Frantziako Tourra: 10. etapa

Ekaitzaren osteko barea

Mark Cavendishek esprintean irabazi du Tourreko etaparik lasaienean. Dagoeneko 33 garaipen ditu Tourrean, eta bakarrera du Eddy Mercxen marka.  Bihar, Mont Ventoux handia igo beharko dute, bi aldiz.

Mark Cavendish, garaipena eskuratu aurreko azken estutualdian. Aurtengo Tourrean hiru aldiz nagusitu da Man Uhartekoa. GUILLAUME HORCAJUELO / EFE.
inigo lasa fresneda
2021eko uztailaren 6a
18:32
Entzun

Aurreko etapetan harrotutako su guztiaren arrastorik ere ez zen izan gaurkoan. Lehen aste ikusgarri bat eta estreinako atseden egunaren ostean, erritmo lasaixeago batekin ekin diote gaur txirrindulariek bigarren lehiaketa asteari. Orain arteko egunik lasaiena izan dute tropelean. Lasaitasunean ere, Mark Cavendish (Deceuninck) izan da azkarrena esprintean, eta Tourreko 33. garaipena zakuratudu. Eddy Mercx handiaren marka berdintzeko beste garaipen bat besterik ez du behar. Ez sinistekoa orain dela gutxi arte Man uharteko txirrindulariak zuen sasoia ikusita. 

Hugo Houlek (Astana) Tosh van der Sandek (Lotto)  osatu dute eguneko ihesaldia. Txirrindulari azkarrenentzako etapa polita zela jakitun, Patrick Lefevererenak tropel buruan izan dira lanean, Cavendishen mesedetan, alde egindako bi lagunen asmoak zapuzteko intentzioarekin. Tropelean patxadaz hartu dute eguna, baina aparteko arazorik gabe harrapatu dituzte bi iheslariak, helmugara iristeko 36 kilometroren faltan. 

Alaphilippe (Deceuninck) tropela banantzen saiatu da 30 kilometroren faltan. Haizea saihetsetik jotzen ari zela baliatuz, frantziarrak tropeleko erritmoa nabarmen bizitu du, esprinterako lehian aurkari batzuk atzean uzteko nahiarekin. Arrakastarik ez du izan Deceunincken saiakerak. Hamabost kilometrora, beste hainbat taldere laguntzarekin, berdina egiten saiatu dira, baita helburua lortu ere. Zuloak sortu dira tropelean, eta Omar Fraile (Astana), Ion Izagirre eta Alex Aranburu atzeko taldean geratu dira, etapa lehiatzeko aukerarik gabe.

Azken metroetan, ekitaldi honetan hirugarrengoz, Mark Cavendish gailendu da. Sekulako lana egin dute bere taldeekideek Man uhartekoari esprinta bideratzeko, eta horrek erremate bikaina eman dio. Wout van Aert (Jumbo) izan da bigarren, eta hirugarren, berriz, Jasper Philipsen (Alpecin). 

Sailkapen nagusiko ziklistek apenas eman dute aurpegia. Azken kilometroetako haize babeseetara arte ez dira agertu ere egin. Tadej Pogacarek (UAE) aise defendatu du maillot horia. UAEk ondo babestu dute gazte esloveniarra, tropelaren aurreko aldean eraman dute, ekitaldi honetan protagonistak izaten ari diren erorikoak ahalik eta gehien ekiditzeko asmoarekin. Denak berdin jarraitzen du oilarren artean.

Bihar, Mont Ventoux

Guztiz bestelakoa den ibilbide bati egin beharko diote aurre bihar txirrindulariek. Sourges eta Malaucene artean dauden 198,9 kilometroak osatu beharko dituzte. Ordekak alde batera utzi, eta lau mendate igo beharko dituzte, artean Mont Ventoux famatua, bi aldiz gainera. Sailkapen nagusia lehiatzeko asmoa dutenentzako eguna izatea espero da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.