futbola

Ehun urte, gau bakarra

Realaren mendeurrenaren jaia ospatuko dute gaur Donostian. Taldeak gaur aurkeztuko du bere burua etxean, Real Madrilen aurkako lagunarteko partidan.

Garikoitz Goikoetxea.
2009ko abuztuaren 15a
16:46
Entzun
Iritsi da eguna. Jai giroak hartuko du gaur Donostia, Realaren mendeurrenaren karietara antolatutako ekitaldi andanarekin. Taldeak gaur aurkeztuko du bere burua etxean, Real Madrilen aurkako lagunarteko partidan. Neurketaz harago, ordea, jai giroa izango da nagusi Donostian, taldeak ez baititu ehun urte alferrik bete. Denak egingo du bat Donostian: taldearen mendeurrenaren ospakizunek, Real Madrilen bisitak, eta Donostiako Aste Nagusiko egun handiak.

Reala lehiaketa ofizialetan parte hartzen hasi zela bete dira aurten ehun urte. Club Ciclista izenarekin jokatu zuen 1909ko Espainiako Txapelketan, eta irabazi egin zuen. Geroztik Espainiako bi liga, Espainiako bi kopa eta Superkopa bat ere irabazi dituzte txuri-urdinek, guztiak 1980eko hamarkadan. Haiek guztiak gogoratzeko eta ospatzeko eguna izango da gaurkoa.

Mendeurreneko partida taldearen aurkezpena egiteko baliatuko dute txuri-urdinek, iragan denboraldia bukatu zenez geroztik ez baitute Anoetan partidarik jokatu. Bihar, norgehiagoka hasi baino lehenago, datorren denboraldiko jokalariak banan-banan aterako dira zelaira, eta sasoiko argazki ofiziala egingo dute.

Denboraldi-aurre txukuna eginda ariko dira zaleen aurrean, jokatutako lau partidak irabazita. Gaur, ordea, aurrekoak baino aurkari gogorragoa izango dute aurrean: Real Madril. Aparteko ikusmina Xabi Alonsok sortuko du, etxera bueltatuko baita. Hala ere, beste izarrak ere ikusteko gogoz egongo dira zaleak. Edonola delarik ere, Reala eta haren mendeurrena izango dira protagonistak gaur ilunabarrean Anoetan.

Gozatzeko deia egin die zaleei Manuel Lasarte entrenatzaileak. "Benetako festa izango da, eta bizi eta gozatu egin behar da". Hala ere, Real Madrili hortzak erakusteko asmoz aterako dira zelaira txuri-urdinak. Morala izango dute, denboraldi-aurreko partida guztiak irabazita; eta animoak ere bai, giro bikaina espero izatekoa da-eta gaur Anoetan. Realeko entrenatzaileak, ordea, ez harrotzeko eskatu du. "Hankak lurrean izan behar ditugu".

Ikusmina sortu du partidak, baina, azken batean, lagunarteko neurketa da Real Madrilen aurkakoa. Las Palmasen aurkako norgehiagoka, ligako lehena, izango da garrantzitsua. Jokalariek ere badakite hori. «Real Madrili gola sartzea gustatuko litzaidake, baina nahiago dut Las Palmasi sartzea», esan du Imanol Agirretxek. Mikel Gonzalezek gozatzera dei egin du, emaitzaz gaindi. "Egun berezia da, eta prestatzeko balio behar digu". Bi aste baizik ez dira falta ligari ekiteko.

Partidaz haratago

Real Madrilen etorrerak eta mendeurrenean haren aurka jokatzeak ikusmina sortu dute, baina gaurko festa ez da partidara soilik mugatuko. Anoeta futbol zelaian ez ezik, Donostiako kaleetara ere iritsiko da mendeurrenaren oihartzuna. Hala, 20:00etan, kalejira hasiko dute Bulebarrean, eta ordubeteren buruan Anoetara iristekoak dira. 100 haur inguruk eramango dute mendeurrenaren bandera ageri duen pankarta. Haren atzetik, ehunka zale joatea espero dute antolatzaileek.

21:00etan, Real Madrilen aurkako partida hasi baino ordubete lehenago, hasiko dituzte ekitaldiak Anoetan. Taldearen aurkezpena izango da orduan, eta ehun urteetako irudirik esanguratsuenekin egindako bideoa emango dute. Haren ondotik, berotzera irtengo dira Realeko eta Real Madrileko jokalariak. Bitartean, Union Artesanako danbor jotzaileek bira emango dute estadioan, Realarekin eta Donostiarekin zerikusia duten kantuak joz. Ondoren, mendeurrenerako egindako abestia kantatuko dute zuzenean Anoetan.

Partida amaitu ondoren, zelaiko argiak itzaliko dituzte, eta zaleei eskura jarriko dizkieten txinparta suziriak pizteko eskatuko dute. Hartara, argi berezi horiekin Anoeta estadioa argiturik, Zorionak zuri abestuz ospatuko dituzte Realaren ehun urteak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.