Euskal Herriko emakumezkoen selekzioak Eslovakiaren aurka jokatuko du ekainaren 23an, 16:30ean, Donostiako Anoeta futbol zelaian. Egun osoko festa antolatu dute estadioaren inguruan, goizetik iluntzera arte.
"Ekainaren 23a egun magikoa izaten da Euskal Herrian, agur esaten diegu espiritu txarrei eta ongietorria ematen diegu amets berriei. Aurtengoa egun magikoa izateaz gain, egun historikoa izango da". Hala mintzatu da gaur Maite Inda Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluko kidea.
Goizean eman dute egitarauaren berri Zubietan, eta han izan dira Euskal Selekzioaren Aldeko Iritzi Taldeko, Euskal Herria Kirola elkarteko eta Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluko ordezkariak, baita festan eta partidan parte hartuko duten hainbat lagun ere.
10:30ean hasiko da festa Anoeta kanpoaldean. Irrien Lagunak-en jolasgunea, kale animazioa, Txan Magoaren ikuskizuna eta beste izango dira goizean. 13:00etan ekitaldi ofiziala egingo dute, eta arratsaldean musika izango da estadioan nahiz kanpoan. Jokoak eta zozketak ere izango dira.
Atxikimendua jaiari
Partidako sarrerek 5 euroko prezioa dute 6-14 urte bitartekoentzat, eta 10 eurokoa 15 urtetik gorakoentzat. Honako tokietan eskura daitezke: www.hamaikagara.com webgunean; Donostian Anoeta futbol zelaiko txarteldegian (bezperan eta egunean bertan), Erniope tabernan eta Aratz erretegian; Bilbon Kalderapekon; Iruñean Iruñazarran; Baionan Kalostrapen; eta Gasteizen Hala Bedi tabernan.
Egun horretarako kaleratu duten manifestuarekin bat egiteko aukera ere badago webgunean.
Bota penaltia Asier Riesgori
Euskal Herria-Eslovakia partidaren atsedenaldian Asier Riesgo Osasunako atezainari penalti bat botatzeko aukera izango dute jarraitzaileek. Horretarako formulario bat bete behar da, eta zozketa egingo dute ondoren.