Emiliano Armenteros orain dela bost urte iritsi zen Espainiara, Argentinatik. Sevillak fitxatu zuen. Lehen Mailako talde horretan, baina, ezer gutxi jokatu du. Hiru aldiz aritu da utzita: behin Xerezen, eta bitan Rayo Vallecanon. Ez da harritzekoa, beraz, Armenterosek Osasunan egonkortu nahi izatea. «Hainbat urtean aritu naiz utzita, eta orain egonkortzeko aukera dut. Hiru urterako sinatu dut, baina ea urte gehiago gera naitekeen», esan zuen atzo 26 urteko erdilari argentinarrak Taxoaren, bere aurkezpenean.
Horrelakoetan gertatu ohi den bezala, Armenterosek hitz onak besterik ez zuen izan fitxatu duen taldearentzat. «Oso ondo antolatua dago Osasuna, ia-ia familia bat bezala. Taldeko jendea ezagutzen dut, eta oso ondo hitz egin didate Osasunaz eta Iruñeaz. Talde berrira egokitzeko gogo handiarekin nator. Futbola garai zail batean dago, eta uste dut funtsezkoa dela talde batean ordena izatea. Osasuna oso ondo antolatuta dago. Horregatik etorri naiz».
Taldeari eskainiko dionaz galdetuta, berriz, Osasunako jokalariak adierazi zuen «lana eta ahalegina» eskainiko dizkiola, entrenatzaileak jartzen duen tokian jartzen duela. «Lana eta esfortzua dira talde honen berezitasun nagusiak, eta hori oinarrizkoa da gaur egungo futbolean».
Armenteros atzo entrenatu zen lehen aldiz taldekide berriekin. Goizez eta arratsaldez aritu zen, Jose Luis Mendilibarrek hala erabakita, Osasuna goizez eta arratsaldez ari baita entrenatzen denboraldi-aurre honen hasieran. Iruñeko taldeak datorren asteazkenean jokatuko du lehen lagunartekoa, Huescan (Espainia), etxeko taldearen aurka.
Egonkortu nahian
Hainbat taldetan utzita aritu ondoren, Osasunan sendotu nahi duela esan du Armenterosek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu