Lehenengoak azkena garaitu du. Espainiako Ligaren buruan da Atletico Madril, hiru punturen aldearekin, eta aise garaitu zuen atzo Eibar, hondarreko postuan den taldea. Lehen zatian, Correak sartu du lehen gola, eta jokalari horrek berak sartu du bigarrena ere, handik bi minutura. Carrascok bigarren zatia hasi berritan sartu du hurrengoa, eta Llorentek bi golekin errematatu du partida.
Partidaren hasieran izan da lehia pixka bat, Eibarrek nola edo hala eutsi nahi baitzion, baina bigarren goletik aurrera erabakita zegoen partida, eta etxeko taldeak zauria sakontzen jarraitu du bosgarren gola sartu arte.
Sevilla ere Reala baino hobeto aritu da, nabarmen. Nahi eta ezin aritu da etxeko taldea, markagailuan aurrea hartu duen arren. Sevilla lasai aritu da, eta bigarren zatian argi geratu da Reala indar txikiagoarekin zegoela. Carlos Fernandezek sartu du lehenengo gola, hirugarren minutuan. Lehen zatia bukatzerako irauli dute emaitza, ordea: Fernandok 21. minutuan berdindu du, eta En-Nesyri 23.enean sartu du partidako azkena. Reala zazpigarren postuan dago, 47 punturekin.