Elkarrengandik urrun daude

Espainiako Jokalarien Elkartearen eta Liga Profesionalaren arteko laugarren bileran ere ez dute egin greba eteteko akordiorikBi aldeek gaur jarraituko dute hizketan, Lehen eta Bigarren Mailako bigarren jardunaldia joka dezaten

Donostia
2011ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
Lau bilera egin dituzte AFE Espainiako Jokalarien Elkarteak eta LFP Espainiako Liga Batzordeak, AFEk greba deialdia egin zuenetik —abuztuaren 11n—. Bilera asko, baina akordio gutxi. Desadostasuna hitzarmen kolektibo berri batean dago, hori nahi baitu jokalarien elkarteak. Ligak, ordea, ez du hitzarmena berriz ikusi nahi, dagoen bezala utzi nahi du.

Orduak aurrera doaz, eta jokalarien bigarren mehatxua gertuago dago, eta ezusteko akordioa egiten ez badute bi alderdiek, bigarren jardunaldia ere ez da jokatuko. Dagoeneko, lau bilera egin dituzte LFPren eta AFEren artean, AFEk abuztuaren 11n eginiko greba deialdiaren ondoren. Orduan, mehatxatu zuten lehen bi jardunaldiak ez zituztela jokatuko, hitzarmen kolektiboa aldatu artean. Jokalariek ez dute amore ematen, eta ez dute greba deialdia eteteko asmorik, beraien nahia lortu arte.

Lehen bi bilerak LFPren egoitzan izan ziren, Madrilen (Espainia). Hilaren 17an hasi ziren, eta orduan egin zuten orain artekobilerarik motzena, ordu eta erdikoa. Bertan, agerian utzi zituzten bien arteko desadostasunak, baina ez zuten inongo akordiorik lortu. Bigarrengoa joan den ostiralean egin zuten; gutxi gorabehera, hiru ordu iraun zuen. Bertan ere ez zuten akordiorik lortu, eta larunbaterako bilerara atzeratu zuten. AFEren egoitzen izan zen, larunbat goizean, Madrilen (Espainia). Hiru ordu iraun zuen bilera hark, eta orduan ere ez zuten akordiorik lortu, eta jokalariek sasoi osora luzatu zuten mehatxua.

Atzoko bilerak giroa lasaitzeko izan behar zuen, eta ziurrena akordiorik ez egitea zen. Hala izan zen, inork ez baitzuen amore eman, bi ordu eta erdi iraun zuen bileran. Hala eta guztiz ere, pozik agertu ziren LFPko arduradunak, akordio bat egiteko gero eta gertuago daudelakoan. Ez, ordea, AFEkoak. Horiek ez ziren ligakoak bezain baikor irten.

Bilera amaitu ostean, iritziak helarazteko unea iritsi zen. Luis Gil AFEko gerente eta bozeramailea izan zen lehena. «LFPk ezartzen dituen baldintzetatik urrun gaude, batez ere pasatako zorren inguruan, horiek ez dituzte ordaindu nahi», esan zuen. Jose Luis Astiazaran LFPko presidentea, ordea, baikorrago irten zen. «Proposamen ezberdinak aztertu eta argitu ditugu, eta biharko [gaurko] bileran gaur erantzunik jaso ez dituztenak aztertuko ditugu. Gure nahia hurrengo jardunaldia jokatzea da, jokalarien elkartearekin akordio bat egin ondoren». Francisco Catalan LFPko presidenteordea eta Levanteko presidenteak jokalarien elkartearen aurka jo zuen. «LFPk akordioa lortu nahi du, eta gure esku dagoen guztia egiten ari gara, ea gaur proposaturikoa onartzen duten eta horrela denboraldia asteburuan hasten den».

Jokalarien elkarteak Kirol Legea Konkurtso Legearen gainetik egotea nahi du. Hau 2004an aldatu zen, eta horrela taldeek Konkurtso Legean sartzeko aukera zuten, baina beti kirol alorrean ondoriorik jasan gabe. Aldatu aurretik egoera bestelakoa zen, taldeak sar zitezkeen Konkurtso Legean, baina mailaz jaisteko baldintzarekin. Garai horietan, taldeek gehiago kontrolatzen zituzten gastuak, eta ez zuten zutena baino diru gehiago xahutzen. Orain egoera bestelakoa da, eta taldeak dutena baino diru gehiago gastatzen hasi dira, jokalariei soldatak ordaindu gabe. Luis Rubiales AFEko presidenteak ez du hori onartu nahi. Izan ere, jokalari dezente daude soldata osorik kobratu gabe, edo zentimorik kobratu gabe, taldeek dirurik ez dutelako. Baina talde horiek jokalariak fitxatzen jarraitzen dute, horiei soldatak ziurtatu gabe, eta Ligak ez du ezer egiten. Egoera hori salatu nahi du Rubialesek, horrelako taldeei kirol alorrean zigortzea, mailaz jaitsiz.

Kaltetuak, futbola eta zaleak

Bai AFEk eta bai LFPk nahi dute akordioa lortu. Bi alderdiek biltzen jarraitzen dute, baina futbola eta zaleak dira gehien kaltetutako alderdiak. Izan ere, futbola ikuskizun bat da, eta hori egun hauetan bigarren maila batean dagoela dirudi. Bien arteko ika-mikari garrantzi handiagoa ematen ari zaie, benetan garrantzi handiena duena alboratuz: Liga. Zaleek ikuskizun hori ikusi nahi dute, bai telebistaz, baita zuzenean ere, baina ez dute horretarako aukerarik, grebak bere horretan jarraitzen duen bitartean. Gainera, jokalariek sasoi osorako mehatxua luzatu dute. Horrez gain, LFPk aurten ezarritako neurrietako bat da irratiek lizentzia bat ordaindu beharko dutela futbol partidak emateko. Beraz, zaleei aukera gutxiago eskaintzen zaizkie munduko kirol nagusiena jarraitzeko. Irratiak ez daude prest ikuskizun bat emateko ordaintzera.

Gaur, 16:00etan, beste bilera bat izango dute, baina kasu honetan AFEren egoitzan. Bien helburua sasoiko bigarren jardunaldiko greba mehatxua etetea izango da, futbol sasoia ahalik eta azkarren has dadin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.