Dani Estrada. Realeko jokalaria

«Egokituta nago defentsan, eta gero eta hobeto ari naiz»

Meniskoa apurtu eta urtebetera, Carlos Martinezen lesioak hamaikakoaren ateak zabaldu dizkio zarauztarrari.

ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Xabier Lopetegi.
Donostia
2011ko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
2010eko urtarrilaren 3an, Realak Vila-real B-ren zelaian jokatu zuen. Hasierako hamaikakoan aritu zen Dani Estrada (Zarautz, Gipuzkoa, 1987). 23 urte bete zituen egun hartan, baina ospakizunetarako aukera handirik ez zuen izan: epaileak bi txartel hori atera zizkion, eta meniskoa apurtu zuen, joko bolada ederrean zegoela. Azken-aurreko partidan, berriz, hamaikakora itzuli zen lehen aldiz Ligan, eta Lehen Mailan, Zaragozaren aurkako partidan. Urtarrilaren 3an. Bere urtebetetzean, beste behin. «Kasualitatea da», aitortu dio BERRIAri. «Gustura nago, gogo handia nuelako taldean sartzeko. Ez da gauza bera entrenatzea eta gero igandeetan kanpoan gelditzea, eta jokatzea».

Zer moduz eraman zenuen lesioa?

Egun hobeak eta txarragoak dauzkazu. Hasieran animatuta zaude, ahalik eta azkarren sendatzea pentsatzen, baina osatzeak bere martxa dauka.

Zer izan zen zailena?

Albistea eman zidaten unea. Sekulako kolpea izan zen. Jokatzen ari nintzen, taldea oso ondo zegoen, eta ebakuntza egingo zidatela jakitea gogorra izan zen, baina gero ondo atera zen, eta berehala hasi nintzen osaketa prozesuan pentsatzen. Lehen lesio larria izan zen niretzat. Noizbait gertatu behar zuen, baina espero dut berriro ez gertatzea.

Zer moduz ikusi duzu zeure burua bi partida hauetan?

Entrenatzen gogor aritzen zara, baina partidetako intentsitatea partidetan bakarrik dago, eta beti duzu zalantza. Zaragozan fisikoki ondo sentitu nintzen, eta baloiarekin ahalik eta seguruen aritu nintzen, pixkanaka konfiantza hartuz. Zelaian sentsazioak hartu behar dira. Lasai eta seguru aritzeko eskatu zidan Lasartek, eta konfiantza hartzen nuen heinean aurrera joateko.

Bertolo eta Perotti zaindu zenituen.

Jokalari onak dira biak. Lehen Mailan talde guztiek dauzkate jokalari trebeak, zelai erditik aurrera batez ere, eta bat edo bestea egokitu, beti emango dizkizu lanak. Uste dut, une hobeak eta txarragoak izan arren, nahiko txukun ibili nintzela lehen partidak izateko. Baina taldeak galtzen duenean sekula ez zaude gustura.

Zer moduz egokitu zarete Lehen Mailara?

Ondo. Azken lau partidak galdu arren, Bartzelonakoan izan ezik, partida guztietan borrokatu gara, eta oso partida orekatuak izan dira. Pena da azken minutuetan galdu ditugula batzuk. Puntu kopuru polita dugu, baina oraindik ez dugu ezer egin eta aurrera segitu beharra dago, lanean.

Carlos Martinez eta biak ari zarete postuan txandakatzen.

Lehia gogorra dugu. Berak min hartu zuenean ni sartu nintzen, eta gero alderantzizkoa gertatu zen. Bere momentua ondo aprobetxatu zuen, eta entrenatzailearentzat ez da erraza aldatzea halakoetan. Inork ez du nahi taldekide batek min hartzea, baina futbolaren gauzak dira, eta jokatzen ari ez bazara, prest egon behar duzu aukera iristen denerako.

Zer moduz ikusi duzu Carlos Martinez?

Oso ondo aritu da. Norgehiagoka onak jokatu ditu. Orain niri egokitu zait jokatzea, eta ez dakigu zer gertatuko den, baina dauzkadan aukerak ahalik eta ondoen aprobetxatzen saiatuko naiz.

Elkar zirikatzen duzue?

Aspalditik ezagutzen dugu elkar, eta lehia zintzoa dugu. Reala B-n ere bat egin genuen. Harreman ona dugu zelaietatik kanpo, baina kirol arloan, normala den bezala, bakoitzak berea bilatzen du.

Honezkero atzelari sentitzen zara?

Beti esan dut jokatzea dela nahi dudana eta entrenatzaileak esaten zidan tokian jokatuko nuela. Azken urteetan defentsan egokitu zait, eta egokituta sentitzen naiz hor, gero eta hobeto. Ezberdina da aurrean edo atzean aritzea, baina futbola da azken finean. Hala ere, gauza asko hobetu behar ditut; mugimenduak, esaterako.

Erdilari gisa erasoan zenuen askatasuna faltan ematen duzu?

Jokatzea eta laguntzeko aukera izatea da garrantzitsuena. Beti gustatzen zait aukera dudanean gora joatea erdiraketak edo jaurtiketak egiteko, baina atzelari baten lehentasuna defenditzea da.

Itxaropena duzu Bigarren Mailan erakutsitako maila berreskuratzeko?

Beti duzu itxaropena, maila hori berreskuratzeko, baita gauzak hobeto egiteko ere. Oraindik gaztea naiz.

Egutegi gogorra datorkizue: Getafe, Vila-real, Almeria eta Real Madril; horietatik hiru, etxetik kanpo.

Uste dut denboraldi honetan taldeak erakutsi duela edozeini egin diezaiokeela aurre. Nahiz eta zaila izan, konbentzituta joan behar dugu zer edo zer egitea badagoela zelai horietan. Taldea ondo ikusten dut animoz. Asko izorratzen du lau partida galtzeak, batez ere batzuk nolakoak izan ziren ikusita, baina ezin dugu konfiantza galdu. Hutsetatik ikasi, eta aurrera jarraitu beharra dago.

Defentsarekin kezkatuta zaudete?

Azken partidetan gol asko sartu dizkigute. Baina aurreko sasoian sendotasuna zen gure ahalmenetako bat, eta jokalari berberak gara. Egia da Lehen Mailako aurrelariak on-onak direla, baina boladak ere badira, eta espero dut hobera egingo dugula.

Zer espero duzu sasoi honetatik?

Igo ginenetik, denok eduki dugu garbi helburua mailari eustea dela. Beste zer edo zer badator, hobe, baina beste gauza batzuetan pentsatu aurretik 40 puntu lortu behar ditugu ahalik eta azkarren. Egia da sailkapenean aldea dugula, baina gureari begiratu behar diogu. Goizegi da besteen emaitzei begiratzen hasteko.

Zein itxura hartzen diozu Demidovi?

Jatorra da. Nahiko ondo sartu da taldean, eta jokalari gogorra eta sendoa dirudi, baina zelaian ikusi beharko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.