Gola: 1-0: Susaetak (23. min.); 2-0: Herrerak (64. min.);3-0: Toquerok (78. min.);4-0: San Josek (88. min.) Epailea: Estrada Fernandez. Txartel horiak Athleticeko Iturraspe eta Muniaini, eta Albaceteko Rocha, Candela eta Castillori.Bestelakoak: 33.000 ikusle San Mamesen.
Athleticek ilusioa elikatzen jarraitzen du, eta atzo beste itxaropen koilarakada bat eman zien zaleei. Kanporaketen zozketak Espainiako Kopako finalarekin amets egiteko eskubidea eman zien San Mameseko elizatiarrei, eta jada irrikan daude Mallorca noiz etorriko. Hurrengo asteazkenean izango da, final-laurdenetako joaneko partidan, eta euren kutunek atzo bezala jokatzen badute, gertu izango dituzte finalerdiak. Izan ere, Albaceteren aurka Athleticek eraginkortasuna gehitu zion joko onari eta ekimenari. Lau gol izan ziren, baina gehiago izan zitezkeen. Hor zuen buruhaustea Marcelo Bielsak azken partidetan, ate aurrean, eta atzo ekuazioa argitu zuen, hegaletan zegoen bidea.
Athletic gehiago izan zen, eta merezita egin zuen aurrera, baina txalogarria izan zen, halaber, Albacetek eginiko lana. Maila txikiagoko taldea izan arren, oldarkor jokatu zuen, oso goian presionatuz. Iraizoz luze sakatzera behartu zuen, eta hamar aldiz harrapatu zuen Athletic jokoz kanpo. Baina ez zen nahikoa izan. Etxekoek zelai erdian inposatzea lortu zuten, eta bi hegaletatik sartuz min handia egin zuten. Muniain eta Susaeta izan ziren partidako onenak. Aurrenekoak baloia oinera pegatuta zuela, eta besteak zehatz erdiratuz.
Lehen hiru minutuetan bi gol aukera izan zituen Llorentek, baina biak kale egin zituen. Aurrelari garaiarekin Athletic askoz arriskutsuagoa da, erritmo falta nabaritu zitzaion arren. Etxekoak gehiago ziren, eta Susaetak atera zion fruitua aginteari 23. minutuan. Muniainek buruz buruko jokaldi bikaina egin zuen area ertzeko marrari paraleloki mugituz, eta lau jokalariren artean pasea eman zuen zulora. Bertan agertu zen Susaeta, baloia atezainaren gainetik goxo loratzeko. Albacetek aukera pare bat izan zituen atsedenaldiaren aurretik, baina ez zuen Iraizoz izutu.
Bigarren zatia erritmo bizian hasi zen. Albacetek gorago presionatu zuen, eta Susaetak aukera oso ona izan zuen hirugarren minutuan. Minutu erabakigarria, baina, ordu laurdenera iritsi zen. Aurtenetxek penaltia egin zion Calleri, elastikotik helduta. Hutsa marrazainarena izan zen, berak baitzuen ikuspunturik onena.Jokaldiaren jarraipenean Athleticek bigarrena sartu zuen. Eskuinetik jokaldi polita josi eta Muniainek aukera garbia huts egin zuen. Aldaratzea, baina, Herrerak jaso zuen eta bolea bikainez sareetara bidali zuen baloia.
Bigarren golak lehia erabaki zuen, eta Athleticek emaitza puztu zuen. Lehenbizi Toquerok, orpoz. Azti ibili zen hori baitzen gola sartzeko modu bakarra. Eta gero, San Josek, buruz, korner bat area txikian ondo baliatuta.
ATHLETIC 4. ALBACETE 0
Ekuazioa argitzen jakin du
Athleticek etekina atera dio baloi jabetza eta joko onari, eta Mallorcaren aurka jokatuko du Espainiako Kopako final-laurdenetanAlbacetek partida txalogarria jokatu du, oso goian presionatu eta ahalegin handia eginez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu