Jokalari aldaketak. NBAk bi harimutur lodi izaten ditu otsailean, eta horien bueltan ibiltzen dira berri gehienak: All Star-a (Izarren Partida) eta jokalari aldaketak egiteko data mugak eragiten duen zurrumurru festa (trade deadline esaten diote AEBetan). Aurten ere hala izan da, baina jokalari aldaketak sortutako burrunbak erabat irentsi du zozo samarra izan zen Izarren Partida. Datuak esanguratsuak dira oso. Ia ehun jokalari egon ziren dantzan, hara eta hona joan (300 daude NBAn), eta azkenean 48 jokalarik aldatu zuten hiriz eta taldez. Hogei taldek parte hartu zuten aldaketaren batean, eta horietako batzuk hautsak harrotu dituzte. Batzuk taldeko jabe eta jokalari batzuen egoari eutsi ezinik egin dira. Beste batzuk talde batzuei hego berriak eman eta hegan has daitezen. Helburu hori lortzeko ahalegina egin, baina hegoak moztuta geratu diren taldeak ere ez dira gutxi izan.
Carmelo Anthony. Milaka prentsa orri, telebista irudi eta irrati uhin bete dituen eleberri aspergarria bihurtu zen azkenerako Carmelo Anthonyren etorkizuna. Bera New Yorkekoa da jaiotzez, eta hango taldean jokatu nahi zuen, kosta ahala kosta. Denverrek, ordea, ez zuen jokalaria saldu eta esku-hutsik geratu nahi, eta New Jersey Nets taldeko Mijail Prokhorov jabe errusiar berriak muturra sartu izana ezin hobe etorri zaio Denverri, salmenta garestitu eta jokalari sorta polita lortzeko. Anthony eta Billups bidali zituen Denverrek New Yorkera, Timofei Mozgov, Wilson Chandler, Danilo Gallinari eta Raymond Feltonen truke. New Yorkek bi izar ditu, Anthony eta Amar'e Stoudemire, baina laguntzaile apalak. Mike D'Anthony entrenatzaileak hausnarketa interesgarria egin du, horren inguruan: «Eraztunak partidak irabazteko gaitasuna duten izarrek irabazten dituzte, ez talde onek. Guk bi izar ditugu, eta eraztuna lortzeko pauso garrantzitsua eman dugula uste dugu». Denborak kendu, edo emango dio arrazoia.
Ezinikusia. Prokorovek ere bere taldean nahi zuen Anthony, bere taldea Newarkera, Hundson ibaiaren bestaldera mugituko delako 2013an, eta Anthony pizgarri ezinhobea zelako, zale piloa erakartzeko. Ez zuen lortu, baina ez zen konforme geratu, ego handia duelako. Gutxik ulertu duten mugimenduan, Deron Williams fitxatu zuen, Utah aldera Devin Harris eta Derrick Favors rookie-a bidalita. Williams ona da, baina New Jerseyn zulo handia aurkituko da, taldeak ez daukalako non heldu, eta 2012an kontratua bukatzen zaionean korrika ihes egingo duela diote mingain gaiztoek. Baita Utah inork ez zuelako jasaten utzi duela ere. Izan ere, ego handiko mutila da D-Will,eta Jerry Sloan taldeko entrenatzaile mitikoaren kargugabetzea bultzatu omen zuen, Sloan berarekin ika-mika publiko bat eduki ostean. «23 urte daramatzat taldea zuzentzen, dagoeneko ez daukat zertan ume mokoen harropuzkeria jasan», esan zuen Sloanek. Sloan jubilatu egin da, eta Williams ere bai. New Jerseyn jokatzea jubilatuta egotearen parekoa baita izar handi batentzat. Egoarekin geratu da Williams, baina hegorik gabe. Hegorik gabe Sloan, baina egorik gabe. Beti bezala.
Mugimendu interesgarriak. Bi jokalari aldaketa horiek erakarri dute arreta handiena, baina aintzat hartzeko moduko beste batzuk ere izan dira. Oklahomak eta Bostonek egindakoa, adibidez. Kendrick Perkins eta Nate Robinson iritsi dira Mendebaldera, eta Nenad Krstic eta Jeff Green ekialdera mugitu. Oklahoma garaile, adituen arabera, Perkinsek defentsan ematen duen indarragatik. Oklahomak Nazir Mohammed morroskoa ere lortu du, Lakersen aurkako balizko finalean Pau Gasol eta Andrew Bynum zazpi oinekoei aurre egin ahal izateko. Atlantak ere Kirk Hinrich lortu du, gutxi galduta, eta beste mugimendu asko milioi zakua aurreratzeko helburu hutsarekin egin dira. Hala ulertu behar da, adibidez, Los Angeles Clippersek Baron Davis Clevelandera bidaltzeko egin duen mugimendua. Deigarria da, era berean, NBAko eraztuna irabazteko faborito sendoenek, Lakersek eta Miamik, ez dutela aldaketarik egin. Konforme daudelako ote?
Bosgarren Hiribidetik
Egoak eta hegoak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu