Futbola-Lehen Maila

Eibarrek batu egin du, baldar arituta ere

Bana egin du Kordoban, aspaldiko partidarik kaskarrena jokatu arren. Eibarrek hamargarren segundoan jaso du gola

Lillo Eibarkoa, baloia lortzeko borrokan. R.A. / EFE
Aitor Manterola Garate.
2015eko urtarrilaren 16a
23:34
Entzun

Jakinaren gainean zeuden Eibarreko jokalariak Kordoba aurkari zitala izango zutela. Mezua behar bezala ez bazuten barneratu partidaren aurretik, aldagelan hitzez entzundakoa ez bazitzaien belarritik sartu, Kordobak berak sarrarazi zien lehia hasi eta hamargarren segundoa jokatzerako. Eibarrek tarte horretan dena egin zuen gaizki: erditik berak atera arren, Dani Garciak baloia galdu zuen, eta Florianek gola egin zion, erdiko bi atzelarien gehiegizko patxada ere baliatuz.

Jokaldi hori izan zen Eibarrek atzo lehen zatian egin zuenaren adierazle argiena. Hasi orduko galtzen. Gertatzen dela esango da, baina ezin zaio gertatu Eibarri, puntu bakoitza lortzeko izerdia latz bota behar duen taldea izaki. Taldearen itxura kaskarra eta ezintasuna azaltzeko beste jokaldia 42. minutuan gertatu zen. Erasoan azaldu zen Saul ezker hegaletik, baina baloia galdu zuen; ez zen defentsako lan bizkorra egiteko gauza izan, eta Bebek baloia hartu zuen; utzi zituen atzean Eibarreko bat, bi eta hiru jokalari, erraz asko; area izkinatik erdiraketa atera zuen Kordobak, eta area barruan bakarrik egin zuen errematea etxeko taldeak. Halakoak ere gertatu egiten dira, baina Eibarri ezin zaizkio gertatu.

Aspaldiko partida txarrena ari zen jokatzen Gaizka Garitanoren taldea. Aldeko golak haizea eman zion Kordobari, eta erasoan jarraitu zuen. Ezker hegaletik erraz asko sartu zen Edimar atzelaria, nahieran. Eskerrak Kordoba zen aurkaria, eta ez beste bat indartsugoa jokalari hobeez osatua, bestela lehen zatia amaitzerako Eibarrek galdua izango zuelako partida. Gabezia handiak erasoan ere bistaratu zituen taldeak. Garitanok Arruabarrena aulkian utzi zuen berriz, eta Javi Lara ipini hasieratik. Jokoa atzetik sortzeko garaian kamuts eta lotuta azaldu zen taldea. Ez zekien garbi zer egin. Motzean ez zeukan argitasunik Kordobaren aurreneko lerroa gainditzeko, eta luze jotzen zuenean, zelai-erdian erortzen ziren bigarren baloietara ez zen inor joaten, Manuk baloi luzearen bila egiten zuelako lasterkaldia. Erabat deseroso zebilen taldea, eta hori ikusirik, Garitanok aldaketak egin zituen atsedenaldian.
 

Bi taldeak, hamarrekin
Ekiza aldagelan utzi zuen, eta Añibarro sartu zuen. Zelai-erdian, Errasti aurrerago jarri zuen, Dani Garcia bakarrik utziz, eta Kordobako euskarriei lehen zatian baino lan gehiago emateko. Kordoba ere aldatu zen. Erabat. Baloia Eibarri eman zion, eta gehiago emango zion epailea azaldu ez balitz. Campadabal kaleratu (bi txartel horirekin) eta segituan, Piovaccariri txartel gorria atera zion, erabaki zorrotzegia hartuz. Bi taldeak hamarrekin ziren. Eibarrek 72. minutuan berdindu zuen. Saulen erdiraketa Arruabarrenak baliatu zuen buruz. Gero, Kordoba egin zen baloiaren jabe eta 90. minutuan, aukera garbia huts egin zuen Crespok. Asko atera zuen Eibarrek atzo Kordoban, gutxi eginda eta sasoiko partidarik txarrena jokatu ondoren. 

Golak. 1-0: Florinek (1. min); 1-1 Arruabarrenak (72. min.). 
Epailea. F. Teixeira Vitienes. Txartel horiak Kordobako Deivid, Campadabal (2), Crespo eta Edimarri eta Eibarreko  Raul Navas, Ekiza eta Javi Larari. Txartel gorriak Kordobako Campadabali (bi hori, 55. min), eta Eibarreko Piovaccariri (58. min). 
Bestelakoak. 11.000 ikusle Kordobako Arcangel estadioan. Eibartik ere joan zen zale talde bat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.