, baina gaurko partidan oraindik ez da legedia hori indarrean jarriko. Bainet ekoiztetxean ere ez dakite zehazki noiz hasiko diren etenaldiekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.