Ekaitzak Jenson Button du izena

Michael Schumacherrek beste 'pole' bat lortu du, eta Barrichello irtengo da bigarren, BAR autoak atzean dituztela

Laurentzi Garmendia
2004ko abuztuaren 15a
00:00
Entzun
Izugarrizko denborarekin jabetu zen Hungariako Sari Nagusirako lehen irteera postuaz Ferrari taldeko Michael Schumacher. Iaz zirkuitu honetan Fernando Alonsok egin zuen denbora onena entrenamenduetan. Aurten Schumacherrek denbora hori bi segundo eta erdian hobetu du.

Baina Alemaniako Sari Nagusitik hona izandako hiru asteko tartean hautsak harrotu dituenak ez du zerikusirik Ferrarirekin eta Renaultekin. Izan ere, guztiak ezustean harrapatuz, Williams-BMW taldeak Jenson Button fitxatu duela jakinarazi zuen. Albisteak BAR-Honda, Buttonen egungo taldea, erabat harrituta utzi du, horrek bi urterako kontratua hitzartua zutela baitio.

Kontua da Button bi urterako fitxatu zuela BAR-Hondak, eta aurten amaituko da bigarren urte hori. Baina beste birako aukera ere bazuen, eta horren aurretik Hondak 1 Formulan talde honekin jarraituko zuela ziurtatu behar zuen. Antza, erabaki hori dagoeneko ofiziala bada ere, Buttonen kontratuan zeuden data zehatzetarako ez zen gertatu, eta, hortaz, gidariaren ordezkariak Williamsi horren abisua eman zion. Hori guztia ordu gutxiren buruan gertatu zen, baina ondorioek luze joko dute.

Egoera ez dago batere garbi, BAR taldeak ez baitu Button horren erraz joaten uzteko asmorik. FIAren aurrean balioa duen Kontratuen Begirale Taldearen arabera, 2005 urterako Buttonek duen kontratua BARekin lotzen duena da, eta ez da besterik. Williamsek erakunde honen baliagarritasuna auzi hauetarako behinik behin zalantzan jarri du, datu esanguratsuak erakutsiz. Adibidez, Buttonek Williamsekin kontratua duela 2002. urteaz geroztik.

Jenson Button, etxeko lanak pilatuta

Zalantzarik gabe, honek guztiak zaildu egingo dio jarduna Buttoni hemendik aurrera. Taldean langile askori traizio hitza datorkio burura, izugarrizko lana egiten ari baita BAR aurten. Adibidez, aurreko lasterketan goizeko ordu txikiak arte Buttonen autoarekin lanean aritu ziren ara-zo bat konpontzeko. Uste maltzurren arabera, urte amaiera bitartean taldeak Satori eman-go dio traturik onena, eta Buttonen emaitzek behera egingo dute.

Atzoko entrenamenduetan Ferrariren nagusitasunak segida izan zuen, eta ez zen halakorik espero, ez behintzat halako neurrian. Michelin pneumatikoek itzuli bakarrean emaitza hobea eman dute orain artean, eta Hungaroring bezalako zirkuitu mantsoan abantaila eurena izango zela espero zen. Lehen lerroa, baina, Schumacherrek eta Barrichellok osatu zuten. Atzetik Sato eta Button dituzte, BARekoak biak.Bosgarren postutik Alonsok ekingo dio. Han irabazi zuen Alonsok 1 Formulako bere lehen proba bakarra oraingoz, eta irteeran postu pare bat irabaziz gero, Ferrarien aurkaria da. Makal aritu ziren McLaren autoak. Raikkonen bakarrik sartu zen lehen hamar postuetan. Aurreratzea ia ezinezkoa den zirkuituan ez da irteera posturik onena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.