Bizkaiko Aldundiak 5,2 milioi emango dizkio Bilbo Basketi, horietatik 3,7 klubak Ogasunarekin duen zorra kitatzeko. EH Bilduren ustez, erabaki hori "bidegabea" eta "asaldagarria" da, "egoera larria bizi duten gizarteko beste hainbat sektoreri ukatzen dien tratua elitezko saskibaloi talde bati eskaini zaiolako".
Joseba Gezuraga EH Bilduko batzarkideak adierazi duenez, "guztiz onartezina da aldundiak gizarte zerbitzu guztietarako dirurik ez dagoela esan eta haien finantzaketarako eztabaida zabaltzen den aldi berean, diru publikoa klub pribatu bati bideratzea, gainera, klub horren kudeaketa azken urteetan desegoki eta iluna izan denean".
Gezuragaren ustez, "Bizkaian ikusten ari gara enpresa asko dagoela aurrera egiteko zailtasun handiekin. Batez ere, enpresa txiki eta ertainak. Aldundiak, ordea, ez du laguntzarik eskaini enpresa horiek desagertu ez daitezen, ezta Aldundiak ardura zuzena duen enpresen kasuan ere, Virtisuren kasuan esaterako".
Koalizioak ohartarazi du Bizkaiko hainbat udalek oinarrizko zerbitzuak mantentzeko "zailtasunak" dituztela eta etengabe ari zaiela Aldundiari inplikazioa eskatzen. "Aldundiak ez du halako esfortzurik egin nahi izan", erantsi du Gezuragak.