Maiatzaren 22a kolore laranjaz markatuta egongo da Euskaltel-Euskadiren egutegian. Urteko 365 egunetako maitatuena izango da, ziurrenik. Ez da gutxiagorako. Bi urtez jarraian egun horretan eskuratu baitu Euskal Herriko taldeak Italiako Giroko etapa garaipen bat. Iaz, Mikel Nieve gailendu zen, Gardecciako gainean, itzuliko etaparik menditsuenean, eta atzo, Jon Izagirrek altxatu zituen besoak, Falzesko helmugan. Ongi merezita altxatu ere. Hori da hori indar eta jarrera erakustaldia eman zuena Ormaiztegikoak (Gipuzkoa). Hamar laguneko ihesaldian nagusi izan zen, eta aise utzi zituen atzean aldapan gora gainontzekoak. Dudarik gabe, maiatzaren 22ak badu zerbait berezia Miguel Madariagaren taldearentzat. Egun seinalatua da.
Hasieratik ikusi zen etapa aproposa izan zitekeela Izagirrerentzat. Soslaiari begiratuta, nahiko laua zirudien etapak, baina argi geratu zen gero ez zegoela halakorik. Goranzko joera zuten errepideetan ibili ziren ziklistak. Alegia, Izagirrek gustuko duen eremuan. 61. kilometroan osatu zen eguneko ihesaldia, eta tropelak helmugara heltzeko baimena berehala eman zion. Erreferentzia bat ematearren, aurreko hamar txirrindulariek hamabi minutuko aldea izan zuten helmugarako hogei kilometro falta zirela.
Izenei erreparatuta, Jose Herrada (Movistar) zen igotzailerik onena, euskaldunarekin batera. Hain zuzen ere, espainiarrak sortu zion komeria gehien Izagirreri, helmugarako 3,7 kilometro falta zirela erasoa jo zuenean. Ordura arte ongi moldatu ziren sasiordekan, baina azken txanpako aldapa gogorrean, Ormaiztegikoak atera zituen babak eltzetik. Aurretik ere pare bat eraso izan ziren, baina onena Izagirrek jo zuen. Lehenik Herradak eta ondoren Alessandro de Marchik (Androni) jarraitu zioten haren gurpilari, baina azkar eman zuten amore. Motorraren gisan egin zuen aurrera Izagirrek, eta, helmugako marran hamabost segundoko abantaila lortuta, itzuli handi bateko lehenengo garaipena eskuratu zuen.
23 urte besterik ez, eta esperientzia handiena duenak adinako zentzua erakutsi zuen Euskalteleko txirrindulariak. Eutsi behar zenean eutsi, eta jo behar zenean jo. Horixe egin zuen. Dotorea da bizikleta gainean, eta ausarta. Podiumean antzeman zitzaion poza ez zen berriketakoa. Denboraldiko bigarren garaipena du, Asturiasko Itzuliko erlojupekoaren ondotik. Euskaltel-Euskadik, berriz, seigarrena. Atzoko garaipenarekin, arnasa lasai hartzeko moduan da talde laranja, eta, orain, Nieve lehenengo hamarren artean sartzea da helburua.
Faboritoen txanda gaurtik
Atzo maldak izan ziren arren, tropela gaur sartuko da mendian. Beraz, sailkapen nagusia erabakitzen hasiko da, faboritoen mugimenduak espero baitira. Gaur 186 kilometroko ibilbidea izango dute ziklistek Falzes eta Cortina d'Ampezzo artean, eta ehun aldapa igoko dituzte. Lehen mailako bi mendate eta bigarreneko beste bi igoko dituzte.
Txirrindularitza. Italiako Giroa
Egun seinalatua
Jon Izagirrek indar eta jarrera erakustaldia emanda irabazi du Italiako Giroko 16. etapa; bikaina izan da azken aldapan jotako erasoaItzuli handi bateko lehen garaipena lortu du, eta Euskaltel-Euskadik, sasoiko seigarrena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu