Aulkitik begira

Egunero ikasten da

Aitor Manterola Garate.
2011ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
Aste oparoa. Ederra da futbolaz hitz egitea futboleko lagunekin. Orduak eta orduak igarotzeko gutxi behar izaten dugu. Joan zen astea bete-betea izan nuen alde horretatik. Halaxe tokatu zen, eta ondo baliatu nuen aukera. Hitzordua propio antolatu genuen. Hitz-aspertu hori ekarriko dut hona. Futbolaz aritu ginelako eta astero hemen hizpide izaten ditudan hiru taldeen jarduna ere hitzetik hortzera erabili genuelako. Eta, batez ere, nik lagunekin ikasia hemen partekatzeko.

«Ez dira entrenatzen». Halaxe bota zuen lagunetako batek Realaren eguneroko lanaz. Ikusi du makina bat entrenamendu, eta, haren ustez, lan txarra egiten ari dira. Errua entrenatzaileari botatzen dio, Montanierri. Baieztapen gogor horren atzean hau dago: berak beste modu batera entrenatuko luke taldea. Nik erantzun nion entrenatu entrenatuko direla baina bere gustuko metodologia ez denez horregatik esaten duela «ez dira entrenatzen». Izan ere, nire ustez, entrenatzaileok badugu harrotasun puntu hori. Norberea da onena, eta besteena ez badator bat norberaren bidearekin, ez duela balio esaten dugu. Badira horrelakoak gure artean, dezente gainera. Asko esatea izango da akaso, baina uste dut denok egin dugula bekatu hori noizbait.

«Jokalarientzat txarrena». Solasaldi berean, beste lagun batek hartu zuen hitza. Jokalari profesionala izana da. Oraindik ere Realaz ari ginen. Montanierrek egiten dituen aldaketa ugariak genituen hizpide, eta lagunak argi esan zuen: «Jokalarientzat txarrena da ez jakitea zertara jokatu behar duen. Nik bizi izan dut hori, eta horregatik ari naiz esaten». Hark ere ezbaian jarri zuen Montanierren jarduna, alor horretatik begiratuta. Hortaz, talde batek jokatzeko eredu argia bezain zehatza edukitzea hobea da oraintxe honetara eta gero hartara jokatzea baino. Badu logika. Baina beti berdin jokatzea ez al da ezinezkoa? Aurkariak ere baldintza dezake talde baten jokatzeko era, ezta?

«Dena garbi azaltzen die». Realetik Athleticera igaro ginen. Eta, nola ez, azaldu ziren Bielsaren izena eta metodologia. Gogoko dut Bielsa, eta arretaz ari naiz erreparatzen haren metodologiaren inguruko guztiari. Hemengo hitzen artera aurrena ekarri dudan lagunak ikusi ditu Lezamako entrenamendu hainbat ere. Azaldu zigun nola lantzen dituzten futboleko zenbait arlo. Kontatu zigun teknika eta taktika lantzeko metodo analitikoa erabiltzen duela Bielsak. Eta jokalarien mugimendu guztiak oso zehatz entrenatzen dituela. Partidako egoerak hartu, eta bakoitzean zer egin behar duten argi azaltzen diela gaineratu zuen. Lagunak ez zuen esan ez zaionik gustatzen hori. Nik berehala bota nion, zirikatu nahian: «Orduan, Athletic ere ez da entrenatzen, ezta?».

«Entrenamendu motzak eta biziak». Bigarren lagunaren jardunak Mendilibarren lana ekarri zuen hizpidera, gero. Haren aginduetara aritutakoa izanik, ederki ezagutzen du nolako lana egiten duen euskal herritarrak. «Nik izan dudan entrenatzaile onena da, dudarik gabe». Eta hori, ez zuela jokatu denboraldi hartan. «80 minutu bakarrik eman zizkidan». Haren entrenamenduak zergatik gustatzen zitzaizkion kontatu zigun ondoren: «Ordu eta laurden baino luzeagoak ez ziren izaten, baina oso intentsitate handikoak, bizi-biziak». Taldeko teknika asko lantzen zutela gaineratu zuen. Lagunaren hitzen hariari tiraka, bizpahiru gogoeta geratu zaizkit buruan bueltaka. Bat: jokalariei, oro har, entrenamendu biziak gustatzen zaizkie. Baloiarekin eginak, jakina. Baina bereizi egingo nituzke profesionalak eta besteak. Profesionalek nahi beste ordu dauzkate entrenatzeko, eta aukera hori baliatu egin behar da gauzak ahalik eta ondoen lantzeko. Bielsaren ariketa batzuk aspergarri samarrak izango dira jokalarientzat, mugimenduak nola landu baloirik gabe ere egiten dituelako, baina zer egin eta nola egin ikasteko egokiak dira. Beharrezkoak. Aldiz, profesionalak ez diren taldeetan, eta astean hiru entrenamendu egiten dituztenetan, gutxi egiten dira halakoak. Ulergarria da. Eguna nahikoa astuna izaten dute lanean-eta gero saioetan aspertzeko, nolabait esateko. Baina noizean behin egin beharko liratekeela uste dut, eta gutxiegi egiten direlakoan nago. Bigarren gogoeta: betiko esaldi batek dio jokatzen ez duen jokalaria ez dela gustura egoten jokatzeko aukera ematen ez dion entrenatzailearekin. Gehienetan hala izaten da, baina badira salbuespenak. Mendilibarren jokalari hau, joan zen asteko mintzakide laguna, adibidez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.