Emaitza mingarria jaso du gaur Eibarrek, zelaian egin duen ahaleginerako. Ekinean aritu da ia partida osoan, eta aurkariak baino gol aukera gehiago sortu ditu. Hala ere, 4-0 galdu du Balaidosen, Celtaren aurka. Aspasek gol bikainak sartu ditu, inor gutxik espero zitzakeen moduan, eta horrek asko baldintzatu du neurketa.
Partida hasi eta gutxira iristi da lehen kolpea. 5. minutuan, area ertzean hartu du baloia Aspasek eta oinaren barrualdearekin ezinhobeto jaurti du baloia bigarren zutoinera, Asier Riesgo heldu ezin zitekeen tokira.
Markagailuan atzetik jarri izanagatik, Eibarrek ez du burua makurtu eta ongi erantzun dio Celtaren golari. Enrichek eta Diopek partida berdintzeko aukerak izan dituzte, baina baloia ez da atean sartu. 36. minutuan, Aspasek berriz ere, area kanpotik aurreratuta ikusi du Riesgo eta baloia bikain loratu du. Lehen zatia amaitu denean, Eibar nagusi zen jokoan, baina 2-0 zen atzetik.
Bigarren zatia ere kemenez hasi du talde armaginak eta Kike Garciak eta Jordanek Celtako atezaina estutu dute. Hala ere, Eibar ez da gola egiteko gai izan eta Celtak, berriz, ez du alferrik galdu izan duen aukera. Brais Mendezek hirugarrena egin du 56. minutuan.
Partida amaitu aurretik, Arbillak akatsa egin du, pase txarra eman dio Riesgori eta bizi ibili da Aspas beste behin ere. Baloia lapurtu, Riesgori iskin egin eta atea hutsik zuela egin du 4-0ekoa.