TXIRRINDULARITZA. ESPAINIAKO VUELTA

Egon hadi lo, eta jango duk mehe

Kelmeko Cayetano Julia espainiarrak irabazi du Caceresen, ihes eginda; Iñaki Isasik aukera ona galdu zuen garaipen zerrenda estreinatzeko

Andoni Urbistondo.
2004ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Iñaki Isasiarabarrak aukera ona galdu zuen atzo garaipen zerrenda estreinatzeko. Ia dena egin zuen ondo Arespalditzakoak, baina kale egin zuen une erabakigarrian. Indarrik gabe geratu zen agian, edo bidailagunei begira geratu, haiek erantzukizuna har zezaten, berak ordurako nahikoa egin zuela pentsatuta. Segundo horietan egin zion ihes bere kirol ibilbideko garaipen onena lortzeko aukerak. Jabetu zenerako, 20 segundora zegoen Kelme taldeko Cayetano Julia, eta amore eman zuen.

Julia espainiarrak beste aurkarien zaintza baliatu zuen, eta ezustean irabazi. 13 txirrindulariko talde batetik sei geratu ziren, eta Julia izan zen seiko horretan atzean geratu zen lehena. Ez zen indartsuena, ziur aski ahulena, baina bere aukera baliatu eta urrea lortu zuen. Isasik lan ona egin zuen, baina ez zuen errematean asmatu. Erne irten zen Illes Balearseko Txente Garcia-Acosta nafarraren eta haren Pablo Lastras taldekidearen erasoei, bai baitzekien bi horiek zirela aurkari arriskutsuenak. Hirutan hartu zuen ardura Isasik taldea hautsi nahi zutenen bila abiatzeko, garaipena esprintean erabaki zedin, baina laugarrenean, besteei begira geratu zen, eta akabo.Isasi baino eskarmentu gehiago dute Lastrasek, Danilo di Lucak, Antonio Cruzek eta Valjavecek. Indarrak gordetzen jardun zuten azken bost kilometroetan, eta Juliak aurrera egin zuenean, denak besteari begira geratu ziren, haren bila nor irten zain. Egon hadi lo, eta jango duk mehe, dio euskal esaera zahar batek. Horixe gertatu zitzaien Isasiri eta lau iheslagunei. Jabetu zirenerako, berandu zen, ez zegoen erremediorik.Euskaltel-Euskadi taldekoak lasai lo egin dezake, halere, bera izan zelako taldetxoko onenak estu-estu zaintzeko ardura hartu zuena. Di Luca, Cruz eta Valjavec lan gutxiena egin eta ahalik eta etekin gehiena lortzen saiatu ziren, baina erein gabe nekez jaso daiteke uzta. Bost axola atzoko garaipenak Di Lucari, garaipen zerrenda txukuna dutelako, baina Isasi luze gogoratuko da Di Lucaren jarrerarekin. Hori onartu beste erremediorik ez du, dena den, bakoitzak egoki deritzon jarrera hartzen baitu.Tropelak ere bidea lasai egitea erabaki zuen. Ihes zihoan 13ko taldeak 21 minutuko zuloa ireki zuen arte. Lanean hasi ziren orduan. Aurrekoak ordu erdiko aldearekin iristea lotsagarri samarra litzateke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.