Bart hil da Elizabeth Hawley kazetari estatubatuarra, Himalaiako eta Everest mendiko kronista bezala ezagutu dena. 94 urterekin zendu da Katmanduko ospitalean, neumoniak jota.
Hawleyk 50 urte baino gehiago eman ditu Himalaiako gailurretara igotzen ziren espedizioetako mendizale eta xerpak elkarrizketatzen, eta igoera horien berri ematen. Denborarekin, Hawleyren idatziak gailurra egin izanaren berme bihurtu dira mendizaleen artean.
Jeevan Shrestha Nepalgo Turismo Ministerioko bozeramaileak gogorarazi duenez, Hawleyren elkarrizketa eta ikerketek hainbat iruzur eta gezurrezko balentria azaleratzeko balio izan dute. Horien artean, Oh Eun-Sun mendizale korearrarena. Eun-Sunek Kanchenjunga igo zuela ziurtatu zuen, eta, beraz, bera zela hamalau zortzi milakoak igo zituen lehen emakumea. Hawleyk mendizalea eta harekin joan ziren xerpak elkarrizketatu ondoren, baina, Eun-Sunen igoera "eztabaidan" zegoela idatzi zuen bere erregistroan. Azkenean, korearraren testigantzari balioa ukatu zion bere herrialdeko mendi federazioak. Ondorioz, Edurne Pasabani aitortu zitzaion hamalau zortzi milakoak igo dituen lehen emakumea izatearen ohorea.
Hawley Chicagon jaio zen (AEB), 1923an. 36 urterekin bidaiatu zuen lehenengoz Nepalera, eta bidaia hark goitik behera baldintzatu zuen haren bizitza. Himalaia hartu zuen bizileku, eta Reuters albiste agentziarentzat hasi zen lanean. 1963an, Everestera igo asmo zuen espedizio baten kontakizuna egin zuen, eta horrek areagotu egin zuen kazetariaren mendiarekiko lotura.
Mende erdiz mendizaleei elkarrizketak eginez, Himalaiako hainbat tontorri buruzko ezagutza pilatu zuen, igo ez bazituen ere.
Nepalgo Gobernuak haren lana aitortu du, eta Hawley izena ipini zion 6.182 metroko mendi bati, 2014an.
Hawleyri eginiko elkarrizketa argitaratu zuen BERRIAk, 2004ko urtarrilean.