Unicaja Malaga 81. Lagun Aro GBC 89

Egurrean segitzen du Lagun Arok

Vidal, Panko eta Baroni esker gipuzkoarrek Unicajari irabazi diote, eta laugarren dira jada sailkapenean

Andoni Urbistondo.
Donostia
2012ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Unicaja Malaga. Rowland (15), Berni Rodriguez (6), Abrines (15), Peric (10), Zoric (6) —hasierako bostekoa—; Valters (16), Payne (6), Freeland (3) eta Lima (4).

Lagun Aro Gipuzkoa Basket. Salgado (9), Vidal (13), Papamakarios (7), Panko (23), Betts (4) —hasierako bostekoa—; Baron (21), Doblas (8), Lorant (4), Neto eta Ogide.

Markagailua. 19-19, 38-34 (atsedenaldian); 51-62 eta 81-89.

Epaileak. De la Maza, Perez eta Munar. Unicajako Zoric eta Lagun Aroko Betts kanporatu zituzten.

Bestelakoak. 6.500 ikusle inguru Martin Carpena pabiloian, ACB ligako 23. jardunaldiko partidan.

Olatuaren aparrean daude, eta ez dute olatutik jaitsi nahi. Lagun Arok ondo menderatu du Unicaja, eta dagoeneko sailkapeneko laugarren postuan dago. 13 partida jokatu eta 11 irabazi ditu, eta bolada on horrek meritu handia dauka, tarte horretan Lagun Aro baino askoz aberatsagoak diren taldeak belaunikatu baitira. Unicaja azkena. Etor dadila hurrengoa, halakoxea baita: Caja Laboral igandean Ilunben. Donostiako taldeak bigarren zati ikusgarria egin zuen, 55 puntu saskiratuz. Hirugarren laurdenean hautsi zuen dema, Unicaja zorrotz zaindu eta 13 puntutan utzita. 10-12 puntuko aldea lortu zuen orduan, eta ondoren ez zuen kale egin, eroso eutsi baitzion bukaerara arte.

Vidal, Panko eta Baron izan ziren gakoak, baina unean-unean, funtsezkoak izan ziren Papamakariosen defentsa, Doblasen erreboteak eta Salgadoren asistentziak. Vidalek 11 puntu sartu zituen lehen laurdenean, eta Berni Rodriguez erotu zuen. Unicaja, halere, aurretik zen markagailuan, erasoko errebotean duen indarrari esker. 38-34 iritsi zen atsedenaldira.

Lau puntu, ezer ez. Hirugarren laurdena egurrean hasi zuen Sito Alonsoren taldeak. Pankok lau puntu bakarrik saskiratu ahal izan zituen lehen zatian, Hrvoje Pericen defentsa ona izan zelako, baina aldageletatik bueltan erotu egin zuen Balkanetakoa. 11 puntu sartu zituen errenkadan, eta 45-51 hanka egin zuten donostiarrek. Baronek ere minutu onak jokatu zituen, eta bi hiruko dotorerekin 51-62 aurreratu zen hamar minuturen faltan.

11 puntu errenta ona da, baina jakina zen Unicajaren erreakzioa etorri, etorriko zela. Donostian lortutako hiru puntuko errentari eusteko, behintzat. Aldeko jarri zuen partida Malagako taldeak, eta 60-65 hurbildu, baina Papamakariosen hirukoak lasaitasuna eman zion Lagun Arori: 67-73. Salgado ere konforme ez, eta beste bat sartu zuen, 71-78koa jartzeko. Puntu bateko jaurtiketen erruletan sartu zen norgehiagoka ondoren, eta Pankok eta Baronek ez zuten barkatu. 13 garaipen, dagoeneko. Ez da azkena izango.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.