Buxtehuder 31. Itxako 32

Egina dago urratsa

Asko kostata irabazi du Itxakok Alemanian, eta ia eskura dauka Txapeldunen Ligako hurrengo saioan aritzea

Silvia Navarro Itxakoko atezaina, atzo, Buxtehuderreko jokalari batekin aurrez aurre. Sekulako lana egin zuen. ITXAKO.
Erredakzioa
Iruñea
2011ko urriaren 30a
00:00
Entzun
Buxtehuder. Krause, Bulau (3), Fischer (4), Klein (1), Lamein (9), Lamp, Langkeit, Lütz (2), Luschnat, Melbeck (6), Stapelfeldt (3), Techert (3).

Itxako. Navarro, Barno, Egozkue (1), Aguilar (3), Aguirre (3), Tervel, Zebic (4), Fachinello, Pinedo (3), Martin (4), Milenkovic, Alonso, Barbosa (8), Pena (6), Teres.

Markagailua. 3-1, 5-6, 6-9, 9-9, 11-11, 14-14 (atsedenaldia). 16-17, 18-20, 20-25, 23-27, 28-29, 31-32 .

Epaileak. Barstosz Leszkizinski eta Marcin Piechota poloniarrak. Bi minuturako kaleratuak Buxtehuderreko Klein, Bulau, Lutz eta Fischer, eta Itxakoko Pinedo, Barbosa (birritan) eta Pena (birritan).

Bestelakoak. Jendetza bildu zen Hanburgoko O2 World pabilioian. 14.000 lagunentzako tokia dauka, eta emakumezkoen Txapeldunen Ligako partidaren ostean gizonezkoen Txapeldunen Ligako partida jokatu zuen etxeko taldeak.

Txapeldunen Ligako onenen saioan, Maind Round delakoan arituko da Itxako berriro, sekulako ezustekorik ezean. Hanburgon zeukan urratsa egin beharra, eta Hanburgon egin zuen urratsa, Buxtehuder etxeko taldeari irabazita. Kostata, asko kostata, baina irabazita. Bere multzoko azken sailkatua mendean hartuta, zazpi punturekin jarri da Itxako sailkapenean lehenengo. Multzoko beste bi taldeak, Dinamo Volgograd eta Oltchim Valcea, gaur dira elkarren kontra aritzekoak (14:00). Espero den bezala, Oltchim Valceak irabazten badu, Itxakok eta Oltchimek egingo lukete aurrera.

Ez zuen atzo Hanburgon jokatutako partidak Lizarran jokatutakoaren batere antzik izan. 32-21 irabazi zuten hura nafarrek. Hasieratik izan zirelako kontrarioak baino gehiago, eta amaiera arte izan zirelako haiek baino gehiago. Bazekiten atzo oso bestelako kontrarioa izango zutela aurrean. Etxean, 14.000 lagunentzako tokia duen pabilioian, beste talde bat izan ohi da Buxtehuder. Eta halaxe izan zen. Partida hasi berritan izan zuten horren berri nafarrek. Kosta egin zitzaien tokia hartzea, kosta alemaniarren defentsa gogorra gainditzea, baina Silvia Navarroren geldituek eman zioten tokia hartu eta patxadaz hasteko aukera. Berdindu eta aurrea hartu zuten uneka, baina alemaniarrek ez zuten sekula amore eman eta tokirik galdu. 14nakoarekin joan ziren aldageletara, zer hobetua bazegoela pentsatuz.

Are gehiagoa, etxekoek bigarren zatia nola abiatu zuten ikusita: 2-0eko partzialarekin. Eskerrak nafarrek azkar erreakzionatu zuten: 0-3ko partzialarekin. Une horretan hartu zuen Ambros Martinen taldeak partidaren gidaritza. Errenta txikiekin, baina partida kontrolpean zutenaren sentsazioarekin. 45. minutuan jo zuten kolpea, Milenkovicen jarduna baliatuta: bost goleko errenta. Egia da etxekoek ere berehala erreakzionatu zutela, baina hor jakin zuen Itxakok partida aurrera atera zezakeela. Berriro lortu zuen 3-4 goleko errenta, eta, indarka eta asko kostata bada ere, horri eusten saiatu ziren uneoro. Alemaniarrek, izan ere, asko estutu zuten kontrarioa. Asko. Baina errentari eusteko heldutasuna erakutsi zuten jokalari nafarrek —ez dira alferrik Espainiako Ligan eta Txapeldunen Ligan zaildutakoak—, eta zortea ere alde izan zuten zenbait jokaldi erabakigarritan. Irabazi beharra zuten eta horixe egin zuten. Barbosa izan zen nafarren artean jokalari erabakigarria (zortzi gol). Gaur bazkalostean dira Lizarrara iristekoak, eta bi partidako beste aste bat dute aurrez aurre. Txapeldunen Ligako hurrengoa, Volvogograden kontra, azaroaren 5ean, Lizarran.

Kukullagaren lehen garaipena

ABF ligan ari diren beste bi euskal taldeek atzo jokatu zituzten seigarren jardunaldiko partidak. Bera Berak Porriñoren kontra jokatu zuen etxean, eta aise atera zuen norgehiagoka aurrera (31-11). Agerian gelditu zen egun bi taldeen artean dagoen koska. Kukullagak, aldiz, ABF ligan ari denetik irabazi duen lehen partida irabazi zuen Etxebarrin (Bizkaia). Castro izan zuen kontrario, eta gol bakarragatik bada ere, irabazi egin zuen partida (28-27).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.